Bizkaiko industriaren aldarteak okerrera egin du urteko lehen seihilekoan, baina lurraldeko enpresak baikor dira aurrera begira. Oro har, produkzioari eta salmentei eutsi egin diete urteko lehen seihilekoan, baina gero eta zailtasun handiagoak antzeman dituzte merkatuetan: esportazioek indarra galdu dute, eta eskaera zorroak txikitu egin dira, bereziki nazioarteko ziurgabetasuna dela eta. Hala ere, urtearen bigarren zatira begira, hamar enpresatik zortzik baino gehiagok uste dute beren egoerak hobera egingo duela.
Bilboko Merkataritza Ganberak Bizkaiko industria enpresen artean egindako inkestaren arabera, 2026ko lehen seihilekoan %65ek eutsi egin diote ekoizpenari edo handitu egin dute; 2025aren amaieran, %74k esan zuten hori. Bereziki esportazioetan sumatu dute motelaldia: enpresen %13k baino ez dituzte handitu kanpoko salmentak, eta %27k adierazi dute gutxitu egin direla.
Merkatuaren hozte hori argiago ikusten da eskaera zorroetan. Gaur egun, ohi baino lan gutxiago dutela diote enpresen %35ek; urte amaieran baino zazpi puntu gehiago da hori. Ganberaren arabera, batez beste hiru hilabeteko jarduera bermatzen dute zorro horiek. Enpresek barne eskariaren ahuleziarekin eta langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasunekin lotu dute egoera hori, batez ere.
Dena den, enpresen %29k esan dute negozio zifra handitu dutela, eta %21ek inbertsioak areagotu dituztela.
Nazioartera begira
Testuingurua ezegonkorra izan arren, enpresak baikor dira. Inkestan parte hartu duten enpresen %84k uste dute datozen sei hilabeteetan ekoizpena egonkor egongo dela edo handituko dutela. Eskaera zorroak eta salmentek ere hobera egingo dutela espero dute askok, eta, enpleguari dagokionez, egonkortasuna da nagusi: %80k baino gehiagok dute lantaldeari bere horretan eusteko asmoa, %10ek handitzekoa eta soilik %9k murriztekoa.
Ziurgabetasun geopolitikoak eragindako kezkak, ordea, ez dira baretu. Inkestan parte hartu duten enpresen %72ren ustez, AEBen eta Iranen arteko gerrak txarrerako eragin die beren jarduerei. Ondoriorik nabarmenenak lehengaien eta osagaien kostuetan, energiaren prezioetan eta logistikan sumatu dituzte. Egoera luzatuz gero, enpresen herenek aztertu egingo dute gainkostu horiek azken preziora eraman edo ez; beste %38k, berriz, ez du neurri berezirik hartzeko asmorik oraingoz.
Bilboko Merkataritza Ganberaren iritziz, Bizkaiko industriak «erresilientzia handia» erakutsi du gaur egungo testuinguru ekonomiko eta geopolitiko «korapilatsuan». Hala, aurreikusi du Bizkaiko ekonomia %1,9 handituko dela aurten. Hazkundea «apala» izango dela aitortu du, baina nabarmendu eurogunerako espero denaren (%0,8) gainetik dagoela.