NBEk CAF sartu du Palestinako lurralde okupatuetan ari diren enpresen zerrendan

Giza eskubideak urratu ez daitezen «neurri eraginkorrak» hartu behar dituela ohartarazi dio.

Jerusalemgo tranbia eraikitzeko lanak. MAGDA GIBELLI / EFE
Jerusalemgo tranbia eraikitzeko lanak. MAGDA GIBELLI / EFE
jokin sagarzazu
2025eko irailaren 26a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazio Batuen Erakundeak ere begiz jota dauka CAF, eta beste ohartarazpen bat bidali dio, Jerusalemen egiten ari den tranbiaren harira. Israelek palestinarrei ebatsitako lurretan lan egiten duten enpresen zerrendan sartu du Gipuzkoako konpainia, beste 68rekin batera.

2023an 97 enpresa zeuden; horietatik zazpi kendu ditu, tartean CAFen sektoreko bereko Alstom frantziarra eta Espainiako eDreams bidaia plataforma. Orain guztira 158 daude, gehienak israeldarrak (138). AEBetako sei azaltzen dira, Espainiako hiru, eta Frantziako bi eta Erresuma Batuko beste bi. Bakarra dute Txinak, Kanadak, Alemaniak, Herbehereek eta Luxenburgok.

CAFekin batera, zerrendan beste enpresa ezagun batzuk azaltzen dira: AEBetako Expedia, Airbnb eta Booking bidaia plataformak eta Motorola enpresa teknologikoa; Frantziako Egis ingeniaritza; eta eraikuntzako sektoreko JCB eta Greenkote, Erresuma Batukoak. 2025eko eguneratzean sartutako enpresa gehienak eraikuntza sektorekoak dira. Hurrengo eguneratzetan, nagusiki segurtasun arlokoak izango dira, NBEk aurreratu duenez.

Zerrendan sartzeak ez du zigorrik ekartzen enpresentzat. Hala ere, NBE haiekin harremanetan jarri eta eragin ditzaketen giza eskubideen urraketak gerta ez daitezen «neurri eraginkorrak» hartzeko eskatzen die.

NBEn Giza Eskubideen Kontseiluak 2016an enkargatu zuen zerrenda egitea eta aldian-aldian berritzea. Desegoki ikusten ditu Israelek palestinarrei okupatutako lurretan azpiegiturak eraikitzea, etxebizitzak eta bestelako eraikinak suntsitzea, herritarren kontrol jarduerak egitea, baliabide naturalak erabiltzea edo kutsadura eragiten duten jarduerak egitea, besteak beste. Halakoetan diharduten 596 enpresari buruzko informazioa jaso zuen bulegoak 2024an.

Ekain amaieran, Francesca Albanese NBEren Palestinari buruzko kontalari bereziak CAFi leporatu zion «genozidioaren ekonomiatik» etekina ateratzea, beste enpresa batzuekin batera.  

«Gezurretan ari da»

Salaketa horretara batu da Euskal Herriko BDS Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak kolektiboa. «Tranpak» egitea eta «gezurretan» aritzea leporatu dio CAFi. Tren konpainiak ostegunean ziurtatu zuen Jerusalemgo tranbiarentzat egiten ari den lanak ez duela giza eskubiderik urratzen. BDSren arabera, hori argudiatzeko «konpainiak berak kontratatutako aholkularien» txostenak erabili ditu, baina horiek ez dute inondik ere erakusten egitasmoa legezkoa denik, ez orain eta ez 2019an, proiektua adjudikatu ziotenean.

Kolektiboak CAFek erabilitako argudio bat nabarmendu du. Konpainiak esan zuen «komunitate arabiarreko kideak» direla tranbiaren onuradun nagusiak, baina BDSk dio hori ez dela hala: «Gaur-gaurkoz hori guztiz ezinezkoa da, Jerusalemen ezarrita dagoen apartheid sistema dela eta».

BDSk ohartarazi du CAF «gero eta inguratuagoa» dagoela: arlo komertzialean, «Israelekin kolaboratzeagatik nazioartean eskura ditzakeen kontratu milioidun asko kolokan dituelako»; arlo politikoan, « Eusko Jaurlaritzako alderdietako bozeramaileek ere ezbaian jarri dutelako haren etika falta»; eta arlo sozialean, «gero eta masa sozial handiago batek haren jarduna gaitzesten duelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.