Dagoeneko hasi dira zenbait lekutan sagarra biltzen, ohi baino lehenago

Aurtengo sagar uzta iazkoaren %30 inguru izatea espero dute. Txakolina egiteko mahats bilketa ere abuztu amaierara aurreratuko dute Bizkaian.

Sagarrak, artxiboko irudi batean. SAGARDOETXEA
Sagarrak, artxiboko irudi batean. SAGARDOETXEA
gotzon hermosilla
2026ko abuztuaren 21a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo lehorteak eragin du nekazaritza arloko zenbait lan ohi baino lehenago egin behar izatea, eta sagarra ez da salbuespena izango. Euskal Sagardoa jatorri deituraren arduradunek adierazi dutenez, sagar uzta ere aurreratuta dator, eta zenbait lekutan hasiak dira sagardoa egiteko sagarra biltzen. Beste sagasti batzuetan, datozen asteetan ekingo diote lan horri.

Horrek esan nahi du sagardotegietan ere aurreratu egin beharko dituztela lanak, eta gehienetan iraileko lehenengo hamabostaldian jarriko dituztela dolareak martxan.

Normalean, sagar uztak txandakatu egiten dira, eta sagar ugariko urte bati uzta txikiagoko beste batek jarraitu ohi dio. Iazkoa urte sagartsua izan zen, uzta oparoa izan zen, eta, beraz, aurten askoz sagar gutxiago biltzea espero dute: iazko uztaren %30-35, gutxi gorabehera. Edonola ere, Euskal Sagardoak azaldu duenez, aldeak egoten dira leku batetik bestera: Gipuzkoako kostaldean eta Bizkaian gutxiago biltzea espero dute, eta Gipuzkoako Goierrin eta Arabako eskualde batzuetan, berriz, ez horrenbeste.

Uzta urriko urteetan sagarra «izaera handikoa» izaten da, eta aurtengoa ere hala izango dela espero du Euskal Sagardoak, baina datozen asteetara arte itxaron beharko da hori baieztatzeko.

Txakolinerako mahatsa

Txakolina egiteko mahatsa ere aurreratuta dator aurten, eta, Bizkaiko Txakolinak adierazi duenez, abuztu amaieran ekingo diote mahatsa biltzeari, ohi baino lehenago. Lore makala, mune mahatsa, izkiriota, izkiriota ttipia, sauvignon blanc, chardonnay, berdexarie eta pinu beltza izaten dira goiztiarrenak, eta horiek izango dira biltzen lehenak.

Edonola ere, mahats mota horiek Bizkaiko mahats guztien %11 baino ez dira; hondarribi zuri eta hondarribi zuri zerratia izaten dira ohikoenak, eta horiek iraileko lehenengo astean biltzen hastea espero dute.

Ardoa egiteko mahatsa ere aurreratuta etorri da aurten, eta zenbait lekutan hasiak dira biltze lanetan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA