Cebekek nahi du administrazioek Bizkaiari lehentasuna ematea

Erosketak eta kontratu publikoak egitean lurraldeak langabezia handiagoa duela kontuan hartzea nahi du. Patronalak aurreikusi du 2017an 8.000 enplegu sortuko direla Bizkaian

Xabier Martin-Iker Aranburu
2017ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Euskal ekonomiaren izaera esportatzailea ez da traba izan Cebek Bizkaiko patronalak ohiz kanpoko eskaera bat egin diezaion administrazioari: «Merkataritzaren euskal esparru bat sortzea». Esan daiteke Iñaki Garcinuño Bizkaiko enpresaburuen elkarteko presidenteak protekzionismoaren alde egin duela zeharka edo zuzenean. Esparru horren helburua izango litzateke «bertako produktuei» lehentasuna ematea, horrela jarduera ekonomikoa eta zerga bilketa handituko liratekeelakoan.

«Milioi euro asko geratuko lirateke hemen, bertako hornitzaileak bilatzen badira, eta kasu gehienak badaude», esan zuen Garcinuñok atzo, Bilbon, 2016ko balantzea egiteko agerraldian. Bizkaiko patronalaren buruak nabarmendu zuen ez zaiola merezi duen garrantzia ematen «erosketak eta kontratazioak hemen egiteari». Atal hori zaintzeak «efektu biderkatzailea» ekarriko zuela azaldu zuen.

Eta behin euskal produktuak hobesten hasita, Bizkaikoak bereziki hobesteko arrazoiak badaudela uste du Cebekeko buruak. Eustatek joan den astean zabaldutako datuetan ikusten denez, %14ko langabezia tasa du lurraldeak, eta hiru puntu txikiagoa Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten besteek: %10,8 Arabak, eta %10,9 Gipuzkoak.

Eusko Jaurlaritzak eta gainontzeko administrazio publikoek egiten dituzten «erosketek eta adjudikazioek ez lukete lehiaketa garbiak izan behar» esatera iritsi zen Cebekeko presidentea; «legearen barruan, betiere», erantsita. «Lehiaketa publikoetan irizpide subjektiboen aukera muturrera eraman beharko litzateke, bakarrik salneurriari begiratu beharrean». Gogoratu zuen administrazioak ez duela dena lehiaketaren bidez erosten, zuzeneko erosketa asko daudela: «Eta, kasu horietan, bertako enpresen aldeko borondate horrek bide errazagoa luke».

Iragarpenak eta eskaerak

Ekonomiaren aurreikuspenei helduta, berriz, Cebekek kalkulatu du Bizkaiko ekonomia %2,4 haziko dela aurten, eta horri esker zortzi mila enplegu sortuko dituzte lurraldean. Patronalak bere kideen artean egin duen inkestaren datuen arabera, enpresak ez daude bereziki ezkor: %33k espero dute jarduera handiko zaiela, eta %54k, berriz, eutsi egingo diotela.

Ekonomia laugarren urtez jarraian haziko den arren, soldaten igoerari muga jarri behar zaiola uste du Garcinuñok. Enpresa guztiak ez direla krisitik atera esan zuen, eta egoera horretan ezin dela soldaten «igoera orokor bat» gauzatu. Cebeken datuen arabera, 2016an Bizkaian erregistratutako lan hitzarmenetan %1,15eko soldata igoerak erabaki zituzten, inflazioak azkenean izan zuen mailatik behera (%1,6). «Aldagai horrek lehiakortasuna berreskuratzen lagundu du», aitortu zuen.

Eta patronalak lehiakortasunaz aritzen direnean berehala ateratzen den atala atera zuen Cebekek: zerga politika. Lehiakor izateko sozietate zergak traba egiten diela iradoki zuen Bizkaiko patronalak, eta datuekin lagundu zuen iruzkin hori. Cebeken datuen arabera, 2008an beren irabazien %13,2 ordaintzen zuten zerga horren bidez EAEko enpresek, eta %%16,2, berriz, 2013an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.