CAFek 300 milioi euroko kontratua lortu du Serbian

Beasaingo konpainiak 30 tren elektriko fabrikatuko ditu, Belgradeko aldiriko sarean zerbitzua emateko.

Belgraden zerbitzua emango duten tren modeloko unitate batzuk. CAF
Belgraden zerbitzua emango duten tren modeloko unitate batzuk, Beasaingo lantegian. CAF
jokin sagarzazu
2026ko martxoaren 30a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

CAFek eskari zorroa handitzen jarraitzen du. Oraingoan, 300 milioi eurotik gorako kontratua egin du Serbian, JSC Srbijavoz tren konpainia publikoarentzat. Aldiriko 30 tren unitate fabrikatuko ditu, eta bi urtez bere gain hartuko du horien mantentze integrala.

Serbian lortutako bigarren kontratua da oraingo hau. 2009an, hiribururako 30 tranbia diseinatu eta fabrikatzeko proiektua eman zioten Beasaingo konpainiari.

Unitate berriek Belgradeko BG Voz hiri inguruko sarean emango dute zerbitzua. Sareak 35 geltoki ditu, lau linea nagusi eta hiru osagarritan banatuta.

CAFek Civity plataforman oinarritutako tren elektrikoak egingo ditu. Unitate bakoitzak hiru bagoi izango ditu, eta 546 bidaiarirentzako edukiera izango dute, horietatik 204 eserita. Halaber, hemezortzi bizikleta eramateko tokia ere izango dute. Gehienez orduko 120 kilometroko abiaduran ibiltzeko diseinatuak daude.

Halako trenak beste herrialde batzuetan ere erabiltzen dituzte gaur egun.

Beasaingo konpainiak inoizko eskaera zorrorik handienarekin amaitu zuen 2025. urtea: 16.000 milioi eurotik gorako lan karga du egun. Iaz %10 handitu zuen lan poltsa, eta horrek jarduera sorta handia bermatzen dio datozen urteetarako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA