Gaurtik aurrera, Bilbon dagoen orok aukera izango du leku batetik bestera Bolt bidez mugitzeko. Hala jakinarazi du gaur enpresa horrek, Europako garraio plataforma nagusiak. Ibilgailu gidaridunen zerbitzua emango du Bizkaiko hiriburuan. Autoen %100 elektrikoak izango dira, eta eskuko telefonoaren bidez eskatu ahal izango da zerbitzua, aplikazioa erabilita.
Komunikatu batean eman dute berria, eta adierazi dute «emisioak txikitzen laguntzea» dela Bolten helburua, eta «erabiltzaile guztien esku egongo den mugikortasun eredu baterantz egitea». Gaineratu dute enpresa txiki eta ertainekin eta autonomoekin lankidetzan aritzeko asmoa dutela, eta zerbitzuak aukera berriak sortuko dituela enpresentzat eta profesionalentzat.
Bolten arabera, turismoa gora egiten ari den honetan garrantzitsua da atzerritik datozen horietara ohitzea: «Nazioarteko milioika turista ohituta daude eguneroko joan-etorrietarako horrelako aplikazioak erabiltzera». Alde horretatik, beharrezkoa iruditzen zaio enpresak agintariekin hartu-emanean aritzea, eta zenbait arau ezartzea zerbitzu hori ematen duten operadoreen arteko bizikidetza lortzeko.
Boltek ez ezik, Uberrek ere ematen du ibilgailu gidaridunen garraio zerbitzua Bilbon. 2019an jarri zuten martxan. Orduan, lehia bidegabea zela salatu zuten taxi gidariek, eta iritzi zioten aplikazio horren sarrera galbidea izango zela taxi gidarientzat.