Borrokarako dei beroak giro goibel batean

ELAk konfrontazio politikoa eskatu du Maiatzaren Lehenean. LABek «lana, zaintza eta aberastasuna» banatzea aldarrikatu du, eta lehen aldiz, Baionako intersindikalaren atea ireki diote.

Maiatzaren Lehena eta sindikatuaren 50. urteurrena batera ospatu ditu LABek, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. IÑIGO URIZ / FOKU
Maiatzaren Lehena eta sindikatuaren 50. urteurrena batera ospatu ditu LABek, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. IÑIGO URIZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi - Ion Orzaiz - Ekhi Erremundegi Beloki - Aitor Biain - Iker Aranburu
2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

Euriak, giro goibelak eta eguraldi goibelak ez ditu eten Maiatzaren Leheneko ekitaldiak, eta milaka lagun kalera atera dira Euskal Herrian, langilearen nazioarteko eguna ospatzeko. Aurreko urteetako ildotik joan dira protestak Hegoaldean: ELA eta LAB bakoitza bere aldetik, eta beren agendetan agertzen diren gaiak nabarmenduz. Ohi bezala, CCOO eta UGT batera mobilizatu dira, eta sindikatu txikiak ere elkarrekin atera dira. Berritasuna Ipar Euskal Herrian gertatu da, mobilizazio bateratuaren atea ireki baitiote LABi.

ELA

Kutsu politikoko mezua

ELAk karga politiko handiko mezua zabaldu du Maiatzaren Lehenean, Bilbon eta Iruñean ‘Antolatu, borrokatu, irabazi’ lelopean egindako manifestazioetan. Zuzendaritzako kide gehienak Bilbokoan atera ziren, eta haien atzetik, ohi bezala, sindikatuak irekita dauzkan lan gatazketan inplikaturiko langileak joan ziren, bakoitza bere pankartarekin. Jendetza bildu zen Bilbokoan, azken urteetako Maiatzaren Leheneko manifestazioetan adina, eta ibilbideari ekin aurretik entzun zituzten Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren hitzak. Zuzenean mintzatu zitzaion EAJren eta PSEren arteko egunotako negoziazioetatik osatuko den Eusko Jaurlaritza berriari: «Lehendakari, gatazka soziala eta laborala irekita dago. Norabide aldaketa behar da, orain arte egin ez dena egiteko».

maiatzaren lehena
ELAko zuzendaritzako kideak, Bilboko manifestazioaren lehen lerroan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Lakuntzak «bestelako politika baten» beharra exijitu zien Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. «Publikoaren alde egin behar dugu: hasteko, inbertsio publikoa indartuta. Baliabide gehiago behar dira zerbitzuak eta langile publikoen baldintzak hobetu nahi badira». Azken horren harira, nabarmendu zuen Osakidetza eta Osasunbidea direla aldi baterako lan enpresarik handienak: «Langileen erdiak behin-behinekoak dira». Halaber, erakundeek diru publikoz hedaturiko azpikontratazio sarea kritikatu zuen: «120.000 lagunek dihardute azpikontrata publikoetan Euskal Herrian, eta horietako asko sektore feminizatuetan».

Politika horiek aldatzeko «konfrontazio politiko, sozial eta sindikala» ezinbestekoa dela nabarmendu zuen, eta ezker politikoari leporatu zion alternatiba sendoak planteatu beharrean herri akordioak proposatzen dituela: «Zer akordio lortu daiteke botere ekonomikoen mesedera aritzen direnekin? Botere horien alde fiskalitate eta pribatizazioak gauzatzen dituztenekin?». Gehitu zuen herri akordioak posible direla eskuinaren edukiak onartzen direnean, eta, haren ustez, ezkerrak ez lukeela horretarako prest egon beharko.

Patronala ere kritikatu zuen Lakuntzak, zeinari aurpegiratu zion prekaritatea kamuflatu nahi izatea. «Confebask elkarrizketa sozialaren defendatzaile handienetako bat da; bada, esaten du gurean ez dagoela prekaritaterik; sindikatuen asmakizuna omen da». 

Gogoratu zuen ELAk kanpaina bat hasi duela langile migratuek pairatzen duten esplotazioa salatzeko. Azaldu zuen gaur egun euskal enpresa batzuek propio hartzen dituztela langile migratuak, haien «babesgabetasun egoerari zukua ateratzeko». Confebaski galdetu zion hori ez ote den prekaritatea: «Horren aurrean isilik gelditzen da, eta hau gure herrian gertatzen ari da». 

LAB

50 urteko borroka

Aurtengo Maiatzaren Lehena berezia izan da LABentzat, sindikatuaren 50. urteurreneko ospakizuna batu baitzaie urteroko mobilizazioei. Ohiko manifestazioaz gain, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian ekitaldia egin zuten, Bretainia, Katalunia, Asturias, Korsika, Sardinia eta beste herrialde batzuetako sindikatuen babesarekin. Han izan zen Pambis Kiritsis MFS Mundu Federazio Sindikaleko burua ere. 

Goizean, manifestazio hasierako giroa apur bat hoztu zuten euriak eta eguraldi zakarrak, baina, pankarta abiatu zenerako, ehunka pertsona bilduak ziren Gazteluko plazan. Langile borroka zabaltzen irakur zitekeen pankarta nagusian, eta haren atzetik ibili ziren atzerriko ordezkari sindikalak, nor bere herrialdeko banderarekin. Apur bat atzerago, pankarta propioa hedatu zuten pentsiodunek, Zaintza eta pentsio duinak Euskal Herrian leloarekin. Ernaik eta pikete feministek ere ordezkaritza izan zuten. 

maiatzaren lehena
Anaitasuna kiroldegian batutako LABeko kideek mosaiko bat egin zuten Palestinaren banderarekin. IÑIGO URIZ / FOKU

Garbiñe Aranburu koordinatzaileak elkartasuna adierazi zien «bizitza duinak eta bizigarriak» aldarrikatzen dituzten herriei, eta azpimarratu zuen etsai bera dutela mundu osoko langileek: «Inperialismoa eta kapitalismoa, horien eskutik baitatoz esplotazioa, prekarizazioa eta gerra». Euskal Herriko egoeraz, esan zuen langileek segitzen dutela «gaixotzen eta hiltzen», eta dei egin zuen «patronalaren inpunitateari aurre egitera». Euskal presoak ere gogoan izan zituen: «Presoak ere hemen nahi zaituztegu, gurekin, langile borroka hauspotzen». 

Aranbururen ostean, Igor Arroyo sindikatuko beste koordinatzaile orokorrak ziurtatu zuen Euskal Herriaren etorkizuna ez dagoela idatzita, eta kapitalismoaren aldean badela alternatibarik: «Ezker independentista hazten ari da eremu sindikalean, sozialean eta instituzionalean. Gogotik tira egiten ari gara bizitzaren alde, herri langilearen alde eta birbanaketaren alde». Banaketa horrek «hirukoitza» izan behar duela azaldu zuen Arroyok, gainera: «Bana ditzagun lana, zaintza eta aberastasuna».

Horren adibidetzat jo zuen LABek egiten duen lana: «Lantokietan, 30 orduko lan astearen edo zaintzarako baimenen alde; kalean, pentsiodunekin eta mugimendu feministarekin batera edo etxebizitza espekulazioari aurre eginez; eta instituzioetan, politika publikoak langileen mesedetan jarrita». Beste eredu sozioekonomiko baten alde mintzatu zen Arroyo, «bizitza erdigunean izango duen eredu bat», eta horri heltzeko prest azaldu zen: «Jo eta ke arituko gara lanean, esplotaziorik eta patriarkaturik gabeko Euskal Herria lortu arte, pertsona askez eta askotarikoez osatutako nazio askea lortu arte».

CCOO eta UGT

Lanaldiaren murrizketaren alde

Lanaldia murriztea eta soldatak igotzea: aldarri hori izan zuten CCOO eta UGT sindikatuek aurtengo Maiatzaren Lehenean. Aurten ere elkarrekin atera ziren kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin zituzten manifestazioetan, eta guztietan orain arte lortutakoa goretsi zuten, bai eta lortzeko geratzen dena aldarrikatu ere. 

Gasteizen, eguerdian abiatu zen manifestazioa, Andre Maria Zuriaren plazatik. Dozenaka lagun batu ziren Enpleguaren alde. Lanaldi motzagoa, soldata hobeak mezua zeraman pankartaren atzean. Bi sindikatuetako ikurrak ez ezik, Palestinako eta Saharako banderak ere ikusi ziren mobilizazioan, baita PCEkoak ere. Erritmo motelean eta «Gora langile borroka», «Patronalak esklabo bihurtu nahi gaitu» eta «Lan duin eta kalitatezkoa» oihuen artean egin zuten bidea.

maiatzaren lehena
Manifestari bat CCOOren eta UGTren Gasteizko manifestazioan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Amaieran, Florida parkean jarritako agertokian, Xuria Arzak UGTko berdintasun eta gizarte politiketako idazkariak adierazi zuen prekaritatearen arazo nagusia soldata txikiak direla, eta salatu zuen enpresariak mozkin «erraldoiak» pilatzen ari direla baina uko egiten diotela soldatak handitzeari. «Ez dugu onartuko», azpimarratu zuen, eta ohartarazi akordiorik ez badago gatazka areagotu egingo dela hurrengo hilabeteetan.

