BSHko langileen %78k onetsi egin dituzte aurreakordioaren baldintzak

Bozkatzera deitutako beharginen %91k parte hartu dute: 475ek bozkatu dute alde, eta 127k kontra. Alemaniako taldeak azaroaren 30ean kaleratuko ditu 50 urtetik beherako langileak, eta abenduaren 31n gainerakoak.

BSHko langileen manifestazioa, uztailaren 5ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
BSHko langileen manifestazioa, uztailaren 5ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
Ezkirotz
2025eko uztailaren 21a
18:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreakordioa ofizial egingo da. BSHko langile gehien-gehienek baiezkoa eman diote UGT, CCOO, ATISS eta Solidari sindikatuek iragan astean hitzartutakoari. Orotara 609 langilek bozkatu dute, eta %78k onetsi dituzte kaleratzeko baldintzak: 475ek alde bozkatu dute, 127k kontra egin dute (%21), bi abstenitu egin dira, eta bostek boto baliogabea eman dute.

Hiru txandatan egin dute bozketa. Azkena 15:00etan egin da, eta ordubete inguru iraun du zenbaketak. Zazpi hilabeteko borroka luzearen arrastoak nabari dira lantokiaren sarreran. Hilarriak eta lantokiei dagozkien panpinak ageri dira atari ondoan, eta handik gertu langile bakan batzuk atera dira, etxerantz. Guztia amaituta, Juanjo Hemoso de Mendoza langile batzordeko presidentea kazetariekin mintzatu da. «Uste nuen kontaketak gehiago iraungo zuela, baina ohituta gaude hauteskunde sindikalak, lan hitzarmena eta horrelako galdeketak egitera, eta azkar joan da. Badakigu zein den dinamika».

Langile guztiak zeuden bozkatzera deituta: ez soilik egun lanean direnak edo kaleratuko direnak, baizik eta baita beste lantokietan tokia izango dutenak eta egun eszedentzian daudenak ere: 668 orotara. «Enpresak langile batzuk espedientetik kanpo utzi baditu ere, guk ez dugu inor bozketatik at utzi nahi izan. Uste dugu denek zutela parte hartzeko eta libre erabakitzeko eskubidea», aipatu du Hermoso de Mendozak.

Kaleratzeak, azaroan eta abenduan

Azkenean, 609 langilek bozkatu dute, eta hain zuzen ere horiek dira datozen hilabeteetan lan erregulazioko espedientean sartuko direnak: 50 urtetik beherakoak azaroaren 30ean kaleratuko dituzte, eta gainerakoak, berriz, abenduaren 31n. Ordura arte, lantokia irekirik egongo da, eta, hitzartutakoaren arabera, enpresak planifikatutako produkzioaren %95 bete beharko dute langileek abuztutik abendura bitartean.

Iragan astean hitzartutakoaren arabera, 55 urtetik beherako langileek 45 eguneko kalte ordaina jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko, eta 1.500 euroko diru saria ere kobratuko dute antzinatasun urte bakoitzeko. 55 eta 63 urte arteko langileek erretiro aurreratua izango dute —soldataren %70 jasota—, eta lan hitzarmenean zehaztutako kotizazioak ordaindu beharko ditu enpresak. Langile horiek ez dute kalte ordainik jasoko, baina.

Gainera, lantokia berrindustrializatzeko aukera irekirik egongo da. Hermoso de Mendozaren arabera, «bospasei enpresak interesa azaldu dute», baina bakar batek ere ez du aurrerapausorik eman oraindik: «Enpresa bakoitzak bere erritmoa du, eta espero dugu aukeraren bat gauzatuko dela. Oraingoz, baina, ez da halakorik gertatu, eta ez dago lantokia bere gain hartzeko prest dagoen inor».

«Elkarrekin egon gara amaiera arte, eta balioa eman nahi diot batasun horri. Zazpi hilabeteotan, hala batzordeak nola langileek era eredugarrian jokatu nahi izan dugu».

JUANJO HERMOSO DE MENDOZABSHko langileen batzordeko presidentea

Behin emaitza plazaratuta, bihar goizean goiz bilduko da langile batzordea, zer urrats egin aztertzeko eta enpresari bozketaren berri emateko. Gainera, etzi, langileen ordezkariak Nafarroako Gobernuarekin bilduko dira 10:00etan, «berrindustrializazioaren bidearen inguruan lan egiteko, eta aurrera egiteko».

Hermoso de Mendozak gogora ekarri duenez, urtarrilaren hasieran Espainiako Industria Ministerioak multinazionala deitu zuen aukera hori aztertzeko mahai bat osatzera, eta, presio horren ondorioz, BSHk Metys aholkularitza etxea kontratatu zuen. Geroztik, Nafarroako Gobernuak, Espainiako Gobernuak eta taldeak mahai bat osatu dute inbertitzaileak bilatu eta operazio posible hori aztertzeko. Langileak mahai horretatik kanpo badaude ere, zuzeneko informazioa jaso dute orain arte: «Harreman zuzena dugu Ministerioarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, guri dagozkigun gaiak aztertzeko».

LABek eta ELAk ez dute babestu aurreakordioa, eta, hain zuzen ere, Hermoso de Mendoza LABeko kide da. Emaitzaren zergatiaz galdetuta, ez du iritzia eman nahi izan, baina onartu du zazpi hilabeteko prozesua «oso gogorra» izan dela. «Multinazionalak eskura zituen kartak baliatu ditu, eta, aholkulari onak dituenez, bere estrategiari jarraitu dio», aipatu du, eta zera gaineratu: «Posible zen akordioa anbizio handiagokoa izatea eta enpresak bestelako alternatiba bat ematea? Bai, jakina, baina ni ezin naiz sartu langile bakoitzaren iritziari eta ikuspegiari dagozkion kontuetan».

Kontzientzia, lasai

Nahiz eta azken orduan sindikatu bakoitzak bere ikuspegia azaldu, Hermoso de Mendozak nabarmendu du batuta egin dutela bidea: «Elkarrekin egon gara amaiera arte, eta balioa eman nahi diot batasun horri. Zazpi hilabeteotan, hala batzordeak nola langileek era eredugarrian jokatu nahi izan dugu, sendo eta zintzo, mobilizazioen eta adierazpenen bidez jendaurrean azaleratzeko asmoz zer gertatu den».

Mendozarentzat berarentzat ere gogorra izan da prozesua, maiz egokitu baitzaio jendaurrean agertzea. «Kontzientzia oso lasai» duela onartu du. «Langileen gehiengo handi baten errespetua irabazi dut, eta hala erakutsi didate. Egoera honetan, langile klasearen ikuspegitik zegokidan lana egin dut. Osteguneko batzarrean guztiei esan nien ohore bat eta plazer bat izan dela, baina hau ez da amaitu». Gogora ekarri du, hortaz, bururaino aztertu behar dela Ezkirozko lantokiari irekita eusteko aukera hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.