Abenduaren 23 eta 24ko greba deialdiak bezalaxe, biharkoa ere bertan behera utzi dute ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk. Hala, beherapenetako lehen egunean, normaltasunez egin ahal izango dira erosketak Bizkaiko saltokietan. Cecobi patronalak negoziazioetan aurrera pausoak emateko konpromisoa hartu duela esan dute sindikatuek, eta hizketan jarraitu ahal izateko erabaki dutela deialdia ezeztatzea.
Merkataritzasektoreko sei hitzarmen ari dira negoziatzen: elikagaiena, ehungintzakoa, altzariena, metalarena, larru eta oinetakoena eta merkataritza orokorrekoa. Azken horretan «aurrerapauso handiak» egon direla adierazi dute ELAko ordezkariek, eta gainerakoetan negoziazioek «irekita» jarraitzen dutela.
Azken unera arte aritu dira sokari tiraka langileen ordezkariak nahiz Cecobi.Arratsaldean, merkatariei azken eskaintza egin zietelajakinarazi zuten sindikatuek, eta ez zutela atzera egingo. KPI+%0,5eko soldata igoera eskatu zuten lan hitzarmena berritu gabe egondako urte bakoitzeko.
Cecobiren arabera, kontzeptu guztiak kontuan hartuta, igoera hori baino askoz handiagoa den proposamena egin du patronalak. «Akitu arte negoziatu dugu, sektoreak ezin du hori baino eskaintza hoberik egin», adierazi du Cecobik. Haren arabera, mahaian langileek eros ahalmena mantentzearen alde egin du. Era berean, ahalik eta lanpostu gehienei eusteko «sekulako ahaleginak» ari direla egiten enpresaburuak nabarmendu du. 15.000 pertsona inguruk egiten dute lan merkataritza sektorean.
Araban, deialdia indarrean
Araban ere grebara deituta daude sektoreko langileak biharko. Bizkaian ez bezala, ez dute akordiorik lortu Unimoda patronalarekin, eta eutsi egiten diote deialdiari. Hainbat enpresetako langile batzordeek egin dute bat dagoeneko, besteak beste, Pull&Bear, Maximo Dutti, Breshka, Gables eta Oyshokoek.KPI+%1,25eko soldata igoera, izatezko bikoteek ezkonduen eskubide berberak izatea eta uztaileko azken bi larunbatetan saltokiak arratsaldez ixteko eskatzen dute.Patronalak egindako azken eskaintza KPI adinako soldata igoera da.
Bizkaiko merkataritzako greba, bertan behera
Patronalak negoziazioetan aurrera pausoak emateko konpromisoa erakutsi duela diote sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu