AEBek eta Israelek Iranen aurka hasitako erasoak berehalako eragina izan du hidrokarburoen prezioan. Brent upela sei dolar (%8) garestitzen ari da gaur goizean nazioarteko merkatuetan, eta 79 dolarrean salerosten ari da. Adituek iragarri dute ehun dolarrera ere iritsi daitekeela, baldin eta petroliontzien eta gasontzien trafikoa eteten bada Hormuzko Itsasartean.Â
Hori gertatzen ari da dagoeneko. Gutxienez bi eraso izan dira Hormuzeko itsasarte inguruan, eta horrek joan-etorria geratu du, eta ontziak pilatzen ari dira itsasartearen alde batean zein bestean. Jotako itsasontzietako bat Iranen itzalezko flotaren parte zen, eta bestea Europatik Saudi Arabiara gasolina garraiatzen ari zen. Eraso horien ondorioz, konpainia askok beren itsasontziak geratu dituzte, eta aseguru konpainiek iragarri dute handik igarotzen diren ontziak aseguratzeari utziko diotela.
Iranen eta Arabiako penintsularen arteko itsasarte nahiko estu horretatik igarotzen da munduko petrolio eta gas horniduraren bosten bat inguru. Petrolioaren zati handi bat Irandik Txinara doa, eta Txinara eta Asiako beste herrialde batzuetara doaz gas natural likidotua (GNL) garraiatzen duten gasontzi gehienak ere.
Edonola ere, Europak berak Qatarretik jasotzen du GNLaren horniduraren zati bat, eta dagoeneko nabari da gerraren eragina prezioetan: Europan, %25 egin dute gora GNLaren etorkizuneko kontratuek. Une erabakigarria da oraingoa kontinentearen gas hornidurarako. Izan ere, negua nahiko hotza izan da Europan, eta horren ondorioz erreserbak aurreko urteetan baino gehiago hustu dira. Udaberrian eta udan bete ohi dira erreserba horiek, eta gerrak irauten badu, Europak iazko halako bi ordaindu behar izango duela ohartarazi du Goldman Sachs bankuak.Â
Goranzko joera
Berez, merkatuek nolabait aurrea hartu zieten erasoei. 60 dolarrean zegoen Brent upela abenduan, baina Donald Trumpek AEBetako itsas armada Ekialde Hurbilera eraman ahala, 73 dolarrean zegoen lehen misilek eztanda egin aurretik.Â
5Zenbat zentimo garestitu den gasolioa. Brent petrolioa garestitu ahala, hurrengo egunotan erregaiak ere garestitu egingo direla espero da. Erasoa izateko aukerak berak bost zentimo igo du gasolioaren prezioa Euskal Herrian: urtarrileko 1,420 euroko batez bestekotik atzoko 1,472ra igaro da. Gasolina, 1,467tik 1,503ra igo da.
Prezioen igoera pixka bat arintze aldera, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek, LPEE+ taldeak, apiriletik aurrera ekoizpena egunean 206.000 upeletan handituko zutela iragarri zuten igandean. Analistek uste dute ekoizpen gehigarri horrek ezer gutxi egin dezakeela upelaren garestitzea eteteko, baldin eta Hormuzko itsasartea luzaroan itxita badago.
Edonola ere, kontuan hartu behar da merkatua oso ongi hornituta izan dela azken hilabeteetan, eta prezio nahiko apalen ondorioz, herrialde askok beren petrolio erreserbak betetzen hasteko baliatu dituztela. Hori egin du, esaterako, Txinak. Hango findegietara doaz gaur egun Iranen petrolio esportazio gehienak, merkatutik beherako prezioetan, AEBek Teheranen aurkako zigorrak indartu zituenetik. Azken datuen arabera, Txinaren petrolio inportazioen %13 Irandik iritsi zen iaz.Â
Iran bera munduko petrolio ekoizle handienetako bat da, baina AEBen zigorrek kalte handia egin diote: erosleak urritu dizkiote eta, gainera, zaildu egin dute bere azpiegiturak eguneratzea. Nolanahi ere, gaur egun gai da egunean 4,5 milioi upel ekoizteko, munduko ekoizpenaren %4,5 inguru. Gasaren %6 ere ekoizten du.
Hidrokarburoak funtsezkoak dira Iranen, haren esportazioen zati handiena baitira gaur egun. Ali Khamenei buruzagi hil berriak berak 2014an agindu zuen petrolioarekiko menpekotasuna txikitzeko, nazioarteko botereen menpekotasuna eragiten ziolako Irani, baina dibertsifikazio saioek ez dute orain arte emaitza handirik eman. Â
AEBak bilakatu dira azken urteetan munduko petrolio ekoizle handiena, frackingaren bitartez ustiatutako putzuen bitartez, eta horregatik uste du Trumpek Irani eraso egin diezaiokeela epe luzean erregaiaren kopurua asko igo gabe.Â
[ìnformazioa lantzen ari gara]
Â
Â