CAFek inoizko eskari zorrorik handiena du, eta irabaziak %42 handitu ditu

Beasaingo konpainiak 16.235 milioi euroko lan karga metatu du, eta, 146 milioi euroko irabaziak lortuta, 2011ko marka historikoa berdindu du. Talgok, berriz, 100 milioi euro galdu ditu.

CAFeko eta erakundeetako agintariak, Beasaingo lantegian egindako ekitaldi batean. JUAN HERRERO / EFE
CAFeko eta erakundeetako agintariak, Beasaingo lantegian egindako ekitaldi batean. JUAN HERRERO / EFE
jokin sagarzazu
2026ko otsailaren 27a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aparretan da CAF. Gipuzkoako industria enpresa handienak beste mugarri bat ezarri du. Iaz bere historiako urterik oparoena izan zuen. Inoizko salmenta gehien egin zituen, bere ibilbideko eskari zorrorik handiena du, eta irabazietan 2011ko marka historikoa berdindu du.

CAFek 16.235 milioi euroko lan karga du gaur egun. Urte bakarrean %10 handitu du, eta horrek datozen urteetarako jarduera maila handia bermatzen dio. Horrekin batera, irabazietan ere jauzi nabarmena egin du: 146 milioi euro irabazi zituen iaz, aurreko urtean baino %42 gehiago, eta bere historiako emaitza onenaren pare geratu da —2011n 146,18 milioi euro garbi irabazi zituen—.

Azken urteak oso onak izaten ari dira Beasaingo konpainiarentzat. Iazko fakturazioa 4.487 milioi eurora iritsi zen, %7 gehiago. Salmenta horiek ere inoizko handienak dira, kontratu kopuruak eraginda, baina baita errentagarritasun handia atera dielako ere. Salmenta horietatik %76 tren arloko jarduerari dagozkio —3.400 milioi euro inguru—, eta %24, autobusen negozioari —1.000 milioi euro pasatxo—. Bigarren horrek indar berezia hartu du azken urteetan, batez ere zero emisioko ibilgailuen eskaerak ugaritu egin direlako Europan.

Merkatuei dagokienez, Europa da CAFen trenen eta autobusen helmuga nagusia: salmenten %80 baino gehiago bertan egin zituen iaz. Konpainiak azaldu duenez, Espainiaren pisua handitzen ari da, eta nabarmendu du bertako administrazioekin eta garraio operadoreekin duen harremana sendotzen ari dela. Hainbat hiritan tren eta metro hornikuntzarako kontratu berriak eskuratu ditu. Horrez gain, Italian eta Frantzian ere presentzia sendoa duela gogoratu du.

Belgikakoa zenbatu gabe

Eskari zorroaren hazkundea 6.000 milioi eurotik gorako kontratazioari esker etorri da. Lan poltsaren osaerari begiratuta, %88 inguru tren arloko jarduerari lotuta dago —trenak, sistemak eta mantentze zerbitzuak—, eta gainerakoa, autobusen atalari.

Trenen arloan egindako kontratu guztien artean bat nabarmendu zen iaz: 2025eko abenduan Belgikan lortutakoa, 1.700 milioi eurokoa. Beasaingo konpainiak inoiz sinatu duen kontraturik handiena da, baina ez dago oraindik 2025eko zorroan kontabilizatuta. Beste kontratu mardul batek, ordea, ihes egin zion iaz: Dublin eta Belfast lotzen dituzten trenak berritzeko lanak. Azkenean, Europan duen lehiakide nagusiak egingo du, Stadlerrek, 650 milioi euroren truke.

Hala ere, pisu handiko beste kontratu batzuk lortu zituen, hala nola Marokokoa. 2030eko futboleko Munduko Kopa dela eta hango trenbide sarea berrituko dute, eta CAFek Intercity modeloko 30 tren egingo ditu, 600 milioi euroren truke. Horrez gain, Brasilen 500 milioi euroko kontratu bat egin du. Horiei batu behar zaie, besteak beste, Erresuma Batuko Northern Rail konpainiarentzat egin dituen trenak eta Medellingo metrorako egingo dituenak (400 milioi).

