Great River City Rail Light kontsortzioari adjudikatu diote Parramatta auzoko tren arineko lehen fasea. Horren barruan daude CAF Rail Australia eta Transdev Australasia. CAFek zazpi moduluko hamahiru tranbia hornituko ditu, Urbos modelokoak. Gainera, tren lineako sistemak eta integrazioa hornituko ditu, eta trenbideak izango dituen hamasei geltokietako plataforma, eta mantentze-lanetarako eta euskarria emateko instalazioen diseinua eta eraikuntza ere egingo ditu. Azen lan horiek Laing O’Rourke ingeniaritza-enpresari azpikontratatuko dizkio.
CAF taldeak 300 milioi euro inguru jasoko ditu kontratu horren bitartez. Trenbideak 2023. urterako egon beharko du erabiltzeko prest.
Gaur egun, Parramattako tren arina da Hegoaldeko Gales Berriko gobernuak abian jarritako azpiegitura-proiektu garrantzitsuenetako bat. Sydneyen eta Parramatta Handiaren hazkunde handiari aurre egitea eta zonaldeko garapen ekonomikoa lortzen laguntzea du xede.
Australian, 2010etik
CAFek 2010. urtean sortu zuen Australiako adarra. 2012an, Transport for New South Wales enpresarentzako bere lehen kontratua eskuratu zuen, sei trenbia egiteko. Ondoren, beste sei tranbiatan handitu zuten kontratua. 12 unitate horiek, gaur egun, Sydneyko Inner West linean dabiltza.
2016. urtean, Transport for New South Wales enpresak berriro hautatu zuen Newcastleko tren arinerako ACR sistemarekin ekipatutako sei tranbia hornitzeko. Linea 2019ko otsailean jarriko dute funtzionamenduan eta ibilbide osoan katenariarik ez duen Australiako lehen linea izango da.
2016an, Canberrako metroaren kontsortzioko kide gisa, CAFek 14 tranbia hornitzeko eta haien mantentze-lana 20 urtez egiteko kontratua sinatu zuen. Eskaria Canberrako tren arineko lehen linearako izan zen.
Beste kontratu batzuk
Urtea indartsu amaitu du Beasaingo tren konpainiak, Australiako kontratuari batu behar zaizkiolako abenduaren hasieran iragarritako beste batzuk, Irlandan, Kolonbian eta Italian. Trenak ez ezik, autobus elektrikoak ere egiten ditu CAFek, Vectia filialarekin Nafarroan, eta Solarisen bitartez, Polonian. Azken horrek 88 ibilgailu egingo ditu Rigarako (Letonia). 225 milioi euro jasoko ditu, guztira.