Qatarrek gas ekoizpena eten du, Iranen eraso baten ondotik

Gasaren prezioa %25etik gora handitu da, eta %8tik gora Brent upela. Petroliontzi batzuei eraso egin die Iranek, eta horrela eten du trafikoa Ormuzko itsasartean. Saudi Arabiaren findegirik handiena ere jo dute Iranen dronek.

Qatar Energyren ikur bat, Dohan. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Qatar Energyren ikur bat, Dohan. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 2a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranek munduaren energia hornidura trabatzea erabaki du, AEBen eta Israelen erasoei erantzuteko. Droneen bitartez eraso egin die Qatarren Ras Laffan gas instalazioari eta, horren ondorioz, gas ekoizpena geratzea erabaki du herrialde horretako gobernuak. Merkatuen erantzuna berehalakoa izan da: %25 garestitu da gasaren prezioa Europan, Qatar baitu bere hornitzaile nagusietako bat. 

Petrolioaren prezioak ere gora egin du nabarmen, Iranek Ormuzko itsasarteko trafikoa gerarazi baitu petroliontzi batzuei eraso egin ondoren. Gainera, Saudi Arabiako Ras Tanura findegia jo dute haren erasoek, eta Riadeko gobernuak behin-behinean ixtea erabaki du. Ras Tanurakoa Arabiako Golkoko findegirik handiena da, gai delako egunean milioi erdi upel fintzeko. Erasoak ez du inor hil. 

Arratsalde hasieran Brent upela 6,3 dolar (%8,7) garestitzen ari zen nazioarteko merkatuetan, eta 79 dolarrean salerosten ari da. Adituek iragarri dute balitekeela ehun dolarrera ere iristea, baldin eta petroliontzien eta gasontzien trafikoa luzaroan eteten bada Ormuzko Itsasartean. 

Hori gertatzen ari da dagoeneko. Gutxienez lau eraso izan dira Ormuzko itsasarte inguruan; horrek joan-etorria eten du, eta ontziak pilatzen ari dira itsasartearen alde batean zein bestean. Aseguru etxeek iragarri dute handik igarotzen diren ontziak aseguratzeari utziko diotela. 

Gainera, eraso horien ondorioz, itsas konpainia handiek beste itsasbide batzuetara bidali dituzte beren ontziak. MSCk eta Maerskek, esaterako, Arabiako Golkoaren inguruan dauden itsasontzi guztiak ahalik eta portu seguruenetara bidali dituzte, eta Ekialde Erditik ahalik eta gehien urruntzeko agindua eman diete Asiaren eta Europaren artean aritzen direnei. Suezko kanalaren ordez, Esperantza Oneko lurmuturretik joateko esan diete. 

Iranen eta Arabiako penintsularen arteko itsasarte estua da Ormuzkoa, eta horretatik igarotzen da munduko petrolio eta gas horniduraren bosten bat inguru. Petrolioaren zati handi bat Irandik Txinara doa, eta Txinara eta Asiako beste herrialde batzuetara doaz gas natural likidotua (GNL) garraiatzen duten gasontzi gehienak ere.

Edonola ere, Europak berak Qatarretik jasotzen du GNLaren horniduraren zati bat, eta garai erabakigarria da oraingoa kontinentearen gas hornidurarako. Izan ere, negua nahiko hotza izan da Europan, eta horren ondorioz erreserbak aurreko urteetan baino gehiago hustu dira. Udaberrian eta udan bete ohi dira erreserba horiek, eta gerrak irauten badu Europak iaz halako bi ordaindu behar izango duela ohartarazi du Goldman Sachs bankuak. 

Goranzko joera

Berez, merkatuek nolabait aurrea hartu zieten erasoei. 60 dolarrean zegoen Brent upela abenduan, baina, Donald Trumpek AEBetako itsas armada Ekialde Hurbilera eraman ahala, 73 dolarrean zegoen lehen misilek eztanda egin aurretik. 

5

Zenbat zentimo garestitu den gasolioa. Brent petrolioa garestitu ahala, hurrengo egunotan erregaiak ere garestitu egingo direla espero da. Erasoa izateko aukerak berak bost zentimo igo du gasolioaren prezioa Euskal Herrian: urtarrilean 1,420 euroan zegoen batez beste, eta orain, 1,472 euroan. Gasolina 1,467tik 1,503ra igo da.

Prezioen igoera pixka bat arintze aldera, igandean, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek, LPEE+ taldeak, iragarri zuten apiriletik aurrera ekoizpena egunean 206.000 upel handituko zutela. Analistek uste dute ekoizpen gehigarri horrekin ezer gutxi egin daitekeela upelaren garestitzea eteteko, baldin eta Ormuzko itsasartea luzaroan itxita badago.

Edonola ere, kontuan hartu behar da merkatua oso ongi hornituta egon dela azken hilabeteetan, eta, prezio nahiko apalak zeudenez, herrialde askok beren petrolio erreserbak betetzen hasteko baliatu dutela. Hori egin du, esaterako, Txinak. Hango findegietara doaz gaur egun Iranen petrolio esportazio gehienak, merkatutik beherako prezioetan, AEBek Teheranen aurkako zigorrak indartu zituenetik. Azken datuen arabera, Txinaren petrolio inportazioen %13 Irandik iritsi ziren iaz. 

Iran bera munduko petrolio ekoizle handienetako bat da, baina AEBen zigorrek kalte handia egin diote: erosleak urritu dizkiote, eta, gainera, zaildu egin diote bere azpiegiturak eguneratzea. Nolanahi ere, gaur egun gai da egunean 4,5 milioi upel ekoizteko, munduko ekoizpenaren %4,5 inguru. Gasaren %6 ere ateratzen da hango putzuetatik.

Petrolioaren eta gasaren menpe

Hidrokarburoak funtsezkoak dira Irango ekonomiarentzat, haren esportazio gehienak sektore horretakoak baitira gaur egun. Ali Khamenei buruzagi hil berriak berak 2014an agindu zuen petrolioarekiko menpekotasuna txikitzeko, horrek nazioarteko botereen mendeko bihurtzen baitzuen Iran, baina dibertsifikazio saioek ez dute emaitza handirik eman orain arte.  Gauzak horrela, Teherango erregimenari ez zaio komeni luzaroan bere diru iturri nagusia blokeatuta izatea, are gehiago kontuan hartuta krisi ekonomiko bat jasaten ari dela herrialdea.

AEBak bilakatu dira azken urteetan munduko petrolio ekoizle handiena, frackingaren bitartez ustiatutako putzuen eraginez, eta horregatik uste du Trumpek Irani eraso egin diezaiokeela luzera begira erregaiaren kopurua asko handitu gabe. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.