Inoiz baino hobeto zebilen CAF iaz: 146 milioi euro irabazi zituen 2025ean, aurreko urtean baino %42 gehiago. Eta antzera dabil aurten ere. Horren erakusgarri da Frantziako Ile-de-France Mobilites erakunde publikoarekin lortu berri duen kontratua: hamabost tranbia egingo ditu, eta trukean 150 milioi euro jaso. Tranbiak Bigorran (Okzitania) eraikitzea espero dute, CAFen hango lantegian.
T13 linea Parisko Mendebaldeko Ingurabide Handia delako eremuan dago, eta Yvelilnes departamenduan hedatzen da. Saint-Germain-en-Laye eta Saint-Cyr-l'Ecole udalerriak lotzen ditu, 2022. urteaz geroztik egunero. Beasaingo (Gipuzkoa) enpresaren tranbiei esker, Acheres udalerriraino zabalduko dute linea. CAFek azaldu duenez, espero dute horrela bidaiak denbora gutxiagoan egin ahal izatea, beste garraiobideekin konbinatzeko aukera hobetzea, eta linea «tren moderno eta fidagarriz hornitzea».
Tranbia bakoitzak zazpi modulu artikulatu izango ditu. Unitateek 42 metro luze eta 2,65 metro zabal izango dira, eta 256 bidaiarirentzako tokia edukiko dute. Zehatz esanda, 86 eserleku eta 170 lagun zutik joateko lekua.
Urtarrilean, CAFek beste kontratu bat lortu zuen Frantzian, Akitania Berrirako hamar tren egiteko. Konpainiak azpimarratu duenez, Frantzia bere merkatu nagusietako bat bihurtu da.