Europako Batzordeak aspalditik dauzka begiz jota merkataritza elektronikoko Txinako erraldoiak; orain, koska bat estutu nahi du haien gaineko kontrola. Ikerketa bat abiatu du Shein plataformaren aurka, Europako Batasunean legez kanpoko produktuak saltzen ote dituen eta haren webgunearen diseinuak erabiltzaileengan eta bereziki gazteenengan menpekotasuna sortzen duen ikertzeko.
Azaroan Frantzian piztutako polemika batek bultzatu du Bruselaren esku hartzea. Orduan jakin zen plataforma hori erabiltzen duten zenbaitek neskato adingabeen itxura duten panpina sexualak eta armak saldu zituztela herrialdean. Gertakariak protesta ugari sortu zituen herrialdean, eta Frantziako Gobernuak webgunea blokeatzeko mehatxua egin zuen. Gero atzera egin bazuen ere, Bruselak heldu zion gaiari, eta Sheini informazioa eskatu zion panpina horien inguruan eta armen salmentari buruz. Orain ikerketa formal bat abiatzeko erabakia hartu du.
Aurretik ere egina zion antzeko ohartarazpen bat Sheini. 2024ko ekainean hari eta merkataritza elektronikoaren Txinako beste erraldoi bati —Temuri— eskatu zien azaltzeko zer mekanismo dituzten beren webguneetan salgai dauden eta EBn legez kanpokoak diren produktuak identifikatzeko eta saltzaile guztien trazabilitatea argitzeko.
Ikusi gehiago
Eskaera horiek eta orain abiatuko duen ikerketa DSA Zerbitzu Digitalen Legean oinarrituta egin ditu Bruselak. 2022an onartu zuen araudi hori: Europako Batasunean 45 milioi erabiltzaile baino gehiago dituzten plataforma handiei eragiten die, eta haien edukiaren gaineko kontrol zorrotzak ezartzen dizkie: legez kanpoko produktuak ez saltzeko, erabiltzaileengan menpekotasuna sortzeko arriskuak kontrolatzeko, gomendio eta informazio sistemaren gardentasuna bermatzeko, publizitate erregistroak mantentzeko, eta ikertzaileentzako datu sarbidea eskaintzeko, besteak beste. Baldintza horiek betetzen ez badituzte, Batzordeak zigortu egin ditzake, edo behin-behineko neurriak ezarri.
Iazko abenduan 120 milioi euroko isuna bat jarri zion X sare sozialari, argudiatuta haren erabiltzaileak benetakoak direla ziurtatzeko erabiltzen duen sistemak —marka urdinak— ez duela hori bermatzen. DSA araudian oinarrituta Bruselak ezarritako lehen zigorra izan zen. Eta Sheinena da merkataritza elektronikoko erraldoi baten aurka abiatu duen lehen ikerketa.
Sheinen erantzuna
Shein, funtsean, Internet bidez saltzen duen txikizkako merkatari bat da, erraldoi bihurtua. Datuak analizatzeko teknologiak erabiliz, azkar detektatzen ditu bezeroen nahiak eta joerak, eta Txinako milaka fabrika txikitan ekoizten ditu produktuak, ezohiko abiaduran. Batez ere Internet bidez saltzen du Sheinek, baina aldi baterako dendak ere zabaldu ditu Europako hiri batzuetan. Orain beste urrats bat egiten ari da: aldi baterako denden ordez, ohiko dendak zabaltzen ari da.
Sheinek adierazi du «oso serio» hartzen dituela DSAren betebeharrak eta Batzordeak abiatu duen ikerketan laguntzeko prest dagoela. Komunikabideetara bidalitako ohar batean, ez du legez kanpoko produktuen salmentarekin loturiko aipamenik egin. Bezero gazteen babesari buruz, berriz, esan du hori indartzeko inbertsio handiak egin dituela eta adinaren egiaztapenerako irtenbide bat lantzen ari dela, EBko agintariekin batera. Horrez gain, ziurtatu du gomendio sistema eta saltzaileen kontrola hobetzeko neurriak ezarri dituela, Europako araudia betetzeko.
Bruselak abiatutako ikerketak ez du epe mugarik; haren iraupena «kasuaren konplexutasunaren, enpresaren lankidetzaren eta defendatzeko duen aukeraren araberakoa» dela argitu du. Hori bai, gogorarazi du neurri edo zigor prebentiboak aplika ditzakeela behar izanez gero.