Desmuntatzeko ordua iritsi zaie parke eoliko zaharrenei, eta horrekin batera arazo bat agertu zaie haien jabeei: zer egin haize errota zaharrekin? Metalezko zatiak birziklatzea erraza da, baina oraintsu arte lurrazpian sartu izan dituzte haize errota horien palak. Baina teknologiak aurrera egin ahala, palak ere birziklatu daitezke orain, eta hori egiteko Euskal Herriko lehen lantegia inauguratu dute gaur, Cortesen (Nafarroa).
Energyloop du izena enpresa berriak, eta FCCren eta Iberdrolaren arteko lankidetzaren emaitza da. Fabrikak hamar milioi euro inguruko inbertsioa jaso du, eta hurrengo hamar urteetan zuzeneko eta zeharkako ehun lanpostura iristea espero da. Instalazioaren helburua aerosorgailuen palen osagaiak berreskuratzea da —beira zuntzak eta erretxinak, batez ere—, besteak beste sektore energetikoan, aeroespazialean, autogintzan, ehungintzan, kimikan eta eraikuntzan berrerabiltzeko.
Kalkuluen arabera, 2030ean Europan 5.700 aerosorgailu inguru desegingo dira urteko, bizitza baliagarriaren amaierara iristen diren parke eta instalazioenak.
«Teknologia berriek aukera ematen dute trantsizio energetiko jasangarria egiteko eta landa eremuan enplegua sortzeko»
MARIO RUIZ-TAGLEEspainiako Iberdrolako zuzendari exekutiboa
Energyloopek sektore eolikoa ekonomia eredu zirkular bihurtzen lagunduko du, palen birziklapen integralerako soluzioetan inbertituz. Ekimen horri esker, sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna ere hobetuko dira, eta birziklatzeko teknologia berrien ikerketari eta ezarpenari esker, aukera izango da gero eta hondakin gehiago xurgatzeko eta gero eta irtenbide eraginkorragoak lortzeko.
Landa eremua
Mario Ruiz-Tagle Espainiako Iberdrolako zuzendari exekutiboak adierazi duenez, «lantegi hau aerosorgailuen palak birziklatzen dituen lehena da penintsulan, eta erantzun zehatza ematen dio dagoeneko gainean daukagun erronka bati. Teknologia berriek aukera ematen dute trantsizio energetiko jasangarria egiteko eta landa eremuan enplegua sortzeko».
Horrekin lotuta, Nafarroako gobernua jarduera industriala desentralizatzeko «ahalegin handia» egiten ari dela azpimarratu du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak. Alde horretatik, lantegia Erriberako Cortes herrian zabaldu izana nabarmendu du.
Iñigo Sanz FCC Enviro enpresako zuzendari nagusiak, berriz, Europako Batasunaren eta erakunde publikoen babesa eskatu du, «instalazio fotovoltaikoak indartzen laguntzeko, baita palak birziklatuta lortutako materialak erabiltzen direla bermatzeko ere». Eta, horrela, Energyloopen gisako proiektuen garapena ziurtatzeko.