Bruselak gastu publikoa handitzen utziko die estatuei, energia menpekotasuna txikitzeko bada

BPGaren %0,3rainoko inbertsioak ez ditu kontuan hartuko defizit publikoaren muga kalkulatzeko.

Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, gaur. OLIVIER HOSSLET / EFE
Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, gaur. OLIVIER HOSSLET / EFE
Iker Aranburu.
2026ko ekainaren 3a
13:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ormuzko itsasartearen itxierak eskua pixka bat zabaltzera eraman du Europako Batzordea. Energiaren prezioaren gorakadak eta lehengai batzuen urritzeak berriro arazoak ekarri dizkie Europako Batasuneko kideei, eta keinu bat egitea erabaki du, Italiako eta Espainiako gobernuek hala eskatuta. Erregai fosilekiko menpekotasuna txikitzeko egindako inbertsioak defizit publikorako ez zenbatzeko modua emango die.

Muga batzuk izango ditu Bruselaren eskuzabaltasunak: barne produktu gordinaren %0,3. 2026tik 2028ra iraungo du neurriak, eta gehienez %0,6ko defizita pilatu ahal izango dute hiru urte horietan. 

COVIDaren pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioz, EBk eten egin zuen hainbat urtez Egonkortasun Ituna, hau da, gastu publikoa kontrolatzeko aginduak, baina 2025eko urtarrilean jarri ziren berriro indarrean. Orduz gero, teorian estatu kideek ezin dute BPGaren %3tik gorako defizita izan, eta zor publikoa murriztu behar dute %60tik gorakoa bada. Baina arau horiek, noski, hala moduz betetzen dira, eta salbuespenak dituzte.

Esaterako, iaztik EBko kideek baimena dute beren BPGaren %1,5 adina gastu militarrean erabiltzeko, eta kopuru hori ez da defizit gisa hartuko. Berez, gaur aurkeztutako %0,3 hori %1,5aren zati bat da; hau da, armagintzan beharrean, «erresilientzia energetikoan» inbertitu ahal izango dute. Hau da, energia berriztagarrietan eta nuklearrean, baterietan, argindar sarearen banaketan inbertitu ahal izango dute, besteak beste.

Autoak eta bero punpak

Valdis Dombrovskis komisarioak gaineratu duenez, herritarrei zuzenean eragiten dieten neurriak ere finantzatu ahal izango dira: auto elektrikoak, eguzki panelak eta bero ponpak erosteko laguntzak, esaterako.

Inolaz ere ezingo dira sartu, ordea, erregai fosilen kontsumoa sustatzen duten neurriak —BEZaren eta hidrokarburoen gaineko zergaren jaitsiera, sektore profesionalei emandako laguntzak... «Arlo horretan ez dugu gomendioa aldatu; aldi baterako neurriak izan behar dute, eta oso zehatzak», zehaztu du komisarioak.

Energia gaietan dirua gastatu nahi duten herrialdeek baimena eskatu beharko diote Europako Batzordeari. Defentsa gastuetarako baimena, esaterako, hamazazpi estatu kidek jaso dute dagoeneko, eta hurrengo egunotan lortuko du Espainiak ere.

Bederatzi estatu kidek gainditu dute %3ko defizita

Semester izeneko azterketan, Europako Batzordeak Europako Batasuneko 27 kideen aurrekontu kontu publikoak fiskalizatzen ditu, eta zenbait aholku eta iradokizun ematen dizkie gastu publikoa kontrolpean eduki dezaten. Espainiari, esaterako, eskatu dio ostalaritzako %10eko BEZ zerga %21era igotzeko, bere iritziz bildutako diruarekin aberastasunaren banaketa bidezkoagoa egin ahal izango luke eta. 

Azterketa zorrotzagoa jasaten dute defizit prozedura irekita daukaten herrialdeek, hau da, %3ko defizit muga gainditzen duten herrialdeek. Hamar ziren orain arte, baina Malta prozeduratik aterako duela iragarri du Bruselak, muga horretatik jaitsi zelako iaz eta iragarpenek diotelako behera geratuko dela 2026an eta 2027an ere. Frantzia dago zerrenda beltz horretan —%5,1eko defizita izan zuen iaz—, eta han jarraituko du, neke handiak dituelako desoreka hori murrizteko.

 

 

  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA