Arabako eta Bizkaiko diputazioek buelta eman diote zerga bilketan izandako jaitsierei. Herenegun Arabakoak esan zuen. Atzo, Bizkaikoak: 6.103,5 milioi euro bildu zituen iaz zergetan, 2009an baino ia 500 milioi euro gehiago, %8,7ko hazkundea. Alde handia dago, Bizkaiko Diputazioak2009an 2008an baino 1.055 milioi euro gutxiago bildu baitzituen.
Bai Arabako kasuan, bai Bizkaikoan, zeharkako zergek eragin dute igoeraren zati nagusia, hau da, balio erantsiaren gaineko zergak (BEZ) eta zerga bereziek (erregaia, tabakoa eta alkohola). Zeharkako zergen bidez espero baino 550 milioi euro bildu dituzte. Izan ere, Espainiako Gobernuak BEZa %21etik %23ra igo zuen uztailean. Aldiz, zerga zuzenen bidez 2009an baino 68 milioi euro gutxiago bildu ditu Bizkaiak.
Diputazioak espero baino %3,6 gehiago bildu du, eta hori albiste ona da udalentzat, haiek ere diru gehiago jasoko baitute diputaziotik.
Arabak urrian Finantzen Euskal Kontseiluan finkatutako kopurua baino 11 milioi euro gutxiago bildu ditu; Bizkaiak, berriz, 83 milioi euro gutxiago.
Olano: «Ikuspegi baikorra»
Gipuzkoako Diputazioak oraindik ez du zerga urtearen itxierari buruzko daturik eman. Dena den, abenduan iragarritakoa baino hobea izango da, BEZari esker batez ere. Hala esan zuen Pello Gonzalezek Ogasun diputatuak, atzo, krisiaren kontrako planaren aurkezpenean. Abenduan jakinarazitako datuen arabera, zerga bilketa %7,6 hobetu zen Gipuzkoan azarora arte. Hala ere, BEZaren bidez 2009an baino gutxiago bildu zuten.
Aurten ekonomiaren bilakaerari buruzko «ikuspegi baikorra» dutela esan zuen atzo Markel Olano diputatu nagusiak, iazko urte amaierako datuetan oinarrituta: industria produkzioa %1,8 hazi zen urritik azarora, esportazioak %13,5 urtebetean eta salmentak %4 2009ko azarotik iazko azarora.
Bizkaiko Diputazioak 2009an baino %8,7 gehiago bildu du zergetan
Gipuzkoak iazko urte amaieran espero baino diru gehiago jasoko du eta ezarritako helburuak beteko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu