Espainiako poliziak Bizkaiko enpresari bat atxilotu du langileak egun osoz lan egitera behartzeagatik. Zamudioko (Bizkaia) industrialde batean, pabiloi bateko beharginek 26 orduko lan jarduna izaten zuten tarteka, goizeko zazpietan hasi eta hurrengo eguneko goizeko bederatziak arte. Abuztuaren 17an atxilotu zuten enpresaren arduraduna, baina gaur eman dute jakitera.
Poliziaren arabera, langileek jarri zuten salaketa egun batzuk lehenago; azaldu zuten askok bizileku baimenik ez zutela eta kontraturik gabe lan egiten zutela, orduko bost euroko soldata baten truke. Salatu zuten, halaber, lan istripu bat izan eta mediku baten arta jaso behar izaten zutenean, enpresaren izenik ez aipatzeko eskatzen ziela nagusiak. Eta, noizbehinka, «maratoiak» egitera behartzen zituela, hau da, 26 orduz orduz lan egitera; ordubete izaten zuten bazkaltzeko, eta gau osoa enpresaren instalazioetan itxita ematen zuten.
Enpresaren arduraduna aske geratu da poliziaren aurrean deklaratu ostean, baina auzia daraman epailearen aurrean aurkeztu beharko du. Langileen eskubideen aurkako delitua egitea egotzi diote, eta 70.000 euro baino gehiagoko isuna jarri diote lan eta gizarte segurantza arloko legedia urratzeagatik.