Ez da erraza Basauriko Bridgestoneko langileek gaur hartu behar duten erabakia: kaleratzeen inguruan enpresak egindako azken eskaintza onartuko duten ala ez bozkatzen ari dira. Joan den astelehenean, pneumatiko lantegiko zuzendaritzak 232ra murriztu zuen bota nahi zituen beharginen kopurua. Enpresak ohartarazi zuenez, hori izango da «azken eskaintza», eta erantzun ofiziala maiatzaren 19rako nahi du beranduenez. Gauzak horrela, gaur egingo dute bozketa, lan txanda bakoitzean, eta gauean jakingo da emaitza. Basaurin bezala, Puente San Miguel (Kantabria, Espainia) fabrikan ere erreferenduma egiten ari dira: bertako 211 langileetatik 188 kaleratu nahi dituzte. Hori dela eta, bozketaren azken emaitza bi lantegietan lortutako botoen batuketa izango da.
Basauriko pneumatiko fabrikako langileek goizeko 05:30ean ekin diote bozkatzeari. Goizean goizetik, asko izan dira jantokiko sarrerara hurbildu diren beharginak, Europa Press berri agentziak adierazi duenez. Bertan jarri dute hauteslekua, eta hauxe da erantzun behar duten galdera: «Onartzen duzu enpresak enplegua erregulatzeko espedientearen baldintzei buruz egindako proposamena?». Horrenbestez, 22:00etara arte izango dute bozkatzeko aukera, eta, hauteslekua itxita, ordu horretan hasiko dira botoak zenbatzen.
Bridgestoneko zuzendaritzak joan den astelehenean aurkeztu zien enplegua erregulatzeko espedienterako azken eskaintza hori. Hasieran, Japoniako multinazionalak Basauriko plantako 335 langile kaleratu nahi zituen; gero, kopurua 290 langilera jaitsi zuen, eta sindikatuekin izandako azken batzarrean, zuzendaritzak 232ra murriztu zituen kaleratzeak.
Gauzak horrela, CCOO, UGT eta BUP sindikatuetako ordezkariek joan den astearte goizean egindako bilkuran hobetsi zuten erreferenduma egitea. ELA, ordea, eskaintzaren kontra agertu da, eta grebei eusteko aukeraren alde: «Ez diogu baiezkoa emango kaleratze kolektibo bati, ezta kaleratze traumatiko bati ere». Hala ere, langile gehienek akordioari baiezkoa ematen badiote erabakia errespetatuko duela esan du sindikatuak, «baina testuak ez du ELAren zigilurik izango».
Baldintzak
Hasierako 335 kaleratzeak 232ra apaltzeaz gainera, azken eskaintzan zuzendaritzak malgutu egin ditu erretiro aurreraturako baldintzak, eta horretarako adina bi urte aurreratu. Hala, ekainaren 30ean 55 urte beteta dauzkaten langileek soldata garbiaren %80 jasoko lukete 64 urte bete artean, eta urtero %2 gehiago.
Kaleratze behartuei dagokienez, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria ematea eskaini du enpresak, urte mugarik gabe, eta horri 30.000 euroko ordain bat gehituko dio kaleratzea borondatezkoa izanez gero.
Halaber, zuzendaritzak hitzeman du hurrengo bi urteetan ez duela enplegua erregulatzeko txostenik aurkeztuko. Eta bost urtean kaleratzeak egin beharko balitu, baldintza berberei eusteko prest legoke.