Oinarri zientifiko-teknologikoko enpresak barne hartzen ditu teknologia sakonaren sektoreak, hala nola adimen artifiziala eta algoritmo aurreratuak, teknologia kuantikoak, bioteknologia eta blockchain edo bloke kateak garatzen aritzen direnak. Deeptek-Gipuzkoa fundazioak gaur jakinarazi du lagundu egin nahi duela halako enpresak sortu eta handitu daitezen, eta prozesuaren fase guztietan arituko dela laguntzen: aukera zientifiko edo teknologiko bat identifikatzetik hasi, eta enpresa sortu, finkatu eta nazioartekotzeraino.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa fundazioaren elkarlanaren fruitua da Deeptek-Gipuzkoa fundazioa. 2025eko maiatzean, Kutxa fundazioak Inzu Group erosi zuen, oinarri teknologikoa duten zenbait enpresak osatutako taldea. Programa berrirako, BeAble eta Columbus Venture Partners izango dituzte aliatu estrategiko, eta espero dute nazioarteko aukerak zabaltzea horri esker. BIC-Gipuzkoa, bestalde, kudeatzaile operatibo gisa arituko da programa honetan ere. Gipuzkoan ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzen dituen zentroa da azken hori.
Ekintzailetza jarriko dute programaren erdigunean, eta, hortik abiatuta, teknologia sakonaren sektoreko enpresei laguntzeko lan arloak definitu dituzte: talde ekintzaile osagarriak sortzea, merkatuarekin harremana izatea, finantzaketa espezializatua lortzea, laguntza pertsonalizatua bermatzea eta nazioartearekin lotuta izatea.
Ander Aizpurua Kutxa fundazioko zuzendari nagusiaren arabera, etorkizuneko industria sendotzeko eta lehiakortasuna bermatzeko apustu estrategikoa da Deeptek programa. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, berriz, nabarmendu du «Gipuzkoak aparteko ekosistema zientifiko, teknologiko eta industriala» duela.