Confebaskek ez du arazorik negoziazio mahaietan euskaraz aritzeko, betiere mahaiko kide guztiek uler dezaten baliabideak jartzen badira, eta uste du haren erabilera ez dela arazo bat akordioak lortzeko. Tamara Yague Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresari elkarteko presidenteak horrela erantzun dio ELAk eta LABek euskara hutsean negoziatzeko duten asmoari: «Guk ez dugu inoiz arazorik izan euskaraz negoziatzeko baliabideak jartzearekin. Mahai askotan, Lanbiden, Osalanen eta EGABen, euskarazko hartu-emana dugu».
Yaguek esan du bere ustez ezin dela hizkuntza bat inposatu, baina ez duela oztoporik ikusten euskara erabiltzeko. Baliabideak eskatu ditu, itzultzaileak alegia, eta erantsi du euskara «gaztelania bezain garrantzitsua» dela. Halaber, gaineratu du bere ustez euskara ez dela oztopo izango akordioak lortzeko: «Hor arazoak beste batzuk dira: mahaia bera osatzea, adibidez. Orain, batez beste, bi urte behar izaten ditugu akordioak ixteko».
«Euskara ez da akordioa lortzeko oztopoa. Sektore mahaietan, arazoak beste batzuk dira. Orain, batez beste, bi urte behar ditugu akordioak lortzeko»
TAMARA YAGUE Confebaskeko presidentea
Confebasken urteroko bilera orokorraren osteko agerraldian eman ditu zehaztasunak. Yaguek egingo duen azkena da, azken urtea baitu agintean eta hurrengo uztailean SEA Arabako patronaleko kide batek ordezkatuko baitu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia aurten %1,9 haziko dela iragarri du, baina esan du egoeran «argi-ilunak» ikusten dituela: «Espero genuen hazkunderik txikiena da, baina enplegu sorrera ez da eten. Hori bai, erritmo txikiagoan sortzen ari da». Alde horretatik, bere kezka onartu du, industria delako arazo gehien duen sektorea, eta azaldu du «ez atzera ez aurrera» dagoela.
Lehiakortasunaren aldeko herri ituna
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa «garai bikainean» daudela nabarmendu du, baina horrek horrela jarraitzea ez dagoela bermatuta. Horri eusteko, «lehiakortasunaren aldeko herri itun bat» eskatu die gizarte eragile guztiei. «Kontzientzia hartu beharra daukagu, eta bizkor jokatu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalak eman beharreko pausoen inguruan hausnartzen ari gara».
Baina zer da zehazki herri itun hori? Yaguek «1980ko eta 1990eko hamarkadetako espirituari» egin dio dei, industriaren porrotaren ondoren hartu ziren «akordio zabalei». Besteak beste, erronka demografikoari eta iraultza teknologikoari aurre egiteko lanabesak behar direla adierazi du.
Fiskalitateaz ere mintzatu da, eta beste behin esan du ekonomia ituna hazkunde ekonomikoaren esku jarri behar dela. Bizkaiko Ogasunak «talentua erakarri eta mantentzeko» hartutako neurriak txalotu ditu, «estatutik [Espainiak] langile trebatuak ekartzeko neurriak hobetu zitezkeen arren». Hala ere, gaineratu du espero duela neurri horiek Gipuzkoara eta Arabara zabalduko direla.
Eztenkada sindikatuei
Uztaileko agerraldian gai ugari jorratu ohi ditu Confebaskek, eta, kazetariek hala galdetuta, absentismoa hartu du hizpide Yaguek. Nabarmendu du tentuz jorratu beharreko gaia dela, «errudunik bilatu gabe», eta auziaren hari muturrak ondo aztertu behar direla.
«Arabako ostalaritza hitzarmenean, ELAk, CCOOk eta UGTk lehen hiru egunetako baja osagarriak kentzea onartu zuten, haien babes epea luzatzearen truke: 180 egunetik 210era»
TAMARA YAGUE Confebaskeko presidentea
Auziarekin batera azaleratu den gaia lan hitzarmenetan ageri diren baja osagarriak dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore lan hitzarmenen %85ek dituzte, eta Yaguek esan du «berrikusi» egin behar direla: «Duela hogei edo 30 urte onartu ziren, eta egungo garaiak ez dira ordukoak, ezta datuak ere. Ikusi egin behar da eraginkorrak diren ala ez».
Sindikatuek esana dute ez dutela onartuko baja osagarriak auzitan jartzen dituen proposamenik. Yaguek erantzun die ez dituela kendu nahi, «berrikusi» baizik, eta nabarmendu du badagoela iazko aurrekari bat, eta ELAk, CCOOk eta UGTk sinatu egin zutela: «Arabako ostalaritza hitzarmena adostu zuten SEArekin, eta lehen hiru egunetako baja osagarriak kentzea onartu zuten, haien babes epea luzatzearen truke: 180 egunetik 210era».
Eraikuntza enpresa guztiek behar dituzte langileak
Confebaskek azaleratu duen beste arazo bat langile trebatuak lortzeko zailtasuna da. Erronka demografikoarekin lotzen du buruhauste hori. Izan ere, elkarteak hainbat enpresari galdetu die ea langile trebatuak aurkitzeko arazoak dituzten, eta %91k baietz erantzun dute. Sektore batzuetan, gainera, arazoa are larriagoa da: «Eraikuntzan, guzti-guztiek esan digute langileak aurkitzeko arazoak dituztela». Yaguek aurreratu du hori izango dela urriko bileran jorratuko duten gaia.