Bilboko portuko enpresa kimiko batean (ASK Chemicals) eztanda handi bat izan da 17:10 aldera. Haren ondorioz, bost langile zauritu dira, eta horietariko bi larri daude. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, magnesio hautsa gordetzen den biltegi batean garbiketa lanean zebiltzan eztanda gertatu denean.
Suhiltzaileak, anbulantziak, Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu dira. Europa Press agentziari baieztatu diote ez dela suterik sortu, eta, beraz, ez dago horren arriskurik. 18:15erako egoera kontrolpean zegoen, eta suhiltzaileek lantokitik alde egin dute.
Zauritutako bost langileak ospitalera eraman dituzte anbulantzian. Haietako hiruk erredura arinak dituzte eskuetan, baina beste bik zauri larriagoak dituzte.