Erabaki gogorrak hartzeko garaian daude Basaurin Bridgestoneko langileak. Pneumatiko fabrika horretan hamabigarren egunez greban dagoen behargin taldeak 232 lankideren kaleratzea onartu ala ez erabaki beharko du aste honen bukaeran, hots, enpresaren azken eskaintza onartzen ote duten.
Bridgestoneko zuzendaritzak atzo aurkeztu zien enplegua erregulatzeko espedienterako azken eskaintza hori, zeinak bigarrenez murriztu duen kaleratzeen kopurua. Hasieran, Japoniako multinazionalak 335 langile kaleratu nahi zituen; gero, kopurua 290 langilera jaitsi zuen; eta, atzo, zuzendaritzak beste koska bat egin zuen behera, eta kaleratzeak 232ra murriztu.
Ordezkari sindikalek goizean egindako bilkuran hobetsi dute erreferenduma egitea, eta bihar txanda guztietan sindikatuek batzarrak egingo dituzte eskaintzaren nondik norakoez aritzeko. Erantzun ofiziala beranduenez maiatzaren 19rako nahi du enpresak, eta, akordiorik ezean, eskaintza ez da loteslea.
Sindikatuen jarrerak
CCOOren ustez, Bridgestoneren azken eskaintzak baditu langileek kontuan izateko moduko «alderdi positiboak», besteak beste «etorkizunerako helburuak» jasotzen dituelako, eta «baldintza ekonomiko onak irteera behartuentzat».
UGTren aburuz, zuzendaritzaren eskaintzak jasotzen ditu sindikatuak eskatutako baldintza batzuk; tartean, etorkizunerako enplegu bermeak. Antzeko jarrera du agertu du BUP sindikatuak.
ELA sindikatua, berriz, eskaintzaren kontra agertu da, eta grebekin jarraitzearen alde. ELAk dioenez, «ez dio balekoa emango kaleratze kolektibo bati, ezta kaleratze traumatiko bati ere». Gehiengo batek akordioari baiezkoa ematen badio erabakia errespetatuko duela esan du sindikatuak, «baina testuak ez du ELAren zigilurik izango».
Baldintzak
Hasierako 335 kaleratzeak 232ra apaltzeaz gainera, azken eskaintzan zuzendaritzak malgutu egin ditu erretiro aurreraturako baldintzak, eta horretarako adina bi urte jaitsi. Hala, ekainaren 30ean 55 urte beteta dauzkaten langileek soldata garbiaren %80 jasoko lukete 64 urte bete artean, eta urtero %2 gehiago.
Behartutako kaleratzeentzat, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria eskaini du enpresak, urte mugarik gabe, eta horri 30.000 euroko ordain bat gehituko dio kaleratzea borondatezkoa izanez gero.
Halaber, zuzendaritzak konpromisoa hartu du hurrengo bi urteetan ez duela enplegua erregulatzeko txostenik aurkeztuko. Eta bost urteko epean kaleratzeak egin beharko balitu baldintza berberei eusteko prest dago.