Enpresak

CAFek tranbiak egingo ditu Anberes eta Sydney hirietarako

Talgok Ingeteamen esku utzi du abiadura handiko trenen trakzio sistema.

De Lijn konpainiaren tranbia bat, Flandrian. CAF
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 29a
11:43
Entzun

Pandemiak eragindako geldialdia gaindituta, kontratuak kateatzen ari da CAF. Joan den astean Alemanian lortutako bi lanen berri eman zuen, eta gaur beste hiru iritsi zaizkio: Flandrian (Belgika), Australian eta Turkian. 115 milioi euro patrikaratuko ditu horien bitartez.

Lehen bi kontratuak aurretik CAFek lortutakoen luzapenak dira, eta biak dira tranbiak egiteko. Horrela, Flandriako Garraio Konpainiak, De Lijn-ek, beste hemezortzi tranbia erosiko dizkio Beasaingo konpainiari. De Lijn-ek eta CAFek 2017an hainbat lotetan 146 tranbia hornitzeko kontratuaren bosgarren zatiari dagozkio. Aurreko lauetan 86 unitate entregatu dizkio. Haiekiko alde bat badago:berriak bi noranzkoetan ibiliko dira.

De Lijn da autobusen eta tranbien Flandriako operadore publikoa, eta urtero 530 milioi bidaiari inguru garraiatzen ditu. Lehen 48 unitateak Belgikako kostaldeko linean dabiltza; aldiz, hirugarren, laugarren eta bosgarren lote honi dagozkion tranbiek Anberes hirian eskainiko dute zerbitzua.

Txikiagoa da, berriz, Australiako kontratua: lau tranbia, Sidney hiriko .Inner West Light Rail Line linearako. Unitate berriak 2023. urtearen hasieran entregatuko dituzte eta CAFen beste hamabi Urbos unitatek osatzen duten flotari gehituko zaizkie. Hego Gales estatuko garraio agintaritzaren beste bi proiektu egin ditu.

CAFen beste negozio adar batek, seinaleztapenarenak, Turkian lortu du beste lan bat. CAF Signalling-ek Çerkezköy eta Kapikule hirien arteko trenbidean seinaleztapen sistema jarriko du. Tarte horrek 153 kilometroko luzera du, eta Istanbulen eta Bulgariako muga arteko abiadura handiko linean dago.Gaur egun trenbide bakarra dena trenbide bikoitz batekin ordezkatuko dute orain.

Ingeteamek, Talgorentzat

Trengintzarekin lotutako beste kontratu baten berri eman du Ingeteamek: Talgok bere esku utzi du abiadura handiko 30 trenen trakzio elektrikoaren sistemak eraikitzeko. Ingeteamen Ortuellako lantegian (Bizkaia) egingo dituzte sistemak, eta gero Ribabellosako Talgoren lantegira (Araba) eramango dituzte, han ari baitira trenen muntaketa lanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.