«Funtsezkoak izan ginen, eta orain ikusezinak izan gaitezen nahi dute». Horixe bera aurpegiratu diote Bizkaiko eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek ASPEL eta ASELBI patronalei. Urtebeteko negoziazioen ostean, orain arte lortutako lan eskubideak murriztu nahian jarraitzea leporatu diete enpresarien erakundeei sektore horretako beharginek. Abenduaren 17an bezala, greba egin dute gaur garbitzaileek, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Eta bihar beste horrenbeste egingo dute. Hala ere, ez dute baztertzen lanuzte gehiago antolatzea, «patronalek negoziazio mahaian duten jarrera aldatzen ez badute».
«Antzinatasunaren eta laneko bajaren osagarriak murriztu nahi dituzte, eta ez gaude horiek galtzeko prest. Guretzat ezinbestekoak dira», gaitzetsi dute ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek, goizean Bilbon egindako protesta hasi baino lehen. Garbitzaileek manifestazioa egin dute gaur, Sabin Etxea eta Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioaren egoitzaren artean; eta zera adierazi: «Abenduaren 17an greba egin ondoren, Bizkaiko garbitzaileok kalera atera gara berriro, patronalak gure hitzarmenaren negoziazioan eragiten ari diren blokeoaz nekatuta».
«Enpresek Bizkaiko garbiketako langileen bizi kalitatearen aurretik jartzen dituzte diru sarrerak. Gainera, uko egiten diote sektorean ditugun eskaerei erantzuteari»
ANA RODRIGUEZ ELAko ordezkaria
Urtebeteren ondoren, oraindik ere «negoziazioa baldintzatzen» ari direla aurpegiratu diete ASELBI eta ASPEL patronalei. Garbitzaileek «orain arte lortutako lan eskubideetan murrizketak onartzea» izango litzateke enpresarien elkarteen helburua, ELAren eta LABen iritziz. Besteak beste, antzinatasunaren eta laneko bajaren osagarriak.
Ana Rodriguez ELAko ordezkariak gogorarazi du sektoreko patronalak «irabazi handiak» dituzten enpresek osatzen dituztela, hala nola ISS, Serveo, Eulen eta FCC enpresek. «Horiek denek Bizkaiko garbiketako langileen bizi kalitatearen aurretik jartzen dituzte diru sarrerak. Gainera, uko egiten diote sektorean ditugun eskaerei erantzuteari». Beste hobekuntza batzuen artean, zera eskatu dute beharginek: lanaldi oso bat lortzen lagunduko lukeen lanpostu hutsen sistema bat, eta urteko 22.500 euro bermatutako lituzkeen soldata igoera.
«Patronalek uko egin diote soldata igoera onartzeari. Erabaki hori bat dator Eusko Jaurlaritzak urteko 21.000 euro bermatuko lituzkeen gutxieneko soldata negoziatzeari uko egitearekin»
OLAIA BILBAO LABeko ordezkaria
«Ezin gara astean hiru orduko lanaldiekin eta urtean 18.000 euroko soldatekin bizi», deitoratu du Olaia Bilbao LABeko ordezkariak. Izan ere, patronalek uko egin diote soldata igoera onartzeari. Sindikatuen ustez, erabaki hori «bat dator» Eusko Jaurlaritzak urteko 21.000 euro bermatuko lituzkeen gutxieneko soldata negoziatzeari uko egitearekin. «Zoritxarrez, gurea bezalako sektore feminizatuek jasaten dituzte erabaki horien ondorioak», kexatu dira. Hori dela eta, ELAk eta LABek martxoaren 17an deitutako greba orokorrarekin bat egitera deitu dituzte sektore horietako langileak.
Biharko mobilizazioak
Bizkaiko eraikinetako eta lokaletako garbitzaileen sektorea 11.000 langile inguruk osatzen dute. Horiek guztiak biharko greba egunarekin bat egitera deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek. Horrekin batera, hainbat mobilizazio egingo dituzte bihar bertan: batetik, 10:00etan, piketeak lanuzteen berri ematen ibiliko dira Portugaleteko Ballonti eta Barakaldoko Max Center merkataritza zentroetan. 12:00etan, berriz, Barakaldoko Herriko Plazan elkartuko dira, ISS enpresara arteko martxa egiteko. Azkenik, 16:00etan, Eulen enpresak Deustun (Bilbo) daukan egoitzaren aurrean egingo dute elkarretaratzea.