Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.500 nekazaritza ustiategitan, titularrak erretiroa hartzeko adinetik gertu daude, eta horietatik 750ek ez dute etorkizuna bermaturik, oraindik ez baitakite nork eutsiko dion lemari jabeek erretiroa hartu eta gero. Errelebo falta arazo larria da nekazaritzan, eta, horregatik, hiru herrialdeetako foru aldundiek bitartekaritza bulego bat jarri dute abian, nekazaritzan aritu nahi duten gazteei bidea erraztu eta belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzeko asmoz.
Zerbitzua urte hasieratik dago indarrean, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek sustatutako Belaunaldi Erreleborako Estrategia Partekatuan agertzen diren neurrietako bat da. Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu duenez, neurriak ez dakar erakunde berriak sortzea, ezpada «baliabideak berrantolatzea, ustiapena laga nahi dutenei nahiz sektorean sartu nahi dutenei laguntza teknikoa eta juridikoa eskaintzeko».
Ustiategia osorik edo zati batean utzi nahi duten jabeekin zein sektorean sartu nahi duten 18 eta 49 urte bitarteko lagunekin lan egiten dute bulegoan. Zerbitzuak jarduera utzi nahi duten nekazarien informazioa biltzen du, ustiategien bideragarritasun teknikoa aztertzen du, bitartekari lanak egiten ditu jabeen eta etorkizuneko nekazarien artean «modu neutral eta konfidentzialean», eta aholkularitza juridikoa, teknikoa eta fiskala ematen die alde biei.
Aldundiek nabarmendu dute abian jarritakoa ez dela «lehia prozedura bat», bitartekaritza sistema publiko bat baizik. Horren bidez, bideragarriak diren ustiategiek aurrera egin dezatela lortu nahi dute, «trantsizio ordenatuak erraztuz, jarduera utzi nahi dutenei lagunduz eta landa eremuko profesionalen belaunaldi berriari benetako aukerak irekiz».