Begirada inoiz baino gehiago nazioartean jarrita atera dira kalera CCOO eta UGT sindikatuak Maiatzaren Lehenean. Elkarrekin egin dituzte mobilizazioak aurten ere Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Eskubideak eta ez lubakiak. Soldatak, etxebizitza eta demokrazia lelopean, eta neurriak exijitu dituzte langileak gerraren ondorioetatik babesteko. Eskuin muturra indarra hartzen ari dela eta, ohartarazi dute langileen eskubideak arriskuan daudela, eta sindikalismoa eta elkarrizketa soziala direla horri aurre egiteko bideak.
Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu da manifestazioa, eguerdian, eta dozenaka lagunek parte hartu dute. Bertan izan dira PCEko, Ezker Anitzako, eta PSE-EEko hainbat ordezkari: besteak beste, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu eta sozialisten Arabako burua, eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea.
Bi sindikatuen ikurrak eskuetan hartuta egin dute Florida parkerainoko bidea, eta tarte horretan ozen oihukatu dituzte «faxismoaren aurka, sindikatuen borroka», «gora langile klasearen borroka», «Trump kanpora», «etxebizitza eskubidea da», «putreak etxebizitzetatik kanpora» leloak. Baina beste aldarri batzuk ere ikusi dira: komunistek kapitalismoaren aurkako pankarta propioa eraman dute, esaterako, eta Arabako metalgintzaren sektorearen eta Glovoko banatzaileen aldekoak ere eraman dituzte hainbatek.
Izan ere, Silvia Sanchez CCOOren Arabako ordezkariak adierazi du bi sindikatuen «begirada» beste batzuena baino «zabalagoa» dela, «internazionalagoa», eta beraiek ez dutela aberria langileen klasearen interesen aurretik jartzen. Horiek horrela, ohartarazi du gerrak ez direla urrutiko zerbait, haien oihartzunak honaino ere iristen direlako. Bada, «adi» egoteko deia egin du, egoera hori norberaren intereserako eta langileen kalterako baliatu nahi dutenen aurrean. «Denona dena ez dago pribilegioak erreskatatzeko, baizik eskubideak bermatzeko».
Gerraren aurkako mezua zabaldu du Xuria Arzak ere, UGTko kudeaketa batzordeko kideak —sindikatuaren EAEko adarrak ez baitu gidaririk—: «Legutioko eta Gernikako seme-alabak gara». Eta ziurgabetasun egoera batean herritarrei «erantzunak eta konponbideak» emateak duen garrantzia azpimarratu du. Hala, elkarrizketa soziala goretsi du, eta haren bitartez lortutakoa nabarmendu: lan erreforma, gutxieneko soldataren igoera eta behin-behinekotasuna murriztea, besteak beste.
«Denona dena ez dago pribilegioak erreskatatzeko, baizik eskubideak bermatzeko. Laguntza publikoak ezin dira txeke zuriak izan»
SILVIA SANCHEZ CCOOren Arabako ordezkaria
«Beste batzuek zarata nahiago dute emaitzak baino», esan du Sanchezek, zuzenean aipatu ez arren ELA eta LAB sindikatuei aipamen eginez. «Euskal gizarteak gero eta argiago dauka nork egiten duen lan konponbideak bilatzeko eta nor arduratzen den zarata egiteaz», adierazi du Arzak. «Entzun gaitzatela kritikatzen gaituzten horiek: ez gaude hemen siglak indartzeko, baizik eskubideak indartzeko».
Edonola ere, azpimarratu dute ez dela nahikoa orain arte irabazitakoari eustea. Langileen erosahalmena txikitzen ari dela eta, lanbide arteko gutxieneko 1.500 euroko soldata eskatu dute. «Ez dugu gure soldatetan atzerapausorik onartuko; oraindik tarte zabala dago galdutako guztia berreskuratzeko». Eta enpresariei mozkinetatik murrizten hasteko esan diete.
«Euskal gizarteak gero eta argiago dauka nork egiten duen lan konponbideak bilatzeko eta nor arduratzen den zarata egiteaz»
XURIA ARZA UGTko kudeaketa batzordeko kidea
Bi sindikatuetako ordezkariek txalotu egin dute Espainiako Gobernuak berriki paperik gabeko etorkinak erregularizatzeko hartutako erabakia. Eskuin muturra zabaltzen ari den mezu xenofoboen eta arrazisten aurrean «prekaritateari» eta «esplotazioari» aurre egiteko neurria dela azpimarratu dute. «Hemengoa edo kanpokoa izan, langile klase bera gara», azpimarratu dute. «Ez dugu onartuko azkena eta azken-aurrekoa aurrez aurre jartzea. Ez dugu albo batera begiratuko».
Etxebizitza: «Eskubidea, ez luxua»
Etxebizitzaren krisia ere hizpide hartu dute, herritarren arazo larrienetako bat bihurtu dela azpimarratuz. «Langile klaseak gaur egun duen injustiziarik handienetako bat da», azpimarratu dute, eta gogorarazi etxebizitza bat izatea «oinarrizko eskubidea» dela, ez «luxua». «Ezin dugu bizi osoa eman alokairua edo hipoteka ordaintzen».
Bada, erakundeei «politika ausartak» exijitu dizkiete arazoari aurre egiteko eta «espekulazioa» amaitzeko. «Etxebizitza duin bat izan gabe ez dago bizitza proiektu duinik, eta bizitza proiekturik gabe ez dago ez kohesio sozialik, ez demokraziarik». Premiazko neurrien artean, alokairu sozialerako etxebizitza publiko gehiago eraikitzea aipatu dute.