CAFeko langileak Jerusalemgo egitasmoaren aurka mobilizatu dira

Ordubeteko lanuztea egin dute. Zuzendaritzaren «zinismoa» salatu dute, eta gogoratu dute Euskal Herriko beste enpresa batzuek ere badutela harremana Israelekin.

CAFeko langileek asteazken honetan egin duten elkarretaratzea. LAB
CAFeko langileak, Beasaingo lantegian gaur egin duten elkarretaratzean. LAB
jokin sagarzazu
2025eko urriaren 1a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

CAFeko langileek mezu argia bidali diote zuzendaritzari: ez dute parte hartu nahi Gazako genozidioarekin loturarik duen proiektuetan. Hori adierazteko, Beasaingo eta Irungo lantegietako (Gipuzkoa) dozenaka langilek bat egin dute enpresa batzordeak gaur goizerako deitutako lanuztearekin. 10:00etatik 11:00etara utzi dituzte lanpostuak, eta elkarretaratze isil bat egin dute.

Gazako genozidioa dela eta, CAFen aurkako presioa handitu egin da, Ekialdeko Jerusalemen —Palestinako lurralde okupatuetan— egiten ari den tranbiaren harira. Mobilizaziora deitzeko deialdian, langile batzordeak gogoratu zuen egitasmo horren aurka mintzatu zirela bere garaian, baina zuzendaritzak ez diela jaramonik egin.

Orain, hainbat lekutatik iritsi zaizkio kritikak. Nazio Batuen Erakundeak Israelek palestinarrei ebatsitako lurretan lan egiten duten enpresen zerrendan sartu du Gipuzkoako konpainia, beste 68rekin batera, eta azalpenak eskatu dizkio. Atzo Espainiako Gobernuko Kontsumo Ministerioak jakinarazi zuen ikerketa bat abiatuko duela CAFi eta zerrenda horretan azaltzen diren Espainiako hiru enpresari buruz. Ekain amaieran, Francesca Albanese NBEren Palestinari buruzko kontalari bereziak CAFi leporatu zion «genozidioaren ekonomiatik» etekina ateratzea, beste konpainia batzuekin batera.

Erantzukizuna

Aurreko ostegunean, CAFek ohar bat kaleratu zuen, eta ziurtatu zuen proiektu horrekin ez dela giza eskubiderik edo nazioarteko beste ezein lege urratzen ari. Egunotan, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak argudio horrekin bat egin dute, eta babesa helarazi diote. Hala ere, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurretik esana zuen CAFek «hausnarketa etikoa» egin beharko lukeela Palestinako proiektuari buruz.

Langile batzordeak uste du «bere irudia zuritzeko» egin duela adierazpen publiko hori zuzendaritzak, duela sei urte Jerusalemgo proiektua hasi zuenetik lehenengoa. «Erantzukizuna bere gain hartu eta proiektu honetatik eta Israeldik urruntzeko formulak bilatzen saiatu beharrean, herrialde okupatzailearen tesia bere egin du, eta bere irudia zuritu nahi du, NBEren beraren argudioei aurre eginez». Zuzendaritzaren «zinismoa» salatu dute.

Dena den, langileek nabarmendu dute CAF ez dela Israelen negozioak egiten dituen euskal enpresa bakarra, eta horiek ere «ardura etikoa eta soziala» dutela azpimarratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.