Europako Batasuna

Bruselak ez du atzeraldirik espero, baina bai motelaldi luze bat

EBZk bezala, Europako Batzordeak ere eskatu dio Alemaniari gastu publikoa handitzeko.

Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 7a
18:19
Entzun

Sasoian sasoikoa. Udazken itxura hartu du Europako Batasuneko ekonomiak, baina ez negukoa. «Ez dugu ikusten atzeraldi baterako arriskurik. Baina aurreko aurreikuspenetan ez bezala, orain ez dugu espero ekonomiaren hazkundeak berriro gora egitea 2020an eta 2021ean». Hitz horiekin laburtu zuen egoera ekonomikoa Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak, gaur, Bruselan. Udazkeneko Aurreikuspenean zabaldutako zenbakiek baieztatzen dute ekonomian udazken giroa dagoela: eurogunean %1,1 da haztekoa ekonomia aurten, eta %1,2, berriz, 2020an eta 2021ean; EB osoan, %1,4 hiru urte horietan. «Atzeraldiaren mugarekin lotzen den hazkunde erritmo bat».

Azkenaldian, Moscovicik aurreikuspenak gutxitu ditu iragarpenak egitera jendaurrera atera den bakoitzean. Atzokoa ez zen salbuespena izan. Aurreko iragarpenetatik lau hilabete igaro direnean, hamarren bat jaitsi du eurogunearen aurtengorako hazkunde iragarpena, eta bi hamarren 2020rakoa.

Baina kontrastea are handiagoa da duela urtebeteko iragarpenekin alderatuz gero. Orduan onartu zuen komisarioak «aldeko haizeak» baretu egin zirela, eta abiadura txikiagoa hartuko zuela ekonomiak. Denborak arrazoia eman dio, baina neurri batean bakarrik. Izan ere, %1,9ko hazkundea iragarri zuen aurtengorako EBn zein eurogunean, eta iragarpen hori oso baikor geratu zaio: zortzi hamarren gutxiago haziko dira euroguneko hemeretzi kideak, eta lau hamarren gutxiago EBko 28ak —hazkunde sendoari eusten dioten herrialde batzuk daude talde horretan, hala nola, Polonia, Txekiar Errepublika eta Errumania—.

Alemaniaren adibidea

Herrialde gehienen aurreikuspenetan egin zuen huts Bruselak, baina Alemanian inon baino nabarmenagoa izan da 2018ko udazkeneko iragarpena baikorregi izan zela: %1,7ko hazkundea iragarri zuen iaz Moscovicik, eta atzo %0,1 baizik ez dela izango ziurtatu zuen. Hau da, Bruselak uste du ozta-ozta ihes egingo diola Alemaniak atzeraldiari. Aurki kaleratuko du Berlinek hirugarren hiruhilekoko datua, eta espero da negatiboa izatea, baina halaber espero da ekonomiak erritmo pixka bat berreskuratzea urtearen bukaeran.

Alemanian ikusten da ongien ekonomiaren hazkundearen galga nagusia: industria sufritzen ari da, ziurgabetasunak inbertsioa geratzen baitu. Eta zerk eragiten du enpresek inbertitzeko beldurra izatea? Ezin jakitea zehazki zer gertatuko den Erresuma Batuarekin, eta Donald Trumpek  eragindako merkataritza gerrek. Edonola ere, Bruselaren aurreikuspena egina dago AEBen eta Txinaren arteko harremanean azken egunotan gertatu den hobekuntzaren aurretik. Gaur bertan. Pekingo gobernuak ziurtatu du muga zergak «zatika kentzea» adostu duela AEBekin. Irgarpen horrek nazioarteko merkataritza berpiztu dezake, eta mesede handia egin EBri, oro har hartuta, ekonomia esportatzailea delako —Euskal Herrikoa ere hala da—.

Ekonomiaren motelaldia noiz  arte iraungo duen iragartzera ez zen ausartu Moscovici, baina erakutsi zuen hazkunde oso apaleko aldia luzea izateko kezka baduela: «Hazkundea lautada batera iritsi da, baina espero dezagun ez dela sabaia izango».

Langabeziak, behera

Barne produktu gordinaren hazkundearen motelaldiak eragina izango du lan merkatuan ere: Batzordeak dio langabeziak jaisten segituko duela, baina azken urteetan baino astiroago. Eurogunean, %7,6ra jaitsiko da aurten, eta %7,3ra 2021ean.

Atal horretan ere ez da guztiz fin Brusela, zorionez. Duela urtebete, iragarri zuen langabezia %7,9ra jaitsiko zela 2019an, baina hazkundea txikiagoa izanagatik, are gehiago jaitsi da langabezia. Horrek esan nahi du hazkunde txikiagoa nahikoa dela orain enpleguak sortzeko.
Lan merkatuarekin arazo gehien duten estatukide guztietan jaitsiko da langabezia —Grezia, Espainia, Frantzia—, Italian izan ezik: gutxigatik ihes egingo dio atzeraldiari, eta %10eko langabezia tasari.

Moscovicik esan du kontu publikoak «kontrolpean» egongo direla oraindik ere. Defizit publikoa pixka bat handituko da euroaren eremuan —%0,8tik %1era—, Alemanian eta Herbehereetan superabit handiak txikitu egingo baitira, gastu programen ondorioz. Baina programa horiek oso txikiak direnez, Moscovicik bat egin zuen Europako Banku Zentralaren eskaera nagusiarekin: garai egokia dute gastu publikoa handitzeko, hartara jarduera ekonomikoa suspertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.