Energia merkatzeko, kutsatzearen prezioa apaldu nahi du Europako Batzordeak. Italiak eta beste herrialde batzuk eskatuta, CO2 isurien merkatua (ETS, ingelesezko laburduran) «malgutzea» proposatu du gaur Bruselak, eta horrela industria kutsatzaileek aukera izango dute atmosferara isurtzen duten karbonoaren truke gutxiago ordaintzeko.
ETSaren bitartez, Europako Batasunak prezio bat jarri dio kutsatzeari, hori baita, aditu gehienen ustetan, deskarbonizaziorako akuilurik onenetakoa. Sistema funtzionatzen ari dela aldarrikatu du Bruselak. «Hari esker nagusiki, EBren [CO2] emisioak %39 gutxitu dira 1990 eta 2024 bitartean, ekonomia %71 hazi den garai batean». Baina, orain, funtzionatzen ari dena aldatzeko proposamena egin du Europako Batzordeak, «merkatuaren desorekei erantzuteko eta prezioen gehiegizko aldakortasunaren arriskua gutxitzeko».
Beste modu argiago batean esanda, emisioen prezioari muga bat jarri nahi dio, krisi garaietan neurriz kanpo handitu ez dadin eta, hortaz, enpresek kutsatzearen truke ordaindu behar duten faktura gehiegi handitu ez dadin.
MSR erreserba
Hori egiteko modua Merkatuaren Egonkortasun Erreserba da, MSR ingelesezko laburduran. Hor biltzen dira karbono kredituak deitutakoak, hau da, enpresek doan kutsatzeko dituzten eskubideak. Gaur egungo araudiaren arabera, kreditu horiek 400 milioira iristen direnean, automatikoki bertan behera geratzen dira. Baina Europako Batzordeak gaur proposatu duenak aurrera egingo balu, kreditu horiek indarrean jarraitu ahal izango lukete eta, hortaz, emisio gehiago kosturik gabe egin ahal izango dituzte enpresek.Â
2019an jarri zen indarrean MSR, Atzeraldi Handiak eta industriaren deskarbonizazioak libre utzitako emisio eskubideak merkatutik kentzeko —2024 amaiera arte 3.200 milioi eskubide indargabetzea eragin du—. Izan ere, urte horietan sobran zeuden eskubideak, haien prezioa amildu egin zen, eta horrek teknologia garbietan inbertitzeko pizgarriak kendu zizkien enpresei.Â
Proposamenaren arabera, «merkatua oso estu dabilenean edo gehiegizko prezio igoerak daudenean» baino ez dira askatuko erreserba horretako kredituak. Bruselak ez du zehaztu prezioen muga zein den.
Urtarrilean, enpresa kutsatzaileek 90 euro ordaindu behar zituzten CO2 tona bakoitzeko, baina azken asteetan asko jaitsi da haren prezioa —74 euroan dago tona gaur—, Bruselak esku hartzeko presioak indartu ahala. Besteak beste, Italiak, Poloniak, Txekiar Errepublikak eta Austriak eskatu diote batzordeari ETSan esku hartzeko, energiaren prezioa garestitzen ari delako. Deskarbonizazioan bizkorrago doazen herrialdeak, haien artean Espainia, araua urardotzearen aurka azaldu dira.
Â