Silvia Sanchez CCOOko Arabako ordezkariak aldarrikatu zuen «mobilizazioa, negoziazioa eta akordio zabalak» direla soldatak igotzeko giltza. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak bi sindikatuekin adostutako lan erreforma, gutxieneko soldataren igoera eta pentsioen erreforma goratu zituzten bi ordezkariek, eta adierazi zuten haien etengabeko ahaleginari esker lotu direla. Hala ere, onartu zuten oraindik egiteko asko geratzen direla, besteak beste, lan baldintzak hobetzea, lan heriotzei aurre egitea, fiskalitatea egokitzea eta zerbitzu publikoak indartzea. Baita indarkeria matxista eteteko neurriak hartzea ere.

Soldatak handitzeko ez ezik, lanaldia murrizteko ere eskatu zuten. Arzak gogorarazi zuen zortzi orduko lanaldia 1919an jarri zela martxan: «Murrizteko garaia da».

Europako Parlamenturako bozak gertu direnez, «alderdi aurrerakoi eta europazaleei» botoa emateko eskatu zuten CCOOko eta UGTko ordezkariek, uste baitute «atzera egiteko arriskua» dagoela, austeritatea eta eskuin muturra ate joka direlako ostera ere. Horri lotuta, bat egin zuten Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aldarrikatutako «demokraziaren biziberritzearekin».

Steilas-CGT-CNT-ESK-Solidari

«Ospatzeko gutxi»

Sindikatu txikiek ere indarrak batu zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Nafarroako hiriburuan, Steilas, ESK, CGT, CNT eta Solidariren deiari jarraitu zioten berrehunen bat lagunek, eta haien artean zeuden Zurekin koalizioko kide batzuk. Guztien izenean, Iñigo Baraze Steilasko kideak ziurtatu zuen «ospatzeko gutxi» dutela. «Langileok gero eta zailtasun handiagoak ditugu oinarrizko ondasunak eta etxebizitzak eskuratzeko; horren atzetik arrazoi asko daude, baina horien artean dago zerbitzu publikoen hondatzea, langileen bizi kalitatea okertzen duelako. Adibide on bat dira [osasun publikoko] itxaron zerrenda amaigabeak eta haur eskola publikoetako eskaintza eskasak». 

maiatzaren lehena
CNTko kideak Maiatzaren Leheneko manifestazioan, Bilbon. CNT

Bilbon bere aldetik manifestatu zen CNT, eta sistema politikoari kritika egin zion. «Hauteskunde prozesuek eta horien emaitzek ez dute langileengan eragin positiborik izan, nahiz eta alderdi progresistek kontrakoa saldu [...] Demokrazia ordezkatzailea aldaketak antzezten diren antzoki bat da», ziurtatu zuten sindikatu anarkistak.  

Intersindikala

LABekin oraingoan

Batzuek gogoan dituzte oraindik duela urte batzuk Maiatzaren Lehenean Baionan izaten ziren irudiak: LAB sindikatuko kideak indarrez sartu ziren intersindikalaren manifestazioaren erdira, bazterketari buru egin eta ordezkaritza sindikalaren arabera zegokien lekua hartzera. Bestelako irudia eman zuen atzoko manifestazioak: lehen aldiz, intersindikalean onartu dute LAB, eta beste sindikatuekin batera eraman du Langileok, fatalitaterik ez! Ondasunen banaketaren alde borroka gaitezen! leloa zekarren pankarta bateratua.

Dominique Pons CGT sindikatuko ordezkariak garrantzia kendu zion LABen presentziari, azpimarratuta lehenago ere elkarrekin mobilizatu izan direla, baina Eñaut Aramendi sindikatu abertzaleko kideak baieztatu zuen segregazio sindikalik gabe iragaten den lehen mobilizazioa dela: «Egia da iazkoa egoera oso konplikatua izan zela [erretreten erreformaren kontrako protestetatik kanpo utzi zuten LAB]. Aurten lortu dugu Maiatzaren Lehena gehiengo sindikal batean antolatzen. Sindikatu batzuk baizik ez dira eskas; haiek esplikatu beharko dute zer interes duten Maiatzaren Lehenean ez mobilizatzeko». Besteak beste, FO sindikatuak ez du parte hartu nahi izan, baina bai CFDT, CGT, LAB, FSU-Snuipp, Solidaires eta UNSA sindikatuek, beste hainbat eragile politiko eta sozialekin batera.

maiatzaren lehena
LABen bandera batu zitzaien lehen aldiz CGT, CFDT, FSU, UNSA eta Solidaires sindikatuetakoei, Baionan. PATXI BELTZAIZ

Bukaeran irakurritako agiri bateratuan «bestelako aberastasunen banaketa» aldarrikatu zuten. «Hemen gaude inoiz onurarik jaso gabe aberastasunak sortzen dituztenen ahotsak entzunarazteko». Salatu zuten CAC40 indizeko enpresa handiek urtez urte gero eta irabazi handiagoak lortzen dituzten garai batean Frantziako Gobernuak ekonomiak egiten dituela «gizarte politiketan, zerbitzu publikoetan edo trantsizio ekologikoan».

Intersindikalaren arabera, 2023. urtean 63.000 milioi euro banatu dituzte CAC40eko enpresetako akziodunen artean. «Alta, langabezia eskubideak eta Gizarte Segurantza erreformatuz eta beste behin lan kodeari eraso eginez orekatu nahi dituzte kontu publikoak», deitoratu zuten. Lehentasunezkotzat jo dute gaur egungo politiken norabidea aldatzea eta aberatsenen zergak emendatzea. Ildo beretik, erran zuten pentsioak, gizarte laguntzak eta pribatuko langileen lansariak emendatu behar direla: «Gure lanaren bidez duinki bizi nahi dugu».

Bereziki azpimarratu zuten emakumezko langileen egoera, batez beste gizonek baino %25 gutxiago irabazten baitute. Premiazkotzat jo zuten prekaritatea eta gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala bukatzea.

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen bilana «etsigarria» izan arren, abisu bat ere eman zuten: berrogei urteko politika liberalen ondotik eskuin muturraren tentazioan erortzea ez da bidea: «Bere izaera faxista, arrazista eta bortitza ahatzarazteko ahaleginak egin arren, Batasun Nazionala autoritarioa da, eta langileen eskubideen etsaia da». 

EHKS

Martxa zaratatsua iraultza sozialista aldarrikatzeko

Maiatzaren Leheneko martxa jendetsuenetako bat EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistarena izan zen, Bilbon, Badago alternatiba. Langile boterea eraiki lelopean egindakoa. Zaratatsuena ere izan zen, «Borroka da bide bakarra», «Maiatzaren Lehena borroka eguna da» eta «Gora iraultza sozialista» oihuak askotan entzun baitziren Jesusen Bihotza plazatik Gasaren Plazara doan ibilbidean. Bandera gorriak ziren nagusi, eta Antolakuntza komunista zioen pankartak aldarrikatu zuen badagoela «alternatiba» oligarkien eta politikari profesionalen alderdietatik kanpo. «Burgesiaren boterea kolpatu eta langileen interesen menpe egongo diren instituzioen sorrera ahalbidetuko duen prozesua bultzatzeko atera gara kalera».

maiatzaren lehena
Emakume gazteak Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren manifestazioan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Amaierako ekitaldian, deitzaileek gizarte kapitalistaren aurka langileriaren boterea eraikitzen jarraitzeko premia aldarrikatu zuten. «Gaur egungo testuinguruan iraultza sozialistarena urgentziazko hautu politiko bat» dela nabarmendu dute, baita zergatia azaldu ere: «Burgesiak bultzaturiko austeritatearen, gerra sarraskien eta lurralde eta ekosistemen suntsiketaren aurrean». Ildo berean, salatu zuten proletariotza gero eta modu nabariagoan dela pobrea, eta haren atzean burgesiak bere irabaziak «kosta ahala kosta» mantentzeko nahia dagoela.

EHKSren ustez, erantzuna ezkerrak zein eskuinak egindako promesetik kanpo dago, haren ustez instituzioetako alderdi guztiak ari direlako austeritatean oinarritzen den oligarkien agenda babesten. Gerrak ere pisu handia izan zuen hitzaldian. «Espainiako Estatuaren kasua» aipatu zuten, eta azaldu PSOEren eta Podemosen agintaldian 24.000 milioi eurotik gorako inbertsioa egin duela gastu militarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.