Nafarroako Volkswagenen 2026ko egutegia antolatzen hasi dira, eta zuzendaritzak bilera izan zuen atzo langile batzordearekin, aldi baterako espedientearen baldintzez hitz egiteko. Landabengo fabrika auto elektrikoaren ekoizpenera egokitzeko lanetan murgilduta dago, eta ezohiko egoera horrek 2026 erdialderaino iraungo du. Uda pasatuta, abuztuaren 24tik aurrera, hiru txandak izango dira berriz, eta normal jardungo du. Erritmo betean hasiko dira.
Fabrika egokitzeko lanek produkzioari eragin diote azken hilabeteetan, eta hala jarraituko dute ekainera bitarte. Lehen bilera horretan, zuzendaritzak egutegia aurkeztu die. Urtarriletik martxora, astelehenetik ostegunera ohi bezala lan egingo da, baina ostiralean bi txandak baino ez dute lan egingo, eta ostiral horietako batean, gainera, txanda bakarrak egingo du lan.
Apiriletik aurrera, egokitzapen lanak areagotuko direnez, produkzioari gehiago eragingo diote. Xafla lantegietako bat desmuntatu behar da auto elektrikora egokitzeko, eta hiru hilabetez muntaketa lerro bakar batekin lan egingo dute Landabenen. Horrek lan erritmoari eragingo dio. Apiriletik ekainera, astelehen, asteazken eta ostiraletan bi txandak egingo dute lan; astearte eta ostegunetan, berriz, txanda bakar batek. Alta, txapa lantegiko langileen lan zama handitu egingo da, eta ez da baztertzen asteburuetan lan egitea.
Udan, lau asteko oporraldia izango dute, eta abuztuaren 24tik aurrera hiru txandak berreskuratuko ditu fabrikak. Azken bi urteetako egokitzapen prozesua atzean utzi, eta ohiko erritmo handiari ekin beharko diote orduan langileek. Bitarte horretan, bere bi modelo elektrikoak aurkeztuko ditu Volkswagenek. Ekainean, Skoda Epiq ateratzea espero da, eta irailean Volkswagen ID.Cross.Â
Egutegiaren inguruko lehen blleratan, zuzendaritzak hurrengo urteko produkzio aurreikuspen bat aurkeztu ohi du. Oraingoan, baina, ez du zenbakirik aurreratu. Egutegia produkzio estimazioari lotuta dagoenez, lehen bilera horretan aurreikuspena emateko premia azaldu zien LABek zuzendaritzako kideei, eta «hurrengo asteetan» emango dutela adierazi zieten. Dena den, aurkeztutako egutegi proposamenarekin 260.000 ibilgailutik gora ekoitziko direla uste dute sindikatuek.
Aurten, egokitzapen lanen eragina handiagoa izan da. Hiru hilabetez fabrika itxita egon da —urtarrilean eta udan— eta abenduan ere ateak itxiko ditu. Gainera, 66 eguneko aldi baterako espedientea hitzartu zen.Â
Txipen gatazka
Kezka dago mikrotxip eskasia egoteko arriskuaren inguruan. Zuzendaritzak ez du gai horri buruz hitz egin langile batzordearekin, baina Alemaniatik iristen diren albisteen arabera, ezinegona dago Wolsburgeko egoitza nagusian. Herbehereetako Gobernuak Nexperia txip ekoizlearen kontrola bereganatu berri du. Txinako Wingtech enpresaren negozio adarra denez, Txinako Gobernuak Europako Batasuneko hainbat osagairen esportazioak blokeatu ditu, eta horrek kalteak eragin ditzake hornidura katean. Efe albiste agentziari baieztatu dio egoera horrek eragina izango duela epe motzera.Â