LABek salatu du Cebek baja osagarriak lan hitzarmenetatik ateratzeko eskatzen ari dela

Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, Bizkaiko patronalak eskubide hori murriztu nahi du egun negoziatzen ari diren bost lan hitzarmenetan. Absentismoaren inguruan «puzten ari den kanpaina politikoan» txertatu du «xantaia» hori.

LABek Cebeken jarrera salatzeko deituriko manifestazioa. GORKA RUBIO / FOKU
LABek Cebeken jarrera salatzeko deituriko manifestazioa. GORKA RUBIO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko abenduaren 10a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

LAB sindikatuak Cebek Bizkaiko enpresari elkartearen aurkako salaketa larria egin du. Sindikatu abertzalearen arabera, Bizkaiko patronalak baja osagarria kentzea edo murriztea eskatu du egun negoziatzen ari diren lurraldeko bost lan hitzarmen sektorialetan. Soldata igoerak negoziatzeko baldintza bezala ezarri du eskari hori, eta, Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile orokorraren ustetan, «xantaia» da hitzarmen merkeagoak lortzeko.

LABek patroi bat ikusten du Cebeken jarreran, baldintza bera ezarri baitu lokalen garbiketako, metal merkataritzako, salgaien garraioko, kolektibitateetako kudeaketa zuzeneko eta elikagaien merkataritzako lan itunen negoziazio mahaietan. Aranburuk zehaztu du eskaria zuzena dela: «Mahaietan oso argiak izaten ari dira: ‘Soldata igoera negoziatzeko prest egongo ginateke, baldin eta murrizketa hauei atea irekitzen badiezue’. Horregatik oso argi dugu, absentismoa helburu politikoekin puzten ari den gai bat da».

«Absentismoaren iruzurra mantra bat da lan hitzarmen merkeagoak lortzeko. Helburu politikoekin puzten ari diren gai bat da»

GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra

Baina zer dira zehazki baja osagarriak? Langile batek gaixo baimenean egonda soldataren zati bat jasoko duela bermatzen duen eskubide bat da. Langile batek gaixotasun arrunt bategatik baimena hartzen badu, lehen hiru egunetan ez du soldatarik jasotzen. Hirugarren eta hogeigarren egunaren artean, berriz, Gizarte Segurantzak soldata oinarriaren %60 ordaintzen dio, eta hortik aurrera %75. Baja osagarriak kopuru horiek hobetzeko onartzen dira, eta enpresaren kontura dira. Oro har, lan hitzarmen ona izatearen zantzu dira.

Bulego garbitzaileak, grebara

Absentismoaz hitz egitean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresari elkarteek baja osagarriak aipatu izan dituzte, eta orain eskubide horiek negoziazio mahaietan lurreratu dituzte. «Absentismoaren iruzurra mantra bat da lan hitzarmen merkeagoak lortzeko. Absentismoa murriztu nahi badu prebentzioan jarri behar du arreta», salatu du Aranburuk egoeraren berri emateko deituriko agerraldian.

«Patronalak gaixotasun larrien zerrenda bat egin du, eta esaten digu zerrenda horretan agertzen diren gaitzetan bakarrik osatuko direla bajak. Hori bai, sektorean ohikoen diren gaitzak ez ditu sartu»

AINHOA BARRAGAN LABen ordezkaria bulegoen garbiketako sektorean

Negoziazio mahai horietako batean eseri ohi da Amaia Barragan LABeko ordezkaria. Urtarrilaz geroztik ari da lokalen garbiketako Bizkaiko hitzarmen berria negoziatzen. «Patronalak gaixotasun larrien zerrenda bat egin du, eta esaten digu zerrenda horretan agertzen diren gaitzetan bakarrik osatuko direla bajak». Eta zeintzuk dira? «Bada gure sektorean ohikoenak diren gaitz guztiak falta dira. Esaterako, oso ohikoak dira eskumuturreko gaitzak, karpoko kanalekoak... eta horiek ez dira ageri».

Barraganek azaldu du Cebekek soldata igoera negoziatzeko baldintza gisa ezarri duela eskaera hori, eta martxoan mahai gainean jarri zuenetik ez duela aldatu. «Absentismoa aipatzen dute etengabe, ez dute besterik. Eta guk ere murriztu nahi dugu, langileen osasunaren mesedetan, baina prebentzioaren bidetik: baldintzak hobetu, lan kargak murriztu, baliabideak hobetu... Haiek, aldiz, soldata erabiltzen dute presio egiteko bide gisa».

Dirua da, baina ez asko. LABek egun 1.500 euroko hamabost ordainketa lortzea du helburu lan hitzarmen horretan, eta 2027. urtea jotzen du helmuga. Cebekek, berriz, 1.400 euroko hamabost ordainketa eskaintzen ditu, baina 2027rako. Barraganek argi du zein den estrategia: «Badakite ez guk ez beste sindikatuek ez dugula hori onartuko. Negoziazioa blokeatu nahi dute». Bide horretan, iragarri du sektorea grebara deitu dutela abenduaren 17rako. 11.000 langile dira guztira, gehienak emakumeak.

ETeNALDIAK HASIKO DITUZTE MERCEDESEN

Urte amaiera beroa izango da Mercedesek Gasteizen duen lantegian. ELAk, LABek eta ESK-k protestara eta etenaldietara deituko dute Gabonetako mantenu etenaren aurretik. Ostegunean zehaztuko dute noiz izango diren protestak, baina ziurra da langile batzordearen babesa izango dutela, hiru sindikatu horiek gehiengoa baitute: ELAk bederatzi ordezkari ditu, LABek bost eta ESK-k lau —29 dira guztira—. UGTk, CCOOk eta Ekintzak, aldiz, ez dute bat egingo deialdiekin. Mercedeseko gehiengo sindikalak salatu duenez, zuzendaritzarekin dituzten harremanak asko okertu dira azken hilabeteetan. Haien arabera, enpresak asteko lanaldia luzatu egin du, eta malgutasun neurriak ugaritu. Azaldu dutenez, martxoaz geroztik egutegi diseinuaren oinarria bederatzi orduko bi txanda ezartzea izan da eta goizeko txanda sei egunera luzatzea. Sindikatuek antolakuntza modu hori salatu zuten udan, «oso gogorra» delako eta «langile asko hautsi» dituelako.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.