Jarduera ekonomikoa bizkortu egin da urteko azken hiruhilekoan. Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %0,2 igo zen urteko bigarren hiruhilekotik hirugarrenera, baina %0,4 igo da hirugarrenetik laugarrenera.
Horren eskutik, urte osoan %1,8 hazi da hiru lurraldeetako ekonomia. Eusko Jaurlaritzak aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago da. Irailaren 17an egin zuen bere azken iragarpena, eta orduan ere hamarren bat altxatu zuen, %1,6tik %1,7raino.
Edonola ere, azken bi urteetako daturik apalena da. 2020an itxialdiak eragindako krisiak %9,6 kendu zion EAEko ekonomiari, eta kopuru hori leheneratu egin zen 2021eko (%6) eta 2022ko (%5,4) hazkundearekin.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailak ontzat jo du datua, eta nabarmendu du eurogunekoaren oso gainetik geratu dela, han %0,5 ingurukoa izango baita. «Balio handiagoa dauka ikusita nolako zailtasunak izan diren, hala nola inflazio indartsua, diru politika murriztailea, ziurgabetasunez beteriko testuinguru bat, eta nazioarteko merkataritza baldintzatzen duten gatazka geopolitikoak».
Azaldu duenez, azken hiruhilekoetan urte arteko hazkundea oso egonkorra izan da —%1,5, %1,7 eta %1,6—, eta horrek «uxatu egiten ditu inguruko beste lurralde batzuetan entzuten diren atzeraldi hotsak». Gainera, nabarmendu du ekonomiaren hiru sektore nagusietan balio erantsia handitu egin dela. «Hazkunde orokortua da, ez dago jarduera baten edo beste baten bolada onaren menpe».
2024rako, Eusko Jaurlaritzak espero du BPGa %2,1 handituko dela. Aurreikuspen apalagoak egin dituzte beste erakunde batzuek. Confebaskek %1,6ko hazkundea iragarri zuen duela hiru aste, eta are apalagoa egin zuen Laboral Kutxak: %1,4.
%1,9BBVAk txikitu egin ditu 2024rako hazkunde aurreikuspenak. Aurretik iragarria zuen Hego Euskal Herri osoa %2,2 haziko zela, baina hiru hamarren jaitsi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako iragarpena (%1,9raino), eta zazpi hamarren Nafarroarena (%1,5eraino). 2025erako, hazkunde handiagoa espero du BBVAk, %2,7 Hegoalde osoan.
Eustaten datua behin-behinekoa da, orain arte bildu ahal izan dituen datuetan oinarritutakoa. Martxoaren 8an zabalduko du datua, informazio gehiago bildu ondoren. Orduan jakingo da lurralde bakoitzean eta sektore bakoitzean zer gertatu den. Orain arte, lehen sektoreak eta industriak izan dituzte emaitza kaskarrenak.
Enplegua, %2 gora
Enpleguari dagokionez ere, Eustaten lehen datuek gainditu egin dute Jaurlaritzaren iragarpena. Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak 13.000 enplegu sortuko zirela kalkulatu zuen, baina 16.000 izan direla aurreratu du estatistika erakundeak. Portzentajeari dagokionez, %2ko hazkundea izan da —%1,3 esan zuen Jaurlaritzak—. Denbora osoko lanaldietan zenbatzen ditu enpleguak.
Ekonomia Sailak gustura hartu du enpleguari buruzko datua, haren ustez erakusten baitu enplegua sortzeko erritmoa bizkortzen ari dela, «Gizarte Segurantzaren datuetan ikusten den moduan».
Gainera, lanpostuak sortzeak ekonomia bultzatuko duela azaldu du: «Lanean hasten direnek kontsumorako joera handia dutela kontuan hartuta, espero izatekoa da Euskadiko lan merkatuak bizi duen bolada onak barne eskaria nabarmen handitzea datozen aldietan».
Eustatek biztanleria aktiboaren inkesta kaleratu zuen iragan ostiralean, eta horretan ziurtatu zuen urte hasieran baino 13.500 okupatu gehiago zeudela urte amaieran. Gutxitu egin ziren langabe kopurua (-16.700) eta biztanleria aktiboa (-3.200), eta, horren eskutik, langabezia tasa puntu eta erdi apaldu da, %7raino. Tasarik txikiena da 2008az geroztik. Urte horretan sortu zen Atzeraldi Handia, eta, hortaz, hamabost urte behar izan ditu lan merkatuak egoera horretara itzultzeko.