Bruselak 890 milioi euroko isuna jarri dio Googleri, bere zerbitzuak lehenesteagatik

Google Searchen bere produktuak lehiakideen gainetik kokatzeagatik eta Google Playn erabiltzaileak erosketa kanal merkeagoetara bideratzea eragozteagatik zigortu du Europako Batzordeak.

Googleren logoa pantaila batzuetan. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Googleren logoa pantaila batzuetan. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
jokin sagarzazu
2026ko uztailaren 23a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Brusela serio jarri da merkatu digitala zaintzeko borrokan. Google zigortu du beste behin, bere zerbitzuak lehiakideen aurretik jartzeagatik. Bi isun jarri dizkio: bata, 460 milioi eurokoa, Google Search bilatzailean bere zerbitzuei lehentasuna emateagatik; bestea, 430 milioi eurokoa, Google Play aplikazio dendan garatzaileei eragozteagatik erabiltzaileak beste salmenta kanal batzuetara bideratzea.

Batzordeak ondorioztatu du bi jokabideek EBko Merkatu Digitalen Legea (DMA) urratzen dutela. Aste honetan bertan, araudi berean oinarrituta, 550 milioi euroko zigorra jarri dio Aliexpress Txinako merkataritza plataformari, eta halako gehiago egon dira azkenaldian.

Bruselak 60 egun eman dizkio Googleri araudiak eskatzen dituen aldaketak egiteko. Epe hori amaituta, betebeharrak betetzen ez baditu, zigorra handitu ahal izango du, Googlek mundu osoan urtean duen negozio bolumenaren %5eraino.

«Botere eredu bat»

Batzordearen ikerketaren arabera, Interneteko kontsumitzaileen bilaketen %90 baino gehiago Google Search bilatzailearen bidez egiten dira. Horrek abantaila handia ematen die Googleren produktu eta zerbitzuei: pantailaren goialdean agertzen dira, lehiakideenak baino gehiago ikusten direla, eta iragazki hobeak dituztela.

Europako araudiak «atezain digital» deitzen dituen enpresetako bat da Google. Bruselak azaldu duenez, zerbitzu baten emailea izateaz gainera —bilatzaile bat—, ate bat ere bada erabiltzaileek beste zerbitzu batzuetara iristeko erabiltzen dutena. Ate horren jabeak bere produktuak besteenen aurretik jartzen baditu, lehiakideak ez dira abiapuntu berean aritzen.

5

EBk zenbat aldiz zigortu duen Google. 

2017tik, Europako Batzordeak bost aldiz zigortu du Google, lehiaren arauak urratzeagatik, eta haren aurkakoak izan dira enpresa bati inoiz jarritako hiru isunik handienak. Guztira, 12.105 milioi euroren isunak jarri dizkio, baina haietako batzuk auzitan daude oraindik.

Handiena 4.343 milioi eurokoa izan zen, datuak biltzeko orduan Androiden duen nagusitasunaz abusatzeagatik jarria. Europako Batasuneko auzitegiek uztail hasieran berretsi zuten erabakia, baina zenbatekoa zertxobait murriztu zuten, 4.125 milioi eurora. Bigarren handiena 2.954 milioi eurokoa da, eta oraindik ez dago haren inguruko epairik. Hirugarrena, 2.424 milioi eurokoa, Europako justiziak berretsi du. Batzordeak Googleri jarritako laugarren isuna, 1.494 milioi eurokoa, Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuen, baina Batzordeak helegitea aurkeztu du. Azkena gaur jakinarazitakoa da: 890 milioikoa.

Brusela antzera mintzatu da Google Play aplikazioen dendari buruz. Europako araudiak aplikazioen garatzaileei aukera ematen die erabiltzaileei eskaintza alternatiboen berri emateko eta Google Playtik kanpoko webgune edo aplikazio dendetara bideratzeko, kostu gehigarririk gabe. Batzordeak, ordea, ondorioztatu du Googlek mugatu egiten duela garatzaileek beren eskaintzak aske sustatzeko eta erabiltzaileekin beste plataformen bidez kontratuak egiteko duten aukera.

Googlek komisio bat kobra dezake erabiltzaile berri bat Play bidez garatzaile baten zerbitzura eramateagatik, baina, Bruselaren arabera, erabiltzaileak beste kanal batzuetara bideratzeagatik kobratzen duen komisioaren zenbatekoa eta kobratzeko epea legeak baimendu baino handiagoak dira.

Googlek kritikak egin dizkio Bruselak ezarritako zigorrari, eta ohartarazi du kalterik handiena kontsumitzaileek berek jasango dutela. Azaldu du denbora errealeko funtzio batzuk kendu beharko dituela bere bilatzailetik, hala nola hotelen, hegaldien eta jatetxeen berehalako prezioak eta erabilgarritasuna.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA