BSH ez ixteko borrokak ez du lortu ezarritako helburua. Eroslerik agertu ezean, Alemaniako multinazionalak urte amaieran itxiko du Ezkirotzen duen lantegia (Galar, Nafarroa), eta kalera botako ditu han aritzen diren 609 langile. Hilabeteko negoziazioen ondoren, langileen kaleratze baldintzei buruzko akordioa lortu du zuzendaritzak sindikatu batzuekin, gaur goizaldean. Azkenean lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte ordaina jasoko dute, urte kopuruetan mugarik ezarri gabe. Gainera, 1.500 euroko saria jasoko dute urte bakoitzeko.
Langileen ordezkariak erregulazio espedientearen negoziazioa luzatzen saiatu dira azken egunotan, baina Alemaniako taldeak lehenbailehen itxi nahi zuen atal hori, eta uko egin zion eskaerari. Horrenbestez, zuzendaritzak akordio baten aurrekoa lortu du langile batzordearen gehiengoarekin, zehazki hamabi ordezkarirekin; UGTko zazpiekin, CCOOko biekin, ATTIS biekin, eta Solidarikoarekin, alegia. LABeko hiru ordezkariek eta ELAko biek ez dute onartu. Azkenik, 609 langile kaleratuko dituzte, eta Nafarroako aspaldiko kaleratze kopururik handiena izango da.
Astelehenean, bozketa
Aurreakordioa eginda, langileek batzarra egin dute gaur, 13:00etan, azken edukia aurkezteko eta bozkatzeko. Hori egin arte ez dute xehetasunik eman nahi izan akordioaren edukiari buruz, langileak errespetatzeko. «Adostutakoa langileei azaltzeak du lehentasuna, eta, behin batzordeak erabakita, bozketa egingo dugu», idatzi du sare sozial batean Juanjo Hermoso de Mendoza langileen batzordeko presidenteak. Batzarrak luze jo du, eta, azkenean, ez dute bozkatu. Batzordeak astelehenean egitea proposatuko die langileei. Akordioa aurrera ateratzeko gehiengo osoa beharko da.
Bihar goizean, beste hiru batzar egingo dituzte langileekin toki eta ordu diferenteetan, edukia zehatz-mehatz azaltzeko: 55 urtetik gorakoak 09:00etan bilduko dira; 10:15ean, 45 eta 54 urte arteko beharginekin batzartuko dira; azkenik, 45 urtetik beherakoak 11:30ean bilduko dira. Bilkura bakoitza ordubete ingurukoa izango da, eta, aurretik, langileen artean digitalki aurreakordioaren edukia zabaldu dute. Soilik langileen artean zabaltzeko eskatu dute.
Batzordeak ulermena eskatu die kazetariei. Zazpi hilabete iraun du prozesuak eta oso gogorra izan da langileentzat. Zenbaitek gaixo agiria hartu dute. Horren guztiaren adierazle, Hermoso de Mendozak telematikoki bozkatzeko aukera emateko eskatu du batzarra hasi aurretik. «Batzuek ondorio psikologikoak dituzte, eta ez die ongi egingo lantokira itzultzeak», aipatu du.
Hilabete izan dute lan erregulazioko espedientea negoziatzeko. Lehen bilera Irurtzungo Plazaola hotelean egin zuten, eta lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko kalte ordaina proposatu zuen zuzendaritzak. Dokumentu asko trukatu ostean, uztailean hainbat bilera egin dituzte Iruñean, Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomikoko Departamentuaren egoitzan, Tomas Caballero plazan. Langileen ordezkariak bildu bitartean, langileak kanpoan elkarretaratu dira azken egunetan, eta BSH ez itxi leloarekin eta multinazionalaren kontrako bestelako mezuekin bete dute ingurunea. Balay eta Bosch, ezerk ez du konpentsatuko sortu duzuen mina zioen pankarta bat ere zabaldu dute.
Atzoko bilera oso luzea izan zen. Goizeko hamarretan ekin zioten, eta, bazkaltzeko tartea hartuta, berriro ekin zieten negoziazioei. Eguerdian tirabiraren bat sortu zen kanpoan zain zeuden langileen artean, bizi duten egoeraren seinale. 22:30ak jota, negoziazioa ez zen amaitua oraindik. Lan erregulazioko espedientearen kontsulta epemuga amaitzear denez gero, hura atzeratzeko eskatu zuen langileen batzordeak, baina BSHk ez zuen nahi halakorik. Azkenik, gaur goizaldeko ordu txikietan, hogei orduko bilera luze baten ostean, lortu dute aurreakordioa egitea.
Kalte ordainak
Bilera horietan, pixkanaka kalte ordainen kopurua igo du BSHk. Asteartean, lan egindako urte bakoitzeko 29 eguneko kalte ordaina proposatu zuen, baina gehienez hamabi hilabeteko soldata pagatuko zuela esan. Atzo, bileraren hasieran, lan egindako urte bakoitzeko 38 laneguneko konpentsazioa ematea proposatu zuten, baina 2012ra arteko mugarekin, eta 2012a baino lehenagoko urteetarako 29 laneguneko kalte ordaina izatea. Proposamen horrek ez zuen bat egiten sindikatuen asmoekin. Azkenik, 45 laneguneko kalte ordaina ematea onartu du enpresak, eta ez du mugarik jarriko.
Espedientetik kanpo geratu dira 46 langile, horien artean bero ponpak egiten dituzten hemezortzi langileak. Kalte ordainez gain, enpresak 49 postu ere eskainiko ditu taldeak dituen beste lantokietan. Gainera, legeak behartuta, urtebetez plan bat ezarri beharko du langileak beste postu batzuetan jartzeko BSHtik kanpo.
Espedientearen edukia hitzartuta, lantokia urte amaieran itxiko dute. Hala, langileak apurka kaleratuko dituzte datozen bost hilabeteetan. Bitarte horretan ez da baztertzen beste inbertitzaile bat topatzeko aukera, eta bai Nafarroako Gobernuak bai Espainiako Industria Ministerioak bai BSHk berak ateak irekirik edukiko dituzte aukera hori aztertzeko. Egunotan, Juanjo Hermoso de Mendoza langileen batzordeko presidenteak onartu du bost eragilek interesa agertu dutela, baina oraingoz ez da proiektu bakar bat ere gauzatu.
BSHk ere prentsa ohar bidez baieztatu du negoziazioa amaitu dela. Akordiora heltzeko «ahal den guztia» egin duela aipatu du, eta errepikatu du berrindustrializatzeko alternatiba posibleak aztertuko dituela administrazioekin batera.
BSHren «diru gosea»
ELA akordioaren aurka azaldu da, «kaleratzeen odoluste historikoa» delako eta lantokiaren jarduera behin betiko amaituko delako. «BSHk mozkin handiak lortu ditu, eta azken urteetan dibidenduak banatu ditu. ELArentzat onartezina da zuzendaritzaren diru gosearen ondorioz langileak kalean uztea. Horietako askok hamarkadak eman dituzte lanean». Salatu du prozesu osoa «agonia bat» izan dela. Horregatik aurreakordioa babestu duten lau sindikatuak kritikatu ditu, enpresak emandako arrazoiak «gezurra» direlako eta deslokalizazio bat babestu dutelako. «Ez da merkatutik eratorritako egoera bat. Enpresaren aldebakarreko erabaki bat da», salatu du.