Essityren Alloko fabrikak bilakaera teknologiko handia izan du mende erdian, eta horri buruz eta biharko erronkez mintzatu da BERRIArekin Antonio Martinez Brau. Logistika arloan ibilbidea egin ostean, lantokiaren ardura hartu zuen 2023ko urtarrilaren 1ean.
Ikusi gehiago
Azken hamar urteetan 75 milioi euro inbertitu ditu Essityk. Zertan zehazki?
Fabrikaren pabiloietako batzuek 50 urte dituzte. Egin genuen bisita instituzionalean galdetu zidaten ea alde hau berria zen. Ez, baina asko inbertitu behar da gaur egungo estandarren arabera funtziona dezaten makinek, eta ez 1975ekoen arabera.
Makinak berritu behar al dira?
1975ean instalatutako makinetako batek funtzionatzeari utzi zion 2018an, eta ez genuen gerarazi zaharkituta zegoelako. Baditugu beste bi makina, bata 1992koa eta bestea 2007koa. Berritzeko, merkatuaren beharrei ere erreparatu behar diegu. Guk hemen hazten jarraitzeko egiten dugu borroka, eremuaren eta lantokiaren alde. Multinazional bat gara, eta ezin dugu hemen bakarrik erabaki hori, kar, kar. Horrelako makina bat jartzeak inbertsio ikaragarria eskatzen du. Taldeak barne lizitazioko sistema konplexua du, bost urrats bete behar baitira; besteak beste, proiektua aurkeztea, bideragarria den ikustea eta CO2 emisioak murrizteko helburuarekin bat datorren aztertzea.
Logistika automatizatua izan al da lantokian egin den azken inbertsio handia?
2016an aurkeztu genuen, eta 18 milioi euro inbertitu genituen. Biltegi hori erabat automatizatuta dago. Hain zuzen ere, Allon, logistika automatizatuaren arloan hasi nintzen lanean. Paletak automatikoki sartzen dira biltegian, eta batetik bestera mugitzen dira langileen kontakturik izan gabe.
2030erako emisioen %35 murrizteko helburua jarri duzue. Noiz beteko duzue?
Jada lortu dugu hori. Zuntzen tratamenduan, energiaren kontsumoan... Adibidez, paper produkzioan erabiltzen den beroaren hondarra baliatzen dugu produktuak eraldatzen diren arlokoeraikinak berotzeko, eta horrekin murriztu egiten dugu gas galdaren erabilera. Multinazional bat garenez, dena oso egituratua dugu; praktika onen ekintza sorta bat dugu, eta ikusten dugu zein aplika ditzakegun eta kostu apalagoa edo handiagoa izango duten. Zenbaitetan, onura ekonomikorik ez izan arren, CO2 isuriak murriztea lortu dugu.
Deskarbonizazio prozesu horretan, 2050erako neutralak izateko helburua duzue. Urrats asko geratzen zaizkizue?
CO2 emisioak murriztea lortu badugu ere, beste hori erronka itzela da. Enpresa batzuek esan dute ez dutela hori lortuko; guk, berriz, ez dugu hori esan. Asko falta da zehazteko. Teknologia oso azkar garatzen ari da. Orain bideragarria den prozesu bati bat-batean beste aukera erakargarriago bat ateratzen zaio, eta hori ere kontuan izan behar dugu.
Papergintzaren sektorea, gainera, energia kontsumitzaile intentsiboa da.
Argindar eta gas kontsumo handia du, bai. Energia hori sortzen lan egin daiteke, baina gasa, gaur-gaurkoz, beharrezkoa da. Oso zaila da hori ordezkatzea. Gure negozio atalean, kontsumo ondasunen atalean, Essityren barruan liderrak gara eraginkortasun energetikoan. Ekoitzitako kilo bakoitzeko kontsumitzen den energian liderrak gara. Hilero, Vallseko (Katalunia) eta Alloko fabrikak hiru fabrika eraginkorrenen artean daude. Gauzak ondo egiten ari gara, baina bide luzea daukagu egiteko.