Banku zentraletako buruek ez dute distira berezirik izaten herritar arruntentzat, eta, pentsatzen jarrita, hala behar luke beti. Hain zuzen, Mark Carney orain gutxi arte teknokrata grisen talde horretan ezkutatuta egon da publiko zabalarentzat; kanadarra izateak, seguruenik, grisa are gehiago iluntzen zion.
Bi irakasleren semea da, lau senidetan hirugarrena, eta Carney Ipar-Mendebaldeko Lurraldeetan jaio zen, 1965ean, Alberta probintziarekin mugan dagoen Forth Smithen. 6 urte zituela aldatu ziren Albertako Edmonton hirira, eta batxilergoa jesuitetan egin ostean —San Frantzisko Xabier institutuan— , ekonomia ikasketak Harvarden (AEB) eta Oxforden egin zituen (Ingalaterra).
Ikasketa horiekin, normala goi mailako teknokrata liberalen ohiko lanak egin izana urte askotan: Goldman Sachs inbertsio bankuan hamahiru urte, Kanadako Finantza Ministerioan... Lehen lerrora 2008an iritsi zen —betiere banku zentralen liga diskretu horretan—, Kanadako Bankuaren presidentetza hartu zuenean. 2008. urtea, finantzetan... Ez ziren sasoi errazenak banku zentral bat zuzentzeko, ez.
Carney ataka estutik onik atera zen, Kanadakoa utzi bezain pronto Ingalaterrako Bankuko buruzagitza hartu baitzuen 2012an. Sortzez britainiarra ez zen lehen presidentea zuen Erresuma Batuko banku zentralak, baina Kanada Commonwealtheko herrialdea ere bada. Gerora, 2018an gehituko zien Carneyk britainiar herritartasuna Kanadakoari eta Irlandakoari. Kanadako lehen ministro izendatua izateko atarian, beste biei uko egin zien.
George Clooney Veneziako Mostran bezala sartu da Carney aste honetan Europako Parlamentuan: eurodiputatu mordoa, harekin selfiea ateratzeko txandakatzen
Ingalaterrako Bankuan ere galtzak bete lan izan zuen Carneyk besteak beste, brexit-arekin. 2020an utzi zuen postua, eta goi mailako teknokrata lanetan jarraitu zuen, zehazki klima aldaketaren ingurukoetan —hala nola NBEn eta COP26ko finantza aholkularitzan—.
Trumpen etorreran
Carneyk bazuen ospea aurretik ere; Christine Lagarde EBZko presidenteak aurten idatzi duenez, zirkulu batzuetan «finantzetako George Clooney» esaten diote Carneyri. Baina haren distira Donald Trumpi kontrajarrita hazi dela esan daiteke.
Carney Justin Trudeau Kanadako lehen ministroaren aholkularia zela, 2024ko azaroan, Trumpek bigarrenez hauteskundeak irabazi zituen. AEBetako presidentea berehala hasi zen aldiro Trudeau iraintzen eta umiliatzen, Kanada AEBetako 51. estatua zela aldarrikatzen.
Panorama hartan, Kanadako Alderdi Liberala inkesta guztietan kontserbadore trumpzaleen oso atzetik zebilen, baina 2025eko urtarrilean, Carneyk Alderdi Liberaleko buruzagitza hartu nahi zuela iragarri zuen. Esan eta egin: Trumpi aurre egiten zion diskurtso sendo batekin, alderdiko buru bihurtu zen, eta hauteskunde federalen irabazle apirilean. Izarra piztu zen publiko zabalarentzat.
Davosko hitzaldia
Carney izarrak urtarril honetan iritsi zuen distira betea: Davosko foroan «arauetan oinarritutako munduaren heriotzaz» eta erakunde multilateralen ahultasunaz hitz egin zuen. Merkataritza eta «balio demokratikoak» defenditu zituen. Eta «hegemonia handiei» —AEBei, Txinari— eta haien larderiei aurre egiteko, «botere ertainen antolakuntza» aldarrikatu zuen. Argi bat askorentzat, Trumpek hedatutako iluntasunean. Horregatik die herra berezia Trumpek Carneyri eta Kanadari.
Ez dago argi Europako Batasuna botere ertainen sare horretan ikusten duen Carneyk, ezta EBk berak ere. Baina George Clooney Veneziako Mostran bezala sartu da Carney aste honetan Europako Parlamentuan: eurodiputatu mordoa, harekin selfiea ateratzeko txandakatzen. Kanadako izarraren argia, Trumpi erantzuteko lidergo faltarekin lausotutako EBko izarrentzat; baita publiko zabalarentzat ere.
Beharbada, horren esplikazioa da ez beste diktadore bat, ez lider komunista bat, ezta politikari ezkertiar bat ere ez direla Trump kaos barreiatzailearen egiazko nemesiak; beharbada, joko arauak funtsezkotzat dauzkan teknokrata —ohi— liberal batek izan behar zuen nemesi hori.