Kontratu berriez gain, lehendik zeuden proiektuen luzapenek eta mantentze lanek sendotu dute CAFen jarduera. Horien artean, Israelgo kontratuak azaltzen dira. 2025ean, 165 tranbia egin zituen Jerusalemerako, eta 80 Tel Aviverako.

Lan horiek eztabaida handia eragin dute, eta zalapartak irailaren amaieran jo zuen goia, Nazio Batuen Erakundeak CAF sartu zuenean Palestina okupatuan lan egiten duten konpainien zerrendan. Horrek CAFen gaineko protestak eta presioa areagotu zituen. Izendapen horrek ez dio zigorrik ekartzen enpresari, baina, haren bitartez, NBEk enpresei zera eskatzen die, eragin ditzaketen giza eskubideen urraketak gerta ez daitezen «neurri eraginkorrak» hartzeko.

Autobusen atalak ere kontratu handiak ekarri dizkio CAFi. Lehen aldiz 2.000 milioi eurotik gorako eskaerak lortu ditu urte bakarrean.

17.500 langile

Irabazien hazkundea ez da salmenten igoeraren ondorio hutsa. Ustiapen emaitza hobetu egin du, eta finantza gastuak ere txikiagoak izan dira, zorra murriztu baitu. Zor garbia 200 milioi euroren azpitik kokatu da, eta diruzaintza eta kreditu lerro erabilgarriek 1.000 milioi eurotik gorako babesa ematen diote taldeari. Horrek inbertsioei eusteko eta ekoizpen ahalmena handitzeko aukera ematen diote. Zergen atalean, sozietate zergan 60 milioi euro inguru pagatu zituen iaz.

Horrekin batera, beste emaitza historiko bat ere ezarri du. Inoizko langile gehien ditu konpainiak, munduko hainbat tokitan dituen plantetan: 17.500 langiletik gora. Azaldu duenez, hazkunde horren zati bat autobus atalaren zabalkundeari lotuta dago, baina baita tren proiektu berrien exekuzioari ere.

Aurtengoari begira, jarduera eta emaitzak handitzen segitzea espero du CAFek. Adierazi du eskari zorro handiak lan karga bermatzen diola epe ertainera, eta zero emisioko mugikortasunaren aldeko politikek mesede egiten diotela, bai trenaren bai autobusaren negozioari. Konpainiaren aurreikuspenen arabera, salmentek gora egiten jarraituko dute eta irabaziek ere hobera egingo dute, kontratu berrien exekuzioa bizkortzen den neurrian.

Akziodunek ere nabaritu dute urte ona: akzio bakoitzeko irabazia nabarmen handitu da, eta dibidendu handiagoa proposatu du kontseiluak.

Talgok 100 milioi euroko galerak izan ditu

Euskal Herriko tren ekoizleen sektorean Talgo da txanponaren beste aldea. 100 milioi euroko galerak izan zituen iaz, aurreko urtekoak baino %6,7 txikiagoak. Konpainia horren egoitza iazko abenduan itzuli zen Euskal Herrira, Sidenorreko buru Jose Antonio Jainagak gidatutako euskal kontsortzio baten eskutik, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren parte hartzearekin. Konpainiaren zorra 394 milioi eurokoa da gaur egun. Dena den, lanik ez zaio falta. Talgok bere historiako eskaera zorrorik beteena dauka gaur egun, 4.466 milioi euroren lanak baititu entregatzeko. Otsailaren hasieran, gainera, 1.332 milioi euroko kontratu bat sinatu zuen, Saudi Arabiarako. Haatik, buruhauste handiak ditu, produkzio katea ezinean baitabil trenak garaiz egiteko, eta atzerapenak izaten ari da hainbat eskaritan. Iaz Deutsche Bahn konpainiarekin zuen kontratua murriztu behar izan zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.