Eusko Jaurlaritzak Espainiako Elikadura, Laborantza eta Arrantza ministerioari EAEko behi-azienda «guzien» txertaketa martxan emateko ahalak ematea galdeginen dio. RASVE Albaitaritza Alerta Sarearen bilkuran eginen dute galdea heldu den astelehenean, Amaia Barredo Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen eta Nekazaritza sailburuak iragarri duenez. Azken bilkuran Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak galdegin zuten behi guziak txertatuak izatea baina Barredok zehaztu duenez, orain artio Pirinio inguruetan bakarrik mugatu da txertaketa. Horiek horrela, dermatosi nodular kutsakorrari aurre egiteko «zentzuzko» erabakia litzateke txertaketa masiboa.
Iragarpena abere azoken debekua indarrean jarri den egunean egin du Barredok. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dermatosi nodular kutsakor kasurik ez dute atzeman oraingoz baina Eusko Jaurlaritzak berriz debekatu ditu abere azokak eritasunaren hedapena egotzi nahi baitu. Nekazaritza Sailak nabarmendu duenez, abere anitz leku ttipi batean ez kontzentratzeko neurria da eta beraz horrela eritasunaren zabalpena oztopatuko luke. Hala ere, Jaurlaritzak zehaztu du foru aldundiek parada izanen dutela ekitaldi batzuetan abereen presentzia baimentzeko segurtasun neurri zorrotzak hartzen badira. Aziendaren mugimenduari ere eragiten dio aginduak. Garbiketa eta desinfekzio ziurtagiria izan beharko du edozein aberek baldin eta mugitzen bada.
Bertzalde, CR Laborarien Konfederazioa sindikatuko laborariek bertan beheiti utzi dute Ahurti eta Beskoitze arteko (Lapurdi) A64 autobideko sarreraren blokeatzea. Eguberri eguna bertan pasatu zuten, baina, Benjamin Loste sindikatuko eledunaren arabera, Pirinio Atlantikoetako prefet Jean Marc Girierekin bilkura egin ondotik lekuak hustu dituzte. Gaur prefetarekin bertze bilkura bat egin behar dute, dermatosi nodular kutsakorraren kontrako krisiari aterabidea atzemateko eta akordio bat negoziatzeko. Nahiz eta elkarrizketa «bide onetik» doan, nabarmendu du prefetak ez duela kabalen hilketa masiboaren neurriari buruz deus aipatu.

Autobideko sarrera abenduaren 12tik blokeatzen zuten ELBko eta CRko kideek, dermatosi nodular kutsakorraren kontrako protokolo «zentzugabea» salatzeko. ELB sindikatuak blokeoa bertan beheiti utzi zuen abenduaren 23an. Jakinarazi zuenez, Eguberriz Frantziako administrazioa geldirik egonen zela-eta indarrak atxikitzea erabaki zuen, behi tropen hilketa masiboari aurre egiteko eta laborariak eta abereak errespetatuko dituen protokolo «alternatiboa» proposatzeko.
CRk prefetarekin duen harremana landu nahi badu ere, ELBk blokeatzea uzteko egunean salatu zuen Frantziako Estatuak «elkor eta temati» segitzen duela, nahiz eta behin eta berriz protokoloa aldatzea galdegin dioten. «ELB eta Laborarien Konfederazioa sindikatuak prefetarekin eta Frantziako Estatuarekin elkartu ziren, baina tematzen dira, hilketa masiboarekin segitu nahi baitute oraino».
Bertzalde, hamar eguneko mobilizazioak protokoloaren kontrako «determinazioa» erakutsi duela narbarmendu dute ELBk eta CRk, hilketa masiboaren neurria kentzen ez kausitu arren. Blokeatzetik partitu badira ere, dermatosi nodular kutsakorraren kontrako politika sanitario «onartezina» salatzeko borroka segituko dute ELBkoek. «Dermatosi nodular kutsakorra balu laborari batek, hura defendatuko dugu, eta prefetura bortizkeria baliatzen entseatzen bada, ondorio larriak izanen dira».
Ariegeko kasua
Abenduaren 11ko Ariegeko departamendukoko (Okzitania) hilketek hautsak harrotu zituzten. Laborariak mobilizatzen hasi ziren osasun zerbitzuek 208 behiko tropa bat osorik hil ondotik. Bertze departamendu batean ere hil zuten tropa oso bat, Pirinio Garaietan. Bi hilketa kasu horiengatik ELB sindikatua jadanik mobilizatu zen abenduaren 11n, Donapaleun (Nafarroa Beherea): 200 bat laborari eta herritar bildu ziren jendarmeriaren aitzinean, Masakreari Stop lelopean. Su bat piztu zuten, «sinbolizatzeko politika eta errepresio horiek» laborarien ofizioa «sutan eta odoletan ezartzen dutela». ELBk politika «larderiatsu, bidegabe eta ez eraginkorra» salatu zuen, eta Julen Perez bozeramaileak «beste politika sanitario bat» eskatu zuen, halako hilketa masiborik gabekoa.