Beasaingo (Gipuzkoa) enpresak amiantoarekin lotutako gatazkak pilatzen jarraitzen du. Horietan azkena Donostiako Lehen Auzialdiko Epaitegiak atzo ebatzitako epaia da: Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak CAFi ezarritako 196.746 euroko zigorra berretsi zuen, amiantoaren arriskuaren prebentzioan «arau hauste larria» egiteagatik.
Zigorra ezartzeko arrazoia 2023ko gertakari bat da: lantegiko zenbait pabiloietatik amiantoa kentzeko lanei ekin zien enpresak orduan, zementuzko hainbat plaketan mineral hori aurkitu ondoren. Auzitegiaren ebazpenaren arabera, lan horiek amaitu aurretik, amiantoa kendu zutela bermatu gabe eta aire kalitatearen neurketarik eduki gabe, zenbait behargin nabe horietara sartzea onartu zuen CAFek, eta horrela mineral hori arnasteko arriskuan jarri.
Hortaz, ebazpenak dio CAFek arriskuen prebentzioan dituen betebeharrak urratu zituela orduan, eta enpresak Jaurlaritzaren zigor eskaerari jarritako helegitea baliogabetu du.
Historia luzea
«Enpresak ez zituen amiantoaren aurka prebentzio neurri egokirik bermatu, eta ehunka langileren osasuna arriskuan jarri zuen», adierazi du LAB sindikatuak zigorraren berri izan ostean. Izan ere, sindikatuaren esanetan, amiantoa kentzeko lanak amaitzean, pabiloien deskontaminazioa bermatuko zuten azken ikuskapenak eta neurketak egin gabe lanera itzuli ziren 300 langile inguru.
LABek exijitu dio CAFi erantzukizunak bere gain har ditzala, gertakariaren inguruko azalpen guztiak emateaz gain. Horrez gain, eskatu dio amiantoaren eraginpean egon ahal izan diren langile guztiei «beharrezko informazioa, arreta eta jarraipena» bermatu diezaietela, etorkizunean gisa horretako gertakaririk errepikatu ez dadin. «Langileen osasuna eta segurtasuna ezin dira inoiz bigarren mailan geratu, are gutxiago enpresaren interes ekonomikoen mesedetan».
CAFen 2002tik debekatuta dago amiantoa erabiltzea; 1990eko hamarkadara arte han ekoitzitako trenetan isolatzaile gisa erabili ohi zuten. Beasaingo lantegiarekin loturik, 60 pertsona baino gehiago hil dira mineral hori arnasteak eragindako gaixotasunengatik: beharginak gehienak, baina baita haien bikotekideak ere.
Hain zuzen, aurreko astean Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak jakinarazi zuen 2024an hildako CAFeko behargin ohi baten familiak 206.492 euro eskatu dizkiola enpresari kalte ordainengatik.