Datorren legealdian abiatuko da Nafarroako Inbertsio Institutua

EH Bildurekin hitzartutako konpromisoaren parte da finantza erakunde hori sortzea. Navarra Sumak salatu du Geroa Bai ahultzeko egin duela

Javier Esparza Maria Txibite lehendakariari begira, azaroan. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Ez da banku publikoa, baina, Sodena sozietate publikoarekin batera, sektore estrategikoen finantzaketa bultzatzeko erreminta bat gehiago izango du aurki Nafarroak. Iragan asteko gobernu kontseiluan, Nafarroako Inbertsio Institutua sortzeko lehen pausoa eman zen, eta, datozen hilabeteetan, organo horren izaera eta helburuak zehaztea egokituko zaio Elma Saizen Ekonomia eta Ogasun Departamentuari. Europako Batzordeak bultzatutako garapenerako banku eredua izango du, eta datorren legealdian egongo da abian.

Aurtengo aurrekontuen inguruan, EH Bilduren eta gobernuaren arteko akordioaren puntuetako bat da, eta, ondorioz konpromiso hori betetzeko asmoa berretsi du. Gobernuak aurreratu duenez, datozen hilabeteetan bere jarduera arautzeko estatutua landuko du. Halaber, institutuaren gobernu kontseilua eratu beharko da. Sei urterako izendatuko dira zuzendaritzako kideak, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ardurapean egongo dira. Ordezkarien artean beste departamentuetako goi kargudunak egotea espero da.

Xehetasun gehiago jakiteko zain, erakundea Sodena sozietate publikoarekin talka egiteko arriskua dago. Sodena Garapen Ekonomikoko Departamentuaren menpe dago, eta, ondorioz, Geroa Baik du haren ardura. Sodenaren zeregin nagusietakoa sektore estrategikoak finantzatzea denez, funtzio bereko bi erakunde egoteko arriskua dago. Legeak debekatu egiten ditu bikoizketak, eta aurrera begira konpondu egin beharko da arazo hori. Dena den, gobernuaren barruan Geroa Baik baiezkoa eman dio institutuari, eta, iritzi publikoari begira bederen, ez du kritikarik egin.

Haatik, beste hainbat gaitan PSNren eta Geroa Bairen arteko harremanak gaiztotuta daudela jakinik, Navarra Sumak esku sartu nahi izan du gai honetan ere. Atzo, Nafarroako Parlamentuko kontrol saioan, Javier Esparza bozeramaileak aurpegiratu zion Maria Txibite gobernuko lehendakariari institutu horren helburua ez dela enpresak laguntzea, «Europako funtsen kontrola izatea baizik».

Ika-mika Txibiterekin

Esparzaren arabera, sozialistek «botere gerra bat» piztu dute, eta, institutu horren bidez, gobernua gehiago kontrolatzeko asmoa hartu dute, Geroa Bairen kaltetan. Halaber, Navarra Sumako eledunaren arabera, Txibitek ez du azaldu «zenbat diru» kostatuko den, eta gobernuaren egitura are gehiago handitzeko saio hori «zergadunen lepotik» egingo dela deritzo. Azkenik, uste du institutua banku publikoa sortzeko urrats bat dela eta EH Bilduri egindako kontzesio bat dela.

Txibitek ihardetsi zion «zurrumurruen politika» baino ez zaiola geratzen Esparzari. Haren esanetan, gobernuaren akordio programatikoan finantzaketarako instrumentu publiko bat sortzeko konpromisoa hartu zuten gobernuko bazkideek, eta institutu horrek bat egiten du konpromiso horrekin. Gaineratu zuenez, Europako Batzordeak berak bultzatzen du garapen ekonomikoko bankuen sorrera.

Azkenik, gogorarazi zion institutuaren xedea enpresei laguntzea dela, eta bateragarri dela Sodenarekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak antzeko bi erakunde ditu: Finantzen Euskal Institutua, Ekonomia eta Ogasun Sailaren menpe, eta SPRI Industria Sustatzeko eta Eraldatzeko Baltzua, Garapen Ekonomikoko Sailaren menpe.

Hala, Txibiteren irudiko, Navarra Sumaren kritikek ez dute zentzurik: «Ez dakit ez ote zareten ari zabaldu nahian gobernu hau legealdi amaierara iritsiko ez delako mezua, edo itxaropena duzuen gobernu hau errepikatuko ez den. Sentitzen dut zure itxaropena zapuztea. Hemen ez dago botere borrokarik, ez zure irudimenak sortutako beste mamurik ere», esan zion Esparzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.