Sheinen aurkako neurrietan maila bat gora egitea erabaki du Frantziako Gobernuak. Haren webgunea Frantzian eta Ipar Euskal Herrian blokeatzeko prozedura zabaldu ondoren, orain Europako Batasun osora zabaldu nahi du auzia. Europako Batzordeari eskatu dio «berehala» hasteko Sheinen inguruko ikerketa bat, eta beharrezkotzat jotzen badu, haren aurkako premiazko neurriak hartzeko. Legez kontrako zenbait produktu saltzea leporatzen dio; horien artean daude neskatoen itxura duten panpina sexualak eta arma batzuk —matxeteak eta eskumutur metalikoak—.
Roland Lescure Ekonomia ministroak eta Anne Le Hennanff Adimen Artifizialeko eta Gai Digitaletako ministroak eskutitz bat bidali diote gaur Europako Batzordeari aferan esku hartzeko eskatzeko. Parisek uste du Bruselari dagokiola Txinako enpresari mugak jartzea, Parisen arabera EBren 2023ko zerbitzu digitalen legea hautsi baitu Sheinek. «Plataforma horiek Europako legedia betetzen dutela egiaztatu behar duen agintaritza Europako Batzordea da. Hortaz, hari dagokio ikerketa bat hastea eta dagozkion isunak jartzea», diote ministroek Henna Virkkunen Europako Batzordeko Subiranotasun Teknologikorako lehendakariordeari igorritako gutunean.
Ikusi gehiago
Parisek argi utzi du Bruselak kautelazko neurriak hartu beharko lituzkeela Sheinen aurka; izan ere, haren iritziz, behin eta berriro hautsi du legea. «Ez ditu bere betebeharrak bete, batez ere adin txikikoen babesari, legez kontrako edukiei eta haren saltzaileen trazabilitateari dagokionez». EBren zerbitzu digitalen arauak eskumena ematen dio Batzordeari plataforma digitalei haien fakturazioaren %6rainoko isunak jartzeko, eta lege hauste larriak badaude, haiek debekatzea ere erabaki dezake.
«Sheinek uste badu legearen gainetik dagoela, oker dagoela erakutsiko diogu. Amaitu da inpunitatea»
ANNE LE HENANFFÂ Frantziako Adimen Artifizialeko eta Gai Digitaletako ministroa
Eskutitzean, tonu gogorra erabili dute ministroek. «Sheinek uste badu legearen gainetik dagoela, oker dagoela erakutsiko diogu. Amaitu da inpunitatea», idatzi du Le Henanffek. «Gure arauak denentzat dira; bai kalean, baita Interneten ere, herritar arruntentzat eta erraldoi digitalentzat», ziurtatu du Lescurek.Â
Sendo agertu nahian, Amelie de Montchalin Kontu Publikoetako ministroak jakinarazi du gaur Parisko Charles de Gaulle aireportura iritsitako Sheinen 200.000 pakete banan-bana aztertuko zituela.
Bruselara jo aurretik, bere kasa ere neurriak hartu ditu Frantziak. Parisko fiskaltzak ikerketa zabaldu du Sheinen aurka «adin txikikoen irudi edo errepresentazio pornografikoak» zabaltzeagatik —Ali Express ere sartu du salaketa horretan—, eta beste bat adin txikikoek eskuragarri dituzten mezu bortitzak edo pornografikoak zabaltzeagatik —azken horrek, Sheini ez ezik, Txinako Temu plataformari eta AEBetako Wish-i ere eragiten dio—.

Aldi berean, Laurent Nuñez Barne ministroak Sheinen web orria blokeatzeko eskaera egin du epaitegietan, baldin eta frogatzen bada debekatutako produktuak oraindik eskuragarri dituela. DGCCRF Konkurrentziaren, Kontsumoaren eta Iruzurren Errepresioaren Zuzendaritza Nagusira ere jo du gobernuak kautelazko neurri eske.
Salaketa horiei guztiei erantzun die Sheinek. Asteazkenean jakinarazi zuen bere marketplace zerbitzua eten zuela Frantzian, hau da, beste enpresa batzuek Sheinen plataformaren bitartez saltzen dituzten produktuen zerbitzua. Halaber, zabaldu zuen Frantziako Gobernuarekin harremanetan jarriko zela auzia konpontzeko, eta agindu zuen barne ikerketa bat abiatuko zuela Frantziako legedia betetzen duela egiaztatzeko. Â
Konkurrentzia desleiala
Baina panpina sexualen eta armen eskandaluaren atzean badago beste kezka bat: Sheinen eta haren moduko Txinako beste enpresa batzuen negozio ereduak —Temu, Alibaba...— kontinenteko arropa saltzaileei egiten dieten lehia handia. Izan ere, oso prezio apaleko arropak eskaintzen dituzte —elastikoak eta galtzak bizpahiru eurotan, esaterako—, etengabe berritzen dute beren eskaintza —kritikoen esanetan, diseinatzaile independenteen eta marka handien modeloak kopiatzen dituzte, eta beste saltzaile handi askok ez bezala, neurri guztietarako jantziak eskaintzen dituzte. Â
Batez ere Internet bidez saltzen du Sheinek, baina aldi baterako dendak ere zabaldu ditu Europako hiri batzuetan. Orain beste urrats bat egiten ari da: aldi baterako denden ordez, ohiko dendak zabaltzea. Hain zuzen ere, asteazkenean ireki zuen bat Frantzian, Parisko erdialdean. Bezeroez gain, protestariak ere sartu ziren inaugurazio egunean, salatzeko Sheinen negozio ereduak ingurumenari kalte egiten diola eta jantzi merkeak haurren esplotazioaren ondorio direla.
Nerabeen gustuko denda izateko ospea zuen Sheinek, baina azken azterketek erakusten dute bezeroen adina gora egiten ari dela, eta gaur egun erosketen ia erdia 35 eta 49 urte artekoek egiten dutela. Frantzian bertan, arropa saltzaile handienen artean bosgarrena da Shein.
 Â