Koronabirusa

COVID-19ak aldi baterako erregulazioa eragingo du Landabenen

Hornitzaile nagusi bat koronabirusak gogor jo duen Italiako eremukoa da, eta «badaezpada hartutako neurria» litzateke.

Landabeno ekoizpen katean lanean. VW
xabier martin
2020ko otsailaren 27a
18:25
Entzun

Euskal ekonomian eragiten ari dela ezaguna da, baina Volkswagenek Iruñean duen fabrika handian hartu duten neurriak islatu du modurik argienean koronabirusaren arazoa zenbaterainokoa izan daitekeen ekonomiarentzat. Nafarroako industria motorrik handienaren ekoizpen katean eragiteko gai dela argi geratu baita Landabenek iragarritakoaren ondoren. Zuzendaritza aldi baterako erregulazioa negoziatzen hasi da sindikatuekin, osagaien horniduran arazoak izan ditzakeelakoan.

«Badaezpadakoa» litzateke erregulazio hori, Volkswagenek helarazi duenez. Italiako hornitzaileak «egoera kezkagarrian» daudela esan du enpresak, hain zuzen COVID-19ak gogorren jotako eremuan baitaude osagaiak ekoizten dituzten planta horiek. «Orain arte, normal jardun dute, Nafarroako Volkswagenek bezala». Baina normaltasun hori luze gabe hautsiko dela aurreikusi du Wolfsburgoko multinazionalak, eta, hori ikusirik, aldi baterako enplegu erregulazioa eskatu nahi dio administrazioari, sindikatuekin negoziatu ondoren.

Enplegua erregulatzeko baimena eskatzeak ez du esan nahi ezinbestean lanorduak murriztuko dituela, enpresak berak argitu duenez; «badaezpadako mekanismoa litzateke, aplikatu beharra balego azkar aplika dadin». Negoziazio mahaia astelehenean osatuko dute, eta sindikatuek beren iritziak ezagutaraziko dituzte ordurako; aldi baterako erregulazio hori beti izango litzateke tresna bat enpresaren eskuetan beste edozein esparrutan indar posizio batetik negoziatzeko.

Langile batzordearen gehiengoa, ordea, erregulazioa onartzeko prest dagoela ematen du. Alfredo Morales presidenteak (UGT) akordio bat lortzeko borondatea adierazi baitzuen atzo, «horrelako egoera bat» irits zitekeela bazekitelako langileek. «Logikoa den bezala, kezka apur bat badugu, baina badaezpadako neurria litzateke; bagenekien horrelako egoera bat irits zitekeela».

Autogintza Italiari begira

Dena den, Volkswagenetik harago doan arazo larri bat eragin dezakete Italiako hornitzaileek nazioarteko autogintzan. Izan ere, munduko lau ekoizlerik handienak Italiako fabrikak ixteko arriskuan daudela ohartarazi du hornitzaile horietako bateko buruak, MTAkoak. Codognon (Lombardia) duen lantegiak 600 behargin dauzka, eta lanera itzultzen ez badira egun gutxi barru —joan den ostiraletik ez dabiltza beharrean, segurtasunagatik—, ekoizpena eten beharko dute; Fiat Chryslerrek nozituko luke osagairik eza lehenik eta behin, eta domino efektu bat eragingo litzateke, akaso. «Europako FCAren lantegi guztiak itxiko lirateke, baita BMW eta Peugeotenak ere», esan du Maria Vittoria Falchettik, MTA konpainiako administrazio kontseilukideak.

Beraz, gero eta handiagoa da Europako autogintzaren ekoizpen kateak eteteko arriskua. Ekoizpen kate horiek eten dira jadanik Txinan, Europako fabrikatzaile gehienen lantegietan, baina Europan ez oraindik. Biltegietan metatutako osagai stockak eutsi egin die Europako lantegien kateei, baina Txinako jatorrizko arazoaren ondoren oso litekeena da Italian eragin den bigarrenak lantegi batzuen itxiera ekartzea.
Esan beharrik ez dago: autogintzak bere jarduera apaltzen badu, gizakiaren osasunarentzako birus larria dena ekonomiarentzako birus larria ere izango da laster. Jarduera zenbat apalduko den da gakoa, erantzunaren arabera uste baino larriagoak izango direlako ondorioak. Autogintza industria traktorea da beste askorentzat, eta datozen asteek finkatuko dute krisiaren neurria.

Burtsak, behera

Coronavirusaren beldurrak gogor jo du munduko burtsetan, eta astelehenean hasi zen amiltzeak ez du etenik. %3tik gorako galerak izan zituzten atzo Europako indize nagusiek, eta 2011az geroztiko asterik okerrena ixtear daude burtsak. Wall Street ere galerekin ireki zuen (%3), eta horrek galeren joera indartu zuen Europan. Petrolioaren salneurria ere behera doa. %3 baino gehiago merkatu zen brent upela; 51,6 dolarretan da jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.