Bizkaiko metalgintzako lan itunaren negoziazio prozesua hasiko da bihar. Lau sindikatuak eta FVEM patronala elkartuko dira negoziazio mahaia osatu eta lehen bileren egutegia ezartzeko. 57.000 langileren lan baldintzen oinarriak arautzen ditu itunak, eta, ondorioz, langile kopururik handienari eragiten dion Euskal Herriko lan hitzarmena da. Azken bi aldietan CCOO, UGT eta LAB sindikatu hirukoarekin berritu da lan ituna, eta, ordezkaritza portzentajeak askorik aldatu ez direnez, berriz ere sindikatu abertzalea da korapiloa askatzeko gakoa. FVEM patronala, berriz, hilabeteak daramatza esaten sektorea ez dagoela bere onenean.
Duela bi urte sinaturiko hitzarmena urte amaieran iraungiko da. Lehenago berritzen ez bada, egungo lan hitzarmenak jarraituko du indarrean urte berrian. Ultraaktibitate klausula deitzen zaio babes horri. Indarrean jarraitu bai, baina berritu ez, eta, ondorioz, besteak beste, ez dira aplikatzen KPIaren araberako soldata eguneraketak. Negoziazioa luzatzen bada, eta ez litzateke harritzekoa —aurrekoa hitzartzeko hamahiru hilabete behar izan zituzten, eta hainbat greba deialdi izan ziren—, akordioak bere barnean hartzen ditu hilabete horietan aplikatu gabeko soldata igoerak. Aurrekoan %15eko soldata eguneraketa adostu zuten 2022-2025eko eperako.
2022an hau zen sindikatuen ordezkaritzaren banaketa Bizkaiko metalgintzan:Â ELAk %40 zuen; CCOOk, %25; LABek, %21,5, eta UGTk, %13. Aurtengo ez da aldaketa nabarmenik espero
Eta zein da jokalekua? Bada, ELAk du oraindik ere ordezkaritzarik handiena, baina ez du akordioa bakarrik lortzeko moduko indarrik. 2022ko negoziazio mahaiko ordezkaritza horrela banatu zen: ELAk %40ko ordezkaritza zuen; CCOOk, %25ekoa; LABek,%21,5ekoa, eta UGTk, %13koa. Gaur ezagutaraziko dituzte portzentaje berriak, baina ez da aldaketa handirik espero, ez behintzat indar banaketa aldatzeko modukorik. Â
UGT eta CCOO eskutik ibiltzea ohikoa izan da aurreko negoziazioetan. CCOOk uste du egungo akordioa ona dela, baina baldintzak «berritu» behar direla, eta «beste eskubide batzuk» lortu. ELAk, berriz, ez ditu aurreko itunak sinatu, baldintzak nahikoak ez direla argudiatuz, eta beti salatu izan du beste sindikatuek ez dutela borroka luzatu nahi izan. Horiek hala, LABek du akordioa egiteko orduan pisurik handiena, eta, horren jakitun, agerraldi publiko bat egin zuen iragan astean bere jarreraren berri emateko.

Iratxe Azkue Bizkaiko Industria Federazioko arduradunak diskurtso eraikitzailea egin zuen, eta arduraz jokatzeko eskatu zien alde guztiei. Elkarrizketen tonua markatu nahi izan zuen, eta aurreratu zuen ez diotela uko egingo, esaterako, aldi baterako laneko enpresen erabilera mugatzeko eskaera historikoari. Halaber, adierazi zuen gatazkarako prest ere badaudela.
Eta patronala?
ELA-LAB bikoaren eta patronalaren arteko harremanak ez daude bere onenean. Gutxieneko soldata propioaren auziak giroa gaiztotu du, eta Confebask salatu dute EAEko Auzitegi Nagusian. Gogoratzekoa da Tamara Yague egungo Confebaskeko presidentea aurretik FVEMeko presidente izan zela, eta agerikoa da bi enpresari elkarteen arteko zilbor heste bat badela. Ikusi beharko da tentsio horrek negoziazioak zipriztintzen dituen. Hori bai, esan gabe doa, Bizkaiko metalgintzak ezartzen dituen soldatarik txikienak gutxieneko soldata baino hobeak direla.
FVEMen, baina, pisu handia dute autogintzarekin harreman zuzena duten enpresek —estanpazioa, siderurgia, piezen ekoizpena…—, eta haren krisiak negoziazioak uzkurtu ditzake. Esportazioen txakalaldia ere ezaguna da, eta, gainera, ikusi beharko da enpresariek absentismoaren aurkako neurriak sartu nahi dituzten ala ez. Azken barne inkestetan, gai horrek sortu die enpresariei kezkarik handiena, eta, haien arabera, %9,48ko absentismoa dute sektorean. Beraz, asko katramilatu daitezke negoziazioak.
Petronorren epaiketa, ostegunean
Petronorreko langile batzordeak enpresaren aurka jarritako salaketaren epaiketa ostegun goizean izango da, Bilbon. Aurreko deialdia atzeratu egin zen epaileak enpresaren azken eskaintza bozkatzera behartu zituelako langileak. Ez zutenez onartu, etzi itzuliko dira gizarte arloko epaitegiko saletako batera. Muskizko (Bizkaia) findegiko langileek enpresari egozten diote lan baldintzen aldaketa sakon bat egin izana batzordearekin adostu gabe, eta bi hilabete daramatzate greban protesta gisa. Oinarrian dago enpresak lanorduetatik kanpo utzi duela langileek arropa eta babesteko ekipamendua janzteko duten ordu erdia, eta ez dute bidezkotzat jotzen. Batzordea eta zuzendaritza gaur dira biltzekoak berriz, eta langileek beste eskaintza bat eramango dute. Akordioa balego, epaiketa eragotz daiteke.