Essityk 75 milioi euro inbertitu ditu Alloko lantokian azken hamar urteetan

Sukaldeko papera, zapiak eta komuneko papera ekoizten ditu: Colhogar eta Eroskiren eta Mercadonaren marka zuriak. 50 urte bete ditu, eta produkzioa eta logistika automatizaturik daude gaur egun.

Langile bat paper bobina bat ikuskatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Langile bat paper bobina bat ikuskatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
Allo
2025eko ekainaren 4a
18:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Alloko (Nafarroa) Essity paper fabrikak 50 urte bete ditu aurten, eta litekeena da euskal herritar ugarik etxean erabiltzen dituzten sukaldeko zapi, mukizapi edo komuneko paperak bertan ekoitziak izatea. Colhogar markako produktuez gain, Eroskirentzako marka zuriko eta Mercadonarentzako Bosque Verde markako produktuak egiten dituzte bertan. Etxean hain ohikoak diren salgai horien atzean, baina, garapen teknologiko handia dago, eta horren adibide argia da Alloko lantokia. Azken hamar urteetan 75 milioi euro inbertitu dituzte.

Sarrio Kataluniako paper fabrikak 1975ean inauguratu zuen lantokia, eta eraikina altxatu zeneko harria gaur ikusgai dago Allon. 2012an Suediako Essity taldeak erosi zuen. 36.000 langile ditu mundu zabalean eta 150 herrialdetan saltzen du. Bi negozio atal ditu, baina nagusia (%85) garbiketa eta osasun arloko produktuen atala da —hala nola, Tena, Colhogar, Tork...—. 13.300 milioi euro fakturatu zituen iaz, eta 1.850 milioi irabazi zituen. 

Essityko fabrikako arduradunek gidaturik, inbertsioaren emaitza eta fabrikaren barrenak bertatik bertara erakutsi dizkiete bertaratu diren erakundeetako ordezkariei, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakari buru zela. Mikel Irujo Industria kontseilaria eta Carmen Maeztu  Enpleguarena; Isabel Elizalde (UPN), Ramon Alzorriz (PSN), Laura Aznal (EH Bildu) eta Pablo Azkona (Geroa Bai); eta Susana Castaneda Alloko alkatea. Larunbatean, ateak irekiko dizkiete langileei eta senideei.

Fabrikak eremu handi bat hartzen du, eta ekoizpen prozesuak hiru aldi bereizi hartzen ditu. Lehenik eta behin, papera ekoizten dute. «Prozesua azken mende erdian apenas aldatu den. Are, egiptoarren garaitik papera egiteko moduaren funtsa ez da aldatu. Bezeroaren beharrei erantzungo dion papera lortzeko kontrol sistema, hori bai aldatu egin da zeharo», azaldu du fabrikako arduradunetako batek. 

Industria 4.0

Bigarren prozesuan, oinarrizko papera eraldatu egiten da produktu bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko. Azkenik, ekoitzitakoa paketatu eta kontrol sistema pasatu ostean, biltegiratu egiten da. Paper pasta askatzetik hasita, guztia automatizaturik dago Allon: ekoizpena, produktuen garraioa eta logistika.  Adibidez, hiru tonako bobinak etzanarazi, zutitu eta bertikalki batetik bestera laser bidezko orgen bidez garraiatzen dira. Automatikoki. «Industria 4.0 zer den erakusteko adibide ona da», erantzun du Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariak.

Logistika automatizatua lortzeko sisteman hemezortzi milioi inbertitu ditu Essityk, eta beste 6,5 milioi euro hondakinen gestioan eta ur kontsumoa murrizteko neurrietan. Gaur egun 400 langile baino gehiago aritzen dira, eta mende erdiz 1.200 langile aritu dira. Fabrika bera estu lotuta dago Allori eta Lizarraldeari. Lizarrako ikastetxe politeknikoak lanbide heziketa duala eskaintzen du Essityrekin, eta bertatik 60 ikasle igaro dira azken hamar urteetan.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria Antonio Martinez Alloko fabrikako zuzendariaren azalpenak entzuten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria Antonio Martinez Alloko fabrikako zuzendariaren azalpenak entzuten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.