EH Bilduk «bakearen ekonomia» sustatzea proposatuko dio Eusko Legebiltzarrari

Koalizio subiranistak ekonomiari eta industriari lotutako hainbat proposamen aurkeztuko ditu asteazkenean egingo duten osoko bilkura monografikoan. Industria militarraren aurkako ebazpena izango da horietako bat.

Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2025eko ekainaren 2a
13:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Datorren asteazkenean, osoko bilkura monografikoa egingo dute Eusko Legebiltzarrean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eredu sozioekonomikoaz eztabaidatzeko. EH Bilduk sustatu du bilkura hori, eta  hainbat ebazpen proposatuko ditu, industria ereduari eta ekonomia ereduari lotutakoak. Pello Otxandiano bozeramaileak aurkeztuko ditu, eta horietako bat «bakearen ekonomia» sustatzearen aldekoa izango da, BERRIAk jakin duenez. Edo, bestela esanda: «Gerra ekonomia arbuiatzekoa».

EH Bilduren arabera, azken bi hamarkadetan Europako elite politiko eta ekonomikoek austeritatea eta «keynesianismo berdea» hartu izan dituzte ardatz gisara, eta, orain, berriz, «keynesianismo militarra» sustatu nahi dute, «armagintzaren aldeko apustu erraldoia» oinarritzat hartuta. Hori dela eta, koalizio subiranistak Eusko Legebiltzarrari eskatuko dio onartu dezala adierazpen bat, zeinak esaten duen «gastu militarraren hazkundea giza garapen iraunkorreko edozelako ereduen kontrakoa» dela.

Izan ere, EH Bilduk uste du gastu militarra handitzeak, beste mundu gerra bat abiarazteko arriskua areagotzeaz gain —«armak ekoizten badira, erabili edo saldu egingo dira»—, «galgatu» egiten duela «klima larrialdiak eskatzen duen berehalako eraldaketa sozioproduktiboa», eta «kalte» egiten diola Europako Batasunaren autonomia estrategikoari, besteak beste, AEBei armak erostea ekarriko luke eta.

«Aitzitik, Europak proiektu politiko bat osatu behar du, eta, autonomia estrategikoa oinarri, mundu multipolar berri honetan mugitzen ikasi bere interesen defentsan. Horretarako, inteligentzia politikoa eta diplomatikoa behar ditu», dio EH Bilduren ebazpenak. Halaber, koalizio subiranistak uste du «Europaren segurtasuna auzitan jar dezaketen arrisku faktoreen ebaluazio ekuanimea» egin behar dela. Horien artean daude, besteak beste, sistema energetikoa, teknologia, klima eta osasuna.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.