Bizum dendetan erosteko erabili ahal izango da maiatzetik aurrera

Europako telefono bidezko ordainketa sistemak bateragarriak izango dira hilabete batzuk barru, eta horrela posible izango da Hego eta Ipar Euskal Herriko erabiltzaileen artean ordainketak egitea.

Bankuen Bizum aplikazioak, telefono batean. BERRIA
Bankuen Bizum aplikazioak, telefono batean. BERRIA
Iker Aranburu.
2026ko apirilaren 7a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lagunarteko afarien amaierako ohiko irudia bihurtu da. Batek ontzi zikinak garbitu eta beste batek mahai gainean geratu diren apurrak biltzen dituen bitartean, besteek sakelako telefonoari heltzen diote. Baina oraingoan ez dira azken berriak irakurtzeko, bideo txoroak ikusteko edo familiari «20 minutu barru, etxean» idazteko, baizik eta otorduaren zorrak kitatzeko. Hego Euskal Herrian Bizumen bitartez egiten da ekintza hori, baina maiatzetik aurrera aplikazio hori erabili ahal izango dute afariko ogia, txerri txuletak eta gazta erosteko ere. 

Bizum 2016. urtean sortu zuten Espainiako sistemako bankuek, bezeroen arteko ordainketa pribatuak bizkor eta aise egiteko. Banku bakoitzak bere aplikazio propioa dauka, baina denak elkarren artean osagarriak dira. 

Beste urrats batean, erosketa elektroniko batzuetarako ere erabiltzeko aukera eman zuen, eta hor ere lekua egiten ari da: 2025 amaieran 100.000 establezimenduk onartzen zuten Internet bidezko ordainketak egiteko, eta egunean 290.000 operazio egin zituen urte horretan. Baina pauso handiagoa emango du orain, denda fisikoetan ere erabiltzeko aukera jarriko baitute. Horrela, lehia zuzena egingo die orain arte Europa osoan merkatu hori gobernatzen duten AEBetako bi konpainiei, Visari eta Mastercardi. 

Nola funtzionatuko du?

Sakelako telefonoaren bitartez. Orain arteko aplikazioei beste bat batu beharko diote erabiltzaileek, Bizum Pay izenekoa. Aplikazio horrek lotura zuzena izango du herritarraren bankuko kontuarekin, eta hortik irtengo da dirua ordainketa egiteko. Txartela atera beharrean, erosleak bere telefonoa hurbildu beharko du dendariaren terminalera, NFC teknologiaren bitartez, eta, PIN kodea markatu beharrik gabe, dirua automatikoki kontu batetik bestera igaroko da. Sistemak Internet gabe ere funtziona dezake.

Txartelak desagertuko dira?

Ez nahitaez, baina litekeena da haien erabilera asko txikitzea, baldin eta sistemak ongi funtzionatzen badu eta herritarrek eta dendariek bere egiten badute. 

Zer kostu izango du?

Bezeroentzat doan izango da. Orain arte moduan, produktuaren labelean jartzen duen prezioa ordainduko dute bezeroek, ez gehiago ez gutxiago. Sisteman parte hartzen duen dendak ordainduko du operazio bakoitzaren kostua. Bizumek azaldu duenez, banku bakoitzak erabakiko du zenbateko kostua kobratuko duen, baina pentsatzekoa da gaur egun Visak eta Mastercardek eskatzen dutena baino gutxiago izango dela, beren produktua erakargarria izateko.

bizum i
Bizum eta Italiako Bancomat sistemen bateragarritasunari buruzko jardunaldi bat, iragan astean, Erroman, MARIANA LOPEZ ALBA / EFE 

Hori gertatuz gero, litekeena da Visak eta Mastercardek ere beren tarifak jaistea edo beste zerbait eskaintzea bezeroei eusteko. Gaur egun haiek ez dizkiete beren bezeroei tarifa berak ezartzen; komisio handiagoak ordaindu behar dituzte dendari txikiek —euro batekoak, batzuetan—, haien negoziatzeko aukera apalagoa delako supermerkatu kate handiek edo arroparen multinazionalek dutena baino. Horregatik, dendari batzuek ez dute txartelik onartzen, edo soilik kopuru jakin batetik gorako ordainketetarako. 

Nork aterako du etekina?

Bizum darabilten bankuentzat diru iturri handia izango da, orain arte haien eta bezeroen artean zegoen bitartekaria (Visa eta Mastercard, nagusiki) ekuaziotik aterako delako, eta, hortaz, dendak hari zuzenean pagatu beharko diolako. Gainera, operazioak ugaritu ahala, gehiago jakin ahal izango dute haien bezeroen ohiturei buruz, eta bestelako produktuak eskaintzeko aukera emango die.

Saltokiek ere onura atera ahal izango dute komisio txikiagoa ordaindu behar badiote bitartekariari.

Ipar Euskal Herrian, zer?

Bizum ez da ordainketa elektronikoetarako sortu den aukera bakarra. Italian Bancomat erabiltzen dute, eta MB Way, berriz, Portugalen. Bi horiekin tratuak egin ditu dagoeneko Bizumek, eta gaur egun posible da Hego Euskal Herriko banku bateko kontutik ordainketak egitea herrialde horretan dituztenekin. Ipar Euskal Herrira, ordea, ez —han Wero da gehien erabiltzen dena, Frantziako, Alemaniako eta Belgikako bankuen aplikazio bat—, baina gauzak aurki aldatuko dira.

Izan ere, Europako Batasun osoko sistemak batzea da asmoa, eta horretarako akordioa egin zuten otsailean Bizumek, Werok, Bancomatek, Norvegiako Vipps Mobile Payk eta beste batzuek. Haien epeak betez gero, aurten bertan mugaz gaindiko operazioak egin ahal izango direla espero dute, eta 2027an iritsiko dela erosketak egiteko aukera.

Herritar bakoitzak orain arteko aplikazioari eutsi ahal izango dio. Hau da, Irungo adiskide batek Hendaiakoari Bizum erabiliz bidali ahal izango diola dirua, eta Donibane Garaziko batek Wero erabili ahal izango duela Iruñeko denda batean. 

Finantza subiranotasunerako urrats bat ere izango da, Visaren eta Mastercarden menpe ez egoteko tresna bat. Are gehiago, Donald Trumpek eta haren politika oldarkorrak bultzada eman dio proiektuari, bankuek ezinbestekoa ikusi zutelako haren erabaki arbitrarioetatik ihes egiteko modu bat, eta ordura arte zituzten desadostasun teknikoak gainditzen lagundu die. Guztia, Europako Banku Zentralaren bedeinkapenarekin.

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA