CCOO eta UGTren iritziz «ulergaitza» da ELAk greba ez babestea

«Hau ez da sindikatuen arteko borroka bat, politika bideratzeko gatazka bat baizik», ziurtatu du Sordok

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«ELAk Europako Sindikatuen Konfederazioko batzorde eragilean azaldu zuen jarrera aldatu du, eta, orain, sindikatuen arteko borroka horren ondorioz, irudi negargarria ematen ari gara». Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak gogor kritikatu du sindikatu abertzaleak datorren azaroaren 14ko greba orokorra ez babestu izana. Ulergaitza ere egiten zaio jarrera hori, une honetan batasuna behar dela argudiatuta. «Europa, hegoaldeko herrialdeei politika ekonomikoak ezartzen ari zaien bitartean, ulergaitza da pentsatzea nola sindikatu batzuk euren lurraldea uharte gisa ikusten duten, honek eragingo ez balie bezala».

Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusia ere «harrituta» dago ELAren erabakiarekin. «Ez dute Espainian sinesten, baina Europan bai, ordea; horregatik harritu gaitu erabakiak». Horren haritik, Sordok greba orokorraren asmoa zein den argitu du: «Hau ez da sindikatuen arteko borroka bat; Europa, Espainia eta Euskadiko ekonomia eta politika bideratzeko gatazka bat baizik».

Greba deitzeko, gainera, «inoiz baino arrazoi gehiago» daudela aldarrikatu dute Euskadiko CCOO, UGT-Euskadi eta LSB-USO Euskadi sindikatuetako ordezkariek. Murrizketa sozialak, BEZaren igoera, edota hainbat erreforma mobilizatzeko argudio gisa jarri dituzte deitzaileek. Gainera, greba «berezia» da Europako Sindikatuen Konfederazioak lehenbizikoz egin baitu «borroka eta mobilizaziorako». Sordoren esanetan, greba «mugarri» bat izango da, eta Europan hartzen ari diren erabakiei aurre egiteko alternatibak daudela plazaratu du: «Zerga politika aldatzetik has gaitezke, arlo soziala desitxura ez dadin, eta kreditua mugi dadin. Egungo egoeran gastua gutxituta, ez baikeundeke krisi batean, beheraldi ekonomiko batean baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.