«ELBren jarrera fermua eta behin betikoa da: ez du onartuko Frantziako Estatuak hilketa masiboak gauzatzea». Hala erran du ELB sindikatuak goizean igorri agirian. Hamar egunez Ahurti eta Beskoitze arteko (Lapurdi) A64 autobideko sarrera blokeatu ondoan, sindikatuak erabaki du ez gehiago blokeatzen segitzea. Jakinarazi duenez, heldu diren egunetan Frantziako administrazioa geldirik egonen dela-eta, indarrak atxikitzea erabaki du, behi tropen hilketa masiboari aurre egiteko eta laborariak eta abereak errespetatuko dituen protokolo «alternatiboa» proposatzeko.
Badu hamar egun ELBko laborariak autobideko sarrera blokeatzen ari zirela dermatosi nodular kutsakorraren kontrako protokolo «zentzugabea» salatzeko. Abenduaren 12an, eritasun kutsakor horren kontra egiteko txertaketa orokorra hasi zen Pirinio Atlantikoetako Departamenduan eta, beraz, Ipar Euskal Herrian. Baina, sindikatuaren erranetan, txertaketak ez du arazoa konpontzen, hilketa masiboen arriskua indarrean baitago. «Mehatxu horrek gure inguruan segitzen du; txertaketa abian eman izana aitzinamendua da, baina ez du kentzen hilketa masiboaren neurria».
Sindikatuak salatu du Frantziako Estatuak «elkor eta temati» segitzen duela, nahiz eta behin eta berriz protokolo aldaketa galdegin zaion. «ELB eta Laborarien Konfederazioa sindikatuak prefetarekin eta Frantziako Estatuarekin elkartu ziren, baina tematzen dira, hilketa masiboarekin segitu nahi baitute oraino».
«Hilketa masiboaren mehatxuak gure inguruan segitzen du, eta txertaketa abian eman izana aitzinamendua da, baina ez du kentzen hilketa masiboaren neurria»
ELB sindikatua
Hamar eguneko mobilizazioak protokoloaren kontrako «determinazioa» erakutsi duela narbarmendu du. Blokeatzetik partitu badira ere, dermatosi nodular kutsakorraren kontrako politika sanitario «onartezina» salatzeko borroka segituko dute. «Dermatosi nodular kutsakorra balu laborari batek, hura defendatuko dugu, eta prefetura bortizkeria baliatzen entseatzen bada, ondorio larriak izanen dira».

Bertzalde, Coordination Rurale sindikatuko laborariek eta bertze hainbatek momentuz autobideko sarrera blokeatzen segitzen dute ELBren erranetan. Atzo goizean, Donibane Lohizunetik (Lapurdi) abiatu ziren laurogei traktore inguru batu ziren blokeatzera, eta, errate baterako, Ramuntxo Bereau Senpereko laborariak erran zuen Eguberri eguna bertan pasatzeko asmoa dutela. «Mobilizazioa behin utzita, badakigu ez gaituztela utziko autobidera sartzen. Laborariak eta gizartea mobilizatzen ari diren heinean, mobilizazioa orain utziz gero, badakigu gerora ez dugula indar bera ukanen».