Enpresak

CAFek trenak eta tranbiak egingo ditu Alemaniarako

LRV tren arinak egingo ditu Ruhr harrorako, eta tranbiak Friburgorako. Irizarrek 68 autobus elektriko egingo ditu Zaragozarako

CAfen tranbia bat, Friburgon. CAF
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 18a
10:40
Entzun

CAF taldeak Ruhrbahn GmbH operadorearekin kontratu bat sinatu du, Essen eta Muelheim an der Ruhr hirietan zerbitzua eskainiko duten LRV mota 51 tren hornitzeko. LRVak (Light Rail Transit) metroen eta tranbien arteko nahasketa bat dira: trenek tranbia itxura dute, baina haiek baina gaitasun handiagoa dute eta bizkorrago mugitzen dira.

Kontratua Ruhrbahn GmbH operadorearekin egin du CAFek, eta unitateak 2024 eta 2026. urteen artean entregatuko dituela hitzartu du.

Ruhrbahn da Ruhr eremuko garraio-enpresa handiena eta Essen eta Muelheim an der Ruhr hirietako garraioa kudeatzen du. Hala, urtean, 150 milioi bidaiari baino gehiagori ematen die zerbitzua. Enpresaren jarduerak hiru metro-linearen, hamaika tranbia-linearen eta 74 autobus- linearen kudeaketa jasotzen du eguneko eta gaueko zerbitzuen artean.

Unitate berriak bi noranzkotakoak eta zoru baxukoak izango dira. Luzera 28 metrokoa izango da eta gutxienez 173 bidaiarirentzako edukiera izango dute. Gainera, gurpildun aulkiak edo haurrentzako aulkiak behar dituzten bidaiarientzako bi plaza multifuntzional ere izango dituzte. Gainera, segurtasun handiagoa bermatzeko, gidariari laguntza emateko sistema eta kanpoko kamerak izango dituzte ohiko atzeraispiluen ordez.

Ruhr ibaiaren harrotik hegoaldera, Oihan Beltzaren mendebaldeko sarbidean dago Friburgo. Azken urteetan CAFek egindako tranbiak ibili dira horretan, eta aurrerantzean ere hala egingo dute, Beasaingo konpainiak beste kontratu bat sinatu duelako VAP Freiburg udal enpresarekin. Beste zortzi tranbia egingo dizkio, eta batu egingo zaizkio orain zirkulazioan dauden hamazazpi Urbos modeloko unitateei. Ordezkatuko dituzten 1990eko hamarkadako tranbia zaharrak baino bederatzi metro luzeago dira, irisgarritasun hobea dute eta edukiera handiagoa eskainiko dute.

Kontratu berriei esker «CAFek Alemaniaren alde egindako apustua indartu da», ziurtatu du konpainiak. Gaur egun, Schönbuchbahn operadorearentzako unitate elektrikoak entregatzen ari da. Gainera, Alemania da Solaris adarraren merkatu garrantzitsuenetako bat. Hain zuzen ere, 2020an, Alemaniako garraio publikoko operadoreei 329 autobus hornitu zizkien guztira eta haietako %40 ibilgailu elektrikoak izan ziren.

Irizarrek, Zaragozan

Irizarrek, berriz, kontratua sinatu du Zaragozako (Espainia) garraio publikoko enpresarekin, 68 autobus elektriko egiteko. Tranbiaren ezaugarri estetikoak dituen Ie tram modelokoak izango dira, Baionan ibiltzen direnen modukoak. Autobus horiek arian-arian sartuko dira zerbitzuan, datorren urteko azken seihilekotik